Olioa esatea eta egitea maitasun keinu bat da

 “Gauzak ondo eginez gero, Arabako Errioxako olioa errentagarria izango da, inolako zalantzarik gabe”, dio Bodegas Casa Primicia upategiko gerente Iker Madridek, Arabako Errioxako Olibondo Elkarteko (AORA) bazkidea ere badena.

ESKUALDEKO olibondo zaharrenetako bat (José Betancourt-en argazkia).

Duela hamar urte, egun batean, maitasun keinu bat balitz bezala, Bodegas Casa Primicia upategian olio botila txiki berezi bat diseinatu zuten, eta oso izari txikian merkaturatu zuten. Flor de Primiciadeitu zioten, eta bisitan joandakoei baino ez zieten saltzen, Guardiako harresien alboan daukaten upategiko dendan.

“FLOR DE PRIMICIA” oliba olio birjina estraren botila txikiak, ardo barrika baten gainean.

Blog honetan, pertsonek hitz egiten dute. Mahastizainek, katedradunek, olibazainek, ardogileek, ingeniari agronomoek, biologoek, poetek, musikariek, ostalariek… Batzuetan, baina, keinuek hitz egiten dute.Lurrari eta olibondoari egindako maitasun keinu erromantiko eta kutunek.

Kopuruek ere euren kasa hitz egiten dute.Adi: Guardian 3.349 hektarea mahasti produktibo daude, eta soilik 25 hektarea lehorreko olibadi zahar. Hitz egiten dute ala ez?

Iker Madrid Arabako Errioxako Olioaren Mahaiko kidea izan da, eta gaur egun Arabako Errioxako Olibondo Elkarteko(AORA) bazkidea da. Bodegas Casa Primicia upategiko gerentea da, eta upategi horretako ardoak sariak eta laudorioak jaso ditu nazioartean.

IKER MADRID Arabako Errioxako Olibondo Elkarteko (AORA) bazkide gisa etorri da gaur.

Ondotxo ezagutzen ditu mundua, ardo azoka handiaketa mundu osoan sektorearen baitan dagoen lehia gogorra. Bere esku dago Arabako Errioxako bere ardoak munduko hogei herrialdetara esportatzeko ardura.

Gaur, ordea, Arroniz olioari buruz maitasunez hitz egitera etorri da. Hogei eguneko tartean bigarren elkarrizketa eginda, Blogak albiste on bat berretsi nahi du: Arabako Errioxan lanean ari dira, olioa eta olibondoa bihotzez maite dituzten eskualdeko pertsonak bilduko dituen liburua argitaratzeko.

“EL OLIVO EN RIOJA ALAVESA, COMPAÑERO CENTENARIO” (ARABAKO ERRIOXAKO OLIBONDOA, EHUN URTETIK GORAKO LAGUNA) izena izango du lanak, eta Fernando Martinez Bujanda izango da bultzatzaileetako bat.

Iker Madridi emango diogu orain hitza, Blogean bere esperientziaren berri eman diezagun, baina ez dezagun ahaztu Guardian gaudela, non3.349 hektarea mahasti produktibo eta soilik 25 hektarea lehorreko olibadi zahar dauden.

IKER MADRID, Carravalsecako lursailetan, bere mahastiak zein olibondoak ezin hobeto zaintzen dituzten tokian.

.- Bodegas Casa Primicia upategian olio apur bat bai, baina ardoa da nagusi, ezta?

Arabako Errioxako familia upategi bat daukagu, eta ardoak ekoitzi eta saltzen ditugu. Beraz… bai horixe! Ondoren, aitonak aitzindari izateko zeukan espirituari jarraiki, sortzen zihoazkigun bestelako proiektu eta ideia ugaritan ibili gara. Batzuk beste batzuk baino arrakastatsuagoak izan dira, baina guztietan jarri dugu geure bihotzaren zati bat.

Olioa gure proiektuetako bat da,nahiz eta ez izan ardoak duen eragin berbera.

.- Zer da olioa zuena bezalako upategi batentzat?

