Udako amets bateko paisaia Bilarren

ILUNSENTIA / Cesar Leonek samurki eta gertuko urruntasunetik marraztu zuen BILAR.

Solar de Samaniego upategiaren sormen zuzendari den Cesar Leonek, joan zen uztaila Bilarren eman ondoren, bertan egindako marrazki batzuk bidali dizkigu blogera.

Arabako Errioxako PAISAIA bere egiten dute gaur egun Cesarren begiradak eta eskuak.

Gure inguruan gainez egin du harridurak.Litekeena da norbaitek 44 urterekin deskubritzea talentu ezkutu bat daukala.Eta litekeena da, kemen eta karrez gainezka, inguruan duen guztia marrazten hastea estreinakoz: paisaiak, mahastiak, mendiak, eraikinak, upategiak, pertsonak…Litekeena da hala gertatzea. Eta gertatzen da.

Iragan ekainean, Cesar Leonek kontatu zidan marrazten hasi zela, bat-batean hasi ere. Orduan, zenbait marrazki erakutsi zizkidan mugikorrean.Ni harri eta zur nengoen.Otu zitzaidan lehen gauza eskatu nion: Bilarreko paisaia batzuk marrazteko blogean argitaratzeko, haren aitona, Feliciano, bilartarra zela jakinik.

EGUN BATEAN agindutako marrazkiak iristen hasi ziren, Bilar islatuz.

Puzzlearen piezak ezin hobeto ahokatzen ziren.Aurtengo udan, Cesarrek hilabete egingo zuen haren amona den Julia Fernandezen etxean, Bilarren, emaztearekin eta hiru seme-alabekin, Logroñoko etxebizitza berritu bitartean.Plana perfektua zen.Cesar Bilarrera bueltatu behar zen uztail osoa bertan emateko, haurra zelarik, 9 urterekin, paraje haien edertasun hunkigarria deskubritu zuenean bezala.

Hala, Sorginaren Txabola trikuharriaren herria 1983ko udan ezagutu zuen hark Bilarreko paisaia jasoko zuen –gizon helduaren begiradarekin– joan berri zaigun 2018ko udan.Sormen zuzendari eta editore erantzukizunei, marrazkilari afizionatuaren alderdia gehitu die orain Cesarrek.

TRIKUHARRIA bere lagun leiala den zuhaitzarekin, udako egun batez.

Agindua zor.Cesar Leonek bere marrazkiak bidali zizkidan poliki-poliki.Lurrean jesarrita irudikatzen nuen, edo horma baten gainean.Marrazkilari ñimiño bat irudikatzen nuen Toloñoko mendilerroaren oinean zoko-bazterrak miatzen. Begiak ixten nituen eta, marrazki bakoitzean, orori begira ikusten nuen, soseguz, patxadaz.Arabako Errioxako paisaia kulturalaren arima ukituz.Begiratuz, eta inoren begiradapean.Trikuharriaren begiradapean.Mendilerroaren begiradapean.Mahastiaren begiradapean.

“Lurrean jesarrita irudikatzen nuen. Ia-ia ikusi egiten nuen marrazkilari ñimiñoa Toloñoko mendilerroaren oinean.”

.- Bilar da zure haurtzaroko paisaia.

Hala da.  Horrenbeste markatu nau horrek ezen ni paisaien zalea bainaiz, ez lekuen zalea.Beti hor dauden paisaiak dira.Aurtengo udan leku berberetan ibili nintzen paseatzen.

IKUS mendilerroa Cesar Leonen trazuetan marrazki egina.

.- Aldatu al dira duela 35 urteko paisaia haiek?

Mendilerroa hortxe dago oraindik.Trikuharria hor dago.Arteak beren lekuan daude.Mahastiak ere bertan.Etxeren bat gehiago dago…

.- Batez ere… begira dagoena aldatu da.Zeu aldatu zara.

Jakina, orain beste modu batera ikusten dut dena.Orain ez dut haurraren xalotasunarekin begiratzen.

.- Nola neurtu orain paisaiari ematen diozun garrantzia?

