Zuk jasotzen nauzu ekaitzaren gainean ibiltzeko

Isilean Arabako Errioxa handi egin dutenak / Eskualdeko haizea zabalduz lekukoa eramaten dutenak

ESKUALDE osoko mahats gainean dantzan aritu ziren oinak azken Mahats Bilketaren Jaian.

Txoriek mokoan hazia eramaten duten bezala, erleek loreak polinizatzen dituzten bezala, horrela gizakiok. Eguzkiaren argia bezala lursailak argituz, ilbetea bezala izarrez inguratua, horrela gizakiok. Kanpai bat bezala landaren erdian, eperraren hegaldia bezala, hodei aldra bat bezala Mendilerroaren gainean aiduru, herriei poliki so, horrela gizakiok.

Argi izpi ikusezin bat bezala bata besteari tiraka, babes, akuilu, adore, eredu… zenbat gizakik erakutsi dioten bidea Eskualde osoari.

Lan isilarekin, izateko eta egoteko moduekin. Amatxoak, aitona-amonak, anai-arrebak, aitak. Herriko bizilagunak. Auzokideak egunero mahastietara joaten, eguzkitik eguzkira. Ausozkoari lagunduz ezbeharraren aurrean, haren bodega bisitatuz, ondoko herriko ardoa eta olioa probatuz.  Elkarri burutik mamuak ateratzen izotz anker eta harri suntsitzaileen aurrean.

FINKAKO urruntasunetik, inausle txikitxo bi ikus daitezke.

Eguneroko zereginak… ogia labean egosten, eguneroko jakiak prestatzen. Hamabostentzat sukaldatzen. Mahats bilketak orpoz orpo. Mahatsen eta oliben nektarra landuz. Lurraren mugaldeetara bidaiatuz. Jota bat abestuz. Aurresku bat dantzatuz. Poema bat errezitatuz. Sinfonia bat konposatuz. Txikitxoen algarei men eginez.

Lehengo egunean baten batek mahastizain batzuen gurasoak zein “handi” izan ziren aipatu zidan. Bere gurasoek bezala, Arabako Errioxa handi egin duten jendeak.

ERLEZ beteriko Eskualde bat, giza erlez beterikoa, nekazariz, ardogilez…

Ia oharkabean egin zuten, baina lan egiteari utzi gabe. Munduko ilusio guztiarekin, herrialde honetan aldatu ziren hainbeste gauza aldatzeko.

KOLEKTIBO bakoitzean, ekintza bakoitzean, estimulu bat, inspirazio bat.

“Zenbat ikasi nuen Samaniegoko harengandik”. “Zenbat Villabuenako beste harengandik”. “Zer esanik ez Bilarreko andre hartaz”. “Ai, Eltziegoko jaun hura, edo Guardiakoa, eta Kripango neska gaztea, Ekorako izeba zaharra edo Labrazako zizeronea”. “Bastidako bikote zoragarri hark egin zuena kontatuko banizu”. “Buradongo famili hori edo Lantziegoko gazte haiek egiten ari direna kontatuko banizu”. “Oionen oliotarako dolarea mantentzen duen horretaz idatzi behar zenuke” edo “Moredan Historia laztantzen duen horretaz”… Eta horrela herri guzti-guztiak aipatuz.

ORKESTRA bat entzuten da, bizitza afinatuz, eguneroko lana musikatuz.

Eskualdea handi bihurtu zutenak, ia oharkabean. Lekukoari irmo eusten diotenak, eskutik eskura pasatuz, gaurtik biharrera,orain dela zapi mila urteko  historiaurreko sua bezala Mendilerroaren eta Ibaiaren artean.

“Zenbat ikasi nuen UAGAn Mañuetako bi anai-arreba gazte horien gurasoengandik”. “bera izan zen nekazarien sindikatuan engantxatzeko arrazoietako bat”. “Neska izan zen euskara maitatzeko inspirazioa”. Edo nobelak, musika, dantza, argazkiak, ai aire zabaleko margolanak… Bizitza, adiskideak. Izatea, adiskideak.

TXIRRISKILEN habia mahatsondoaren eta bere mahats zuriaren gainean, mahastizainaren esku errespetuzkoarekin.

Txoriek mokoan hazia eramaten duten bezala habiara, erleek loreak polinizatzen dituzten bezala. Eguzkiaren argia bezala lursailak argituz… Horrela gizakiok.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*