Ardotik bizi gara gu, baina olibondoa eta mahastia osagarriak dira.Halaxe izan da erromatarren garaitik, nahiz eta, tamalez… ez dut esango desagertzeko zorian egon denik, baina bai bigarren mailakoa izan dela, batez ere XX. mendean mahastiek izandako boomarekin, eta hondar gisa geratu da Arabako Errioxako herri batzuetan, Moredan, Oionen, Lantziegon edo Ekoran izan ezik.

GUARDIAKO ehun urtetik gorako olibondo baten atzean.

.- Zenbat hektarea mahasti daude Guardian? Eta zenbat hektarea olibondo?

Kopuru zehatzetan… bufff… olibondo hektareak ez dira 25era ere iritsiko. Hala uste dut, baina ez dakit. Eta mahasti hektareak zehazki zenbat diren ere ez dakit esaten.

.- 25 hektarea olibondo horietatik zenbat dira zuenak?

Olibondo kopuruaz hitz egin diezazuket soilik, ez baitugu olibondo lursailik. Gure olibondo gehienak Carravalsecanditugu landatuta.350 olibondo inguru ditugu han.Lursailaren ertzetan daude kokatuta, perimetro osoan zehar. Batzu-batzuk ehun urtetik gorakoak dira.Bestalde, beste olibondo batzuk ere landatu ditugu beste lursail batzuetan.

.- Nola sartu zinen olibondoaren munduan Arabako Errioxan?

Arabako Errioxako Olioaren Mahaiko kidea izan naiz. Hainbat mahai izan dira. ADORArekin hasi ziren, gero MAORA, eta gaur egun AORA esaten zaio; hots, Arabako Errioxako Olibondo Elkartea. Batek zein besteek erakundeen babesa jaso dute, eta pertsona ugariren esku hartzea izan dute; esaterako, ekoizleena eta merkaturatzaileena.

CARRAVALSECAKO 350 olibondoetako bat.

.- Gaur egun AORAn zaude?

Ez naiz hautetsia, baina bazkidea banaiz AORAn, bai. Alde batetik, olibondoak ditugu, eta, beraz, Oiongo olio errotara eramaten ditugu olibak ehotzera. Eta, bestetik, olioa izari txikian merkaturatzen dugu. Teknikariek esaten diguten tokira eramaten ditugu olibak, eta han adierazten digute zein diren olibak biltzeko egunak. Bestalde, olio errotan egun jakin batzuk dituzte guk egiten dugun oliba olio birjina estra egiteko.

.- Aurten, “Flor de Primicia” motako zenbat olio litro ekoitzi dituzue?

Gutxienez hamar urte daramatzagu “Flor de Primicia”ekoizten, gure olio marka baita. Dena den, garbi gera dadila guretzat olioa ez dela negozio bat.

.- Zer da, orduan? Erromantizismoa?

Gure filosofiak kultura ondarea, ingurumenari begirako errespetua eta ingurumen dibertsitatea baloratzen ditu, hori ere garrantzitsua baita. Carravalsecako lursailean ez genuen moztu zuhaitz edo sastraka bakar bat ere. Eta duela hamar urte edo gehiago olibondoren bat landatu genuen… dagoeneko ekoizten ari dena.

Beste lursail batzuetan, berriz, bi olibondo edo lau ditugu. Horietako olibak jaso, eta ehotzera eramaten ditugu.

GUARDIAKO panoramikan, eskuinean, olibondoekin muga egiten duen mahasti bat ikus dezakegu.

.- Zer-nolako olioa duzue?

Niri dezente gustatzen zaidan olioa dugu. Hasiera batean, autokontsumorako geneukan, baina botila txiki berezi bat diseinatzea erabaki genuen, Casa Primicia upategian baino saltzen ez duguna, Guardiako goiko dendan. Casa Primicia upategiko bisita gidatuetan egiten ditugun dastatzeetan olioa eta ogia banatzen ditugu. Batzuei izugarri gustatzen zaie, eta olioa erosten digute.

.- Zer dira zuretzat olioa eta olibondoa?

