Solasean mahastian

Mahasti urruneko bakardadean, mahastizain batek mahatsondoekin hitz egiten du isiltasun erabatekoan.

Julio Flor.

Baten batek esajeratzen ari naizela esango du, nekazaria bere lanean ari dela mekanikoki. Aihenak mozten besterik ez dela ari, mahatsondoa prest jartzen, 2020ko udaberria iristen denerako.

ATZEAN, argiunean, arbolaren ondoan, mahastizain bat mahastiarekin hitz egiten, eta kimatzen.

Muino batetik, Elvillarretik gertu, arretaz begiratzen diot. Kimatzen ari da, egiazki. Baina, tarteka, lipar batez gelditu, sakon begiratu, egoera aztertu, eta zereginari ekiten dio berriro… Toloñoko Mendilerroaren pean, tenperatura sei gradukoa baino ez da. Atmosfera berotzen duena buzo urdina duen nekazariaren emozioa da. Eta haren solasa.

KIMATU berri, 2020ko martxora arte iraungo duen irudi batean.

Arabako Errioxan duela egun batzuk hasi ziren kimatzen. Hosto kolore aniztunek loriazko unea izan zuten, baina orain mahatsondoak moldeatzen diren sormen momentua iritsi da, hurrengo uztan pentsatuz.

Dena hasten eta berrasten da. Etengabean. Inausaldia itzuli da, martxoaren amaierara arte sailetan gelditzeko. Arabazozoek bizkor ibili beharko dute oraindik arabar mahastiaren azalera zabalean dantzan dabiltzan mulkoetatik jateko.

ARABAZOZOEN “hodeia”, eskualdeko aktiboena, milaka txilinbuelta egiten.

Mahastizain batzuek esan didate inausketa dela lanik ederrena, baina, erne, denborak irakurtzen jakin behar da. Kontuan ez da besterik moztea, jakin egin behar mahatsondoak duen indarraren arabera egiten. Joan den urtea lehor samarretik joan da, eta mahastiek euren ohiko indarren zati bat galdu dute. Beraz, urte arrunt batean baino gutxiago kimatu beharko da, intentsitate eta oreka berreskuratu dezaten.

Seinaleak irakurri behar dira. Nolabait ere, begietara begiratu behar zaie mahatsondoei. Eurekin hitz egin, banan-banan. Adi entzuten badiezu, behar dutena esango dizute. Horrenbestez, mahastizain bakoitzak esanahi sakona emango dio Nekazaritzari. Bere eskuak dira, edo ez?

INAUSKETAREN lan eskergak martxora arte iraungo du (argazkia, Josemi Rodriguez).

Arabako Errioxan esan ohi dute batzuek ez dutela kimatzen ikasi, bizitza osoa hori “egiten” emanda ere. Jende batek bizitzaz gutxi ikasten duen bezala, baita bizitza bete-betea bizi izan eta gero ere. Haiek kontatzen didate sentsibilitatea behar dela, apaltasuna eta elkarrizketa asko Naturalezarekin, azkenean ulertzeko zer esan nahi duen, zer behar duen…

Mahastizaintza ulertzen jakitea, planeta osoaz ari bazina bezala. Egunotan, datorren abenduaren 13ra arte, Klimaren Munduko Goi Bilera egiten ari dira Madrilen. Lurra, inguratzen gaituen ororen bihotza bera, lau haizetara hitz egiten ari da. Nolabait, elkarrizketa eskatzen ari da, eta, entzuten ez diogunez, uler dezagun exijitzen du. Natura mintzo da. Arabako Errioxan mahastia bezala.

Teknologia goreneko mundu batean, Natura arima izango da, taupada, izatea. Bagara edo ez gara Ama Lurraren garuna eta besoak?

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*
Harpidetu zaitez gure newsletter-era