Erraza da.Kalera irteten nintzen aldiro, tartetxo batean geldi egoten nintzen autoan sartu aurretik, aurrean neukanari behatzeko.

IZUGARRI MAITE DU zeruaren urdinpean mahastia zaintzen duen zuhaitz hori. Eta igartzen da!

.- Marrazten hasi zinen.Hitz egiguzu une horietaz.

Ibilian nindoala, bizitzan lehenengoz, geldi-geldi geratzen hasi nintzen, mahasti bati begira, arteari beha… Mahasti bera marraztu dut leku desberdinetan arreta jarrita.Gauza bera Sorginaren Txabola trikuharri inguruan paseoan ibili nintzenean.Trikuharria hantxe dago, baina inguru hartatik dagoen bista, handik ikusten den guztia, ezinago ederra da, benetan.

Ez dagoela MAHASTIRIK bere marrazkietan? Horra hor!

.- Paisaia bat marrazteko geldi egon beharra dago, eta behin eta berriro begiratu.

Lantziegoko errepide zaharrean ibiltzen nintzen paseatzen. Leku batean eseri eta iPad-ean marrazten hasten nintzen; beraz, arkatz digitalarekin egindako ilustrazio digitalak dira nireak.

.- Marrazkiak dira, bai… baina batez ere ilustrazio sentimentalak.

Bai.Gustatu zait esan duzun hori.Nire haurtzaroko paisaiari zuzendutako begirada mantsoa da.Begirada zolia da, Bilarri, mendilerroari, arteei… inoiz zuzendu diedan begiradarik zoliena.

.- Mahastiei

NATURAK kultura, historia, argia, izana… daramatza bere baitan.

Mahasti batzuk mendilerroari begira daude, beste batzuk Logroñori begira, izan ere, Logroño nire hiria da, eta gogoko dut Logroñori begiratzea.

.- Mahasti batzuk zuri begira zeuden, ez dakit sentitu zenuen.

Bada bai, hala da.Egia da.Erne zaudenean hori guztia eta askoz ere gehiago senti dezakezu.

.- “Hara nola hazi den mutiko hura, Julia amonak Cesitar deitzen zion mutiko hura, a ze gizon puska bihurtu zaigun!”: horixe esango zuten mahastiek.

Oi, BH batean hara eta hona ibiltzen zen mutiko hark gelditzen eta begiratzen jakin du orain.Lehen, paisaia mugimenduan ikusten nuen bizikletan nindoala.Orain paisaiaren aurrean jarri eta elkarri begiratzen diogu.Eta irribarre egiten dugu.

JULIA, 93 urterekin, inoiz ‘Cesitar’ mutikoa izan zen haren besotik helduta.

.- Aizu, nola azaldu 44 urterekin marrazten hastearena?

Betidanik gustatu izan zaizkit bidaia koadernoak. Atsegin dut nonbait eseri eta bertatik ikusten dena marrazten hasten den jendea.Pazientzia hori, mantsotasun hori, xehetasunak zaindu behar hori, behaketa hori, aurrean benetan dagoena ikusteko jakinmin hori… Hori guztia galdu egin da, abiada bizian bizi gara eta.

Julia AMONA, Cesar Leon Perez bilobaren marrazkian birsortua.

.- Paisaia zalea zara.Ondo dakizunez, UNESCOren eskutik Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastiaren Paisaia Kulturalaren deklarazioa lortzea amesten dugu.

UNESCOren Paisaiaren proiektua dela eta, asko irakurri dut paisaia kulturalari buruz, eta horrek are gehiago indartu du Arabako Errioxako paisaiarekin daukadan harremana, lehendik ere oso sendoa zena.

.- Eskerrik asko, Cesar.Ikaragarri gustatu zait zure amona ere marraztu izana, eta Cesitarri buruz hitz egin izana.

Bada jakizu marrazkia nire amari bidali diodala, eta hunkituta deitu didala, inork nire amona marraztu duen lehen aldia izan da eta.Beraz, eskerrik asko, Julio.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*