Niri ez zait batere gustatzen monolaborantza. Gainera, arriskutsua dela iruditzen zait, eta uste dut dibertsitatea gauza ona dela. Bestalde, olioa eta ardoa osagarriak dira, bataren zein bestearen bilketa sasoi desberdinetan egiten baita. Mahats bilketa irailean egiten da, eta olibak azaroan jasotzen ditugu.

Erromatarrek eurek uste zuten ardoa zein olioa zoragarriak zirela. Eta oraindik ere benetako harribitxiak dira ardoa eta olioa. Ez ahal ditugu inoiz faltan botako! Orduantxe konturatuko baikinateke zer ari garen galtzen. Batetik, aisiaren eta ahosabaiaren ikuspegitik, olio on bat dastatzea eta ardo on bat edatea ikusgarria delako. Eta, bestetik, neurrian hartuta, erabat osasungarriak direlako.

LURSAIL horixe, eskuineko beheko aldean mahastiak eta olibondoak dituela, kameraren zoomarekin hurbil aterata.

.- Zer eman dizu olibondoen mundu honek?

Egia esan behar badizut, olioaren munduari buruzko ezagutza eskasa daukat. Ez naiz olibak biltzera ere joaten. Eta olibondoaren tratamenduari eta kimaketari buruz ez dut ideia zipitzik ere. Halere, oliba olioaren zale amorratua naiz.Eta gure Arroniz barietatea izugarri gustatzen zait. Arabako Errioxan olibondoa garatzen ari zirela esan zidaten, gure olioa ezagutarazteko asmoz, eta zenbat eta pertsona gehiago batu hobeto izango zela nabarmendu zuten. Ez nuen birritan pentsatu.

“ARE HOBETO EGINGO DUGU, PREMIUM OLIO BATEKIN”

.- Zein izan da zure egitekoa?

Tratamenduari eta ekoizpenari dagokionez, nire maisuak izan dira, inolako zalantzarik gabe. Merkaturatzearen arloan egin dut nik ekarpena.Gure olioa esportatzeko eskatzen ari zaizkigu, baina ez dugu Espainiatik kanpo eramateko behar adina ekoizpen.

BADIRUDI olibondoak olio birjina estraren botila txiki bat hartzen duela magalean.

.- Zer mezu eman zenituen?

Lehendik ere badakitena: ardoarekin batera, beste altxor bat dugula Arabako Errioxan.Aldi berean hiru gauza biltzen dituen altxorra: oliba olio birjina estra, kalitate aitortua duen Eusko Labela eta Arabako Errioxa marka.

Gauzak ondo eginez gero, eta guztia ondo kudeatu, olioa gauza bikaina da, bai nekazariarentzat, bai merkaturatzailearentzat. Eta ingurumenari eta gizarteari begira ona izateaz gainera, mahastien monolaborantza gainditzen laguntzen du. Gauzak ondo eginez gero, Arabako Errioxako olioa errentagarria izango da, inolako zalantzarik gabe.

.- Dagoeneko izan al duzu ohikoa den eztabaida hori, non Andaluziako olioa eta hemengoa alderatzen dituzten?

Niriizugarri gustatzen zait Arabako Errioxako gure olioa, baina horrek ez du esan nahi Andaluzian maila goreneko oliorik ez dagoenik. Oraingoa izugarri gustatu arren ziurtatzen dut oraindik hobea egingo dugula. Ez dut esango gure olioa onena izango dela egunen batean, ez baitut chauvinista izan nahi, baina badugu hobetzeko marjina.

BESTE olibondo bat, eskualdeko ikuspegi ederrez gozatzen duena.

.- Hori al da AORA elkarteak bultzatu nahi duena: Premium olioa?

Halaxe da, bai. Elkartetik Premium olio horretarantz goaz, jakin bai baitakigu ezin dugula olio estandarrean geratu. Hala eginez gero, argi izango baitugu ezingo garela lehiatu Andaluziako olio eiherekin, ez bolumenari dagokionez, ez prezioan, ezta tradizioan ere. Orain arte, autokontsumorako eta kooperatibarako joera izan dugu, eta ideia defendagarria da benetan. Baina, egia esan, oliba olio birjina estraren aldeko apustu bat egin nahi izanez gero, ezinbestekoa izango da Premiumaren alde egitea.

