“Munduko ardorik onena egitea da oraindik ere gure helburua”

“El Medoc Alavés, la revolución del Vino de Rioja” liburua dela-eta, Ludger Mees Historiako katedradunak bere buruari galdetzen dio –eta baita geuk ere geure buruari– zein izan daitezkeen “Iraganak ematen dizkigun irakaspenak”, duela 150 urteko Arabako Medoc horren abentura hura gaur egungo eta etorkizuneko ardoekin lotuz.

EKAINAREN 28an, osteguna, Lantziegon izandako hitzordutik konpromiso bat atera da, edo, agian, bat baino gehiago.

Topaketako protagonista liburua izan da, eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak konpromisoa onartu dute nortasun eta kalitate handikoak diren eta gainerakoetatik bereizten diren ardoak lortzeko, 2018ko ekainaren 28an, osteguna, Arabako Errioxako talde konpromisoarekin batera.Munduari lilura horren berri eman, eta horretaz konbentzitzeko, hain zuzen.

UPV/EHUko Historiako katedradun Ludger Meesen “El Medoc Alavés, la revolución del Vino de Rioja” liburuaren aurkezpena inspirazio iturria izan da, eta “ardo berezia” dugula, “nortasun berekia duena” mundu guztiari ikusarazteko eta hortaz konbentzitzeko konpromisoa harrarazi die gure erakundeetako ordezkariei.

LIBURUAREN azala, 150 urtetik gorako botila haien etiketarekin.

Ludger Meesen liburuak duela 150 urtetik gora Arabako Errioxan gertatu zen historia kontatzen du. Garai hartan, garraiatu ezin zen eta udako beroari aurre egin ezin zion ardo bat egiten zen eskualdean. Beraz, orduko Foru Aldundiak, uneko pertsonaia ospetsuekin eta hamar bat udalerrirekin batera, kalitatezko ardo baten aldeko apustua egin zuten, ardo saltzaileen laguntzarekin; hots, bidaiatzeko eta udako beroei aurre egiteko gai zen ardo baten aldeko apustua.

ARABAR Medoc ardoa ulertzeko eta azaltzeko modua laburbiltzen duen bertso honekin hasten da liburua.

1862an etorri zen ardo berriaren lehen uzta. Haritzezko upeletan zahartutako ardoa zen.“Kontseilu bat antolatu zen, eta etiketatze kontrol zorrotz batzuen bitartez, kontseilu horrek erabakitzen zuen zer ardok gainditzen zituen kalitate kontrolak eta zeinek ez.Marketin kanpaina handi bat ere egin zen, Madrilgo Errege-erregina Etxera iritsi zena.Eta Arabar Medoc ardoa oparitu zieten farmazialariei, kazetariei zein diplomazialariei”.

LIBURUAN ageri den argazkietako bat, garai bateko mahats bilketara garamatzana.

Abenturak 1862tik 1868ra bitarte iraun zuen, eta Baionako erakusketan (1864) zein Bordelekoan (1865) nazioarteko sariak irabazi zituen; zehazki, brontzezko, zilarrezko eta urrezko dominak.

Liburuaren 145. orrialdean, Ludger Meesek ziurtatzen duenez, “mende eta erdi baino gehiago igaro ondoren, Arabako Medoc, historiaren kutxan zokoratuta edo hilda dagoen proiektua izatetik urrun, inoiz baino eguneratuago dago”.“Helburua da egiazkoa eta funtsezkoa den hori berreskuratzeko grina izatea” –dio “¿Las lecciones del pasado?” izeneko gibel solasean–; “jatorrietara itzultzeko grina, mahasti lursail bakoitzaren ezaugarrien eta ontasunen garrantzia azpimarratzekoa, euren klima eta geologia naturaleko paisaiaren esparruan”.

LANTZIEGOKO arte eta mahastien paraje honetaraino ekarri gintuzten antolatzaileek.

Murgil gaitezen ostegun honetan Lantziegon gertatutakoaren kronikan.Telmo Rodríguez Ardo Etxearen 20. urteurrena ospatzea zen asmoa.Bai eta Lanzaga Upategia hurbiletik ezagutzea ere.Eta ospakizunaren oinarrian, aurkezpen bikoitza:alde batetik, Ludger Meesek Arabar Medoc ardoari buruz idatzitako liburuarena, eta bestetik, upategiarena… sortu eta hamar urtera.

Lehenengo ezustekoa izan zen Telmo eta Pabloren gonbidapenari baietzarekin erantzun zion jende asko izan zela ikustea.Ikusminak ezin zuen handiagoa izan.Bertan bildu ziren, ostegunez, Arabako Errioxa osoko ardogileak, mahastizainak, hainbat udalerritako alkateak, upelgileak, banatzaileak…Rioja JIaren Kontseilu Arautzailearen Zuzendari Nagusia ere hantxe zen: Jose Luis Lapuente.

EAEko jende ugari bildu zen Lantziegon, entzuteko eta inspiratzeko asmoz.

Pablo Eguzkizak hartu zuen hitza, Telmo Rodriguezen bazkidea bera. Eguzkizak egin zituen aurkezle lanak.Kontatu zigunez, duela 20 urte, Espainiako ipar-mendebaldetik bira sakon bat egin ondoren –“paraje bereziak eta ahaztutako mahastiak bilatu nahian”–, Telmo eta bera Arabako Errioxara itzuli ziren, “herri berezi bat topatzeko gogoz”. “Blanco eta Calleja familien laguntzari esker, ohartu ginen Lantziego zela herri