.- Zuen aitona Julianek bazituen olibondoak…

Bai, baina hark ez zien inolako garrantzirik eman. Gure aita eta bere anai-arrebak hasi ziren. Juan Ramón Madrid osaba gerente zegoela hasi ziren gure olibondoetatik olioa ekoizten.Lehenengo geuk bakarrik kontsumitzen genuen. Gero, ADORArekin hasi ginen, litro erdiko botiletan sartuta.

Dagoeneko badugu Eusko Labela, eta elkartetik hainbat gauza sustatzen dira: olio errotak hobetzea, olibondoak ondo zaintzeko prestakuntza tekniko handiagoa, olibak une egokian jasotzea… alegia, urte batetik bestera lortzen ez diren ekintza batzuk.

MADRID abizenekoak: ardogileen bigarren eta hirugarren belaunaldiak eta olibazainen lehen eta bigarren belaunaldiak.

.- Aurrekoan, José Ramón Ceballosekin hitz egin genuen, eta esan zigun belaunaldi berriak oso praktikoak direla, eta horiek zerbaitez ziur egoteko ezinbestekoa dela ekonomikoki errentagarria izatea.

Guardian ardoak betetzen du dena. Olioa ia ez da aintzat hartzen.Gutxi batzuok baino ez ditugu olibondoak, eta errentagarria izateko, ezinbestekoa da hektarea ugari edukitzea. Horregatik, iruditzen zait Arabako Errioxan Premium oliora bideratu behar dugula jarduna, inolako zalantzarik gabe, eta gaur egun duena baino prezioa handiagoan, gainera. Eskaera txikiagoa izanagatik, salmenta horretatik gutxieneko errendimendua lortuz.

.-Non trebatzen dira gaur egun eskualdeko olibazainak?

Horretarako daukagu AORA elkartea; hain zuzen, Arabako Errioxan olibondoa sustatzeko, hitzaldiak eskaintzeko, ekimenak antolatzeko, ahozko transmisioa egiteko… Baina bada gauza garrantzitsu bat: dagoeneko ez dira errotik erauzten olibondoak, ez Arabako Errioxan, ez Guardian. Horrek dauka lehentasuna, olibondoek garrantzi handia baitute ingurumenari dagokionez. Olibondoek euren sustraiak dituzte, lurrari eusten diote, eta beren kasa dibertsitatea sortzen dute.

.-“Bi olibondo besterik ez ditut”, esan diezazuke norbaitek.

Bada, ederki! Eutsi horiei, nahiz eta ez bildu olibak, gero jan ahal izateko.

ARRONIZ olio botilak, lurrean, non olibondoek mendeak daramatzaten hazi eta hazi.

.- Eta gainera norbait konbentzitzen baduzue lursail jakin batzuetan olibondoak landa ditzan…

Zoragarria litzateke hori. Izan ere, AORA elkartetik eta erakundeetatik laguntza eta pizgarriak eskainiko zaizkio. Norbaitek olibondoak landatu nahi baditu, jakin behar du badela lagunduko dion elkarte bat, eta eskarmentu handiko jendea ere badagoela, aholkularitza eskain diezaiokeena. Pilotalekua baduten eta pilota zaletasun tradizio handiko herrietatik ateratzen dira pilotariak, baina Arabako Errioxako beste herriren batetik olibazainak ateratzen badira, ongi etorriak izan daitezela.

.- Noiz ohartu zinen olioa helduleku bat izan zitekeela Arabako Errioxan?

Arabako Errioxako Olio eta Olibondo elkarteetako kide egin nintzenean. Ordura arte soil-soilik nekien Moredan eta Oionen olibondoak zeudela. Bai, gauza sinbolikotzat neukan. Garai batean ez nuen ezagutzen hemen ditugun olio errotetako bakar bat ere. Gure upategiaren egunerokoan erabat murgilduta nenbilen.

.- Orain, olioaren eta olibondoaren enbaxadorea zaitugu, Iker Madrid.

Hala da, bai! Kar, kar, kar. Casa Primicia upategian gauza berriak asmatu behar ditugu, nahiz eta errentagarriak ez izan… Errentagarria baino ez badugu egiten bideragarri… ez dugu kalea gurutzatu ere egingo. Ardoa eta olioa ditugu guk buruan, baina bada beste bat, biekin harremana duena: ozpina.

Blogean kontatuko dut:Ozpina egingo dugu, baina ez edozein ozpin. Maila goreneko ozpina egin nahi dugu.

OLIOAZ gainera, ozpina ere egin nahi dute orain Primician, baina kalitate gorenekoa.

.- Zer lotura du ozpinak olioarekin eta ardoarekin?

Entsalada bat gatzozpintzeko olioa eta ozpina behar dira. Era horretan, Arabako Errioxako olioa eta ozpina uztartuko ditugu entsalada batean. Eta ozpina prestatutako janariren bati ere bota diezaiokegu; esaterako, azaloreari. Ardo ozpina egingo dugu, Guardiako Casa Primicia upategiko dendan “Flor Primicia” olioa saltzen dugun bezalaxe saldu nahiko genukeena.

Horretan gabiltza oraintxe. Barriketan sorburuko on bat lortu behar dugu, eta nahi bezalako ozpina atera arte, maila goren-goreneko ozpina hain zuzen, ez dugu ezer merkaturatuko.

.- “Ozpinarentzat sorburukoa da garrantzitsuena”, gogoko dut esaldia.

Gure olioaren jatorrietara itzuliz, hasiera batean, Vianara eramaten genituen olibak. Handik atera zen gure olibekin ekoitzitako lehenengo olioa. Ondoren, argibideei jarraituz, Arabako Errioxako olio errotetan egin dugu. Carravalsecako gure olibondoak ekologikoak direnez, gure olio ekologikoa egiteko, egun bakarrean irekitzen dute errota. Beraz, egunen batean eraman egingo ditugu, egiaztatzeko Eusko Labela dutela eta ekologikoak direla.

.- “Virite 1947” bezalaxe.

Hori da. Erreparatu zer-nolako izendapen hirukoitza duen gure olioak: Eusko Labelduna, ekologikoa eta Arabako Errioxakoa. Zeinen ondo ematen duen belarria, ezta?

IZENDAPEN hirukoitza duten olibondoak: Eusko Labeldunak, ekologikoak eta Arabako Errioxakoak.

.- Egia da, bai! Eta esan, zer argi piztu zitzaion zure osabari olioaren ekimenari heltzeko?

Logikoa zen. “Olibondoak ditugunez, goazen irtenbideren bat ematera”. Aurretik, noizbait, senitartekoren bati eman izan genizkion olibak, eta hura arduratzen zen olio eihera batera eramateaz. Alabaina, geroz eta gehiago geneuzkan. “Egin dezagun autokontsumorako olioa, ea zer moduz!”. Norbaitek esan zigun Vianara ematen zuela berak, eta oso olio ona ateratzen zitzaiola.

Esan beharrean nago Arabako olio erroten baldintzak asko hobetu direla. Aurrerapauso handiak eman dira, baina oraindik asko dago egiteko. Ezin izan dut ekarpen handirik egin, baina jarri dut nire aletxoa.

Jakizu“Flor de Primicia”olioari alta emateko, “Negozio Unitatetzat”hartu behar dugula, baina ardoarekin alderatuz gero, errendimenduari dagokionez, ez da Bodegas Primicia upategiaren fakturazioaren %0,0001era ere iristen.Beraz, argi ikusten da maitasun handia diegula Arabako Errioxako olio zein olibondoari.Eta aurki, ozpina ere merkaturatuko dugu, olioa ez dadin bakar-bakarrik egon, baizik eta ondo lagunduta. Horrelaxe sentitzen baikara geu ere, Arabako Errioxako olioarekin “ondo lagunduta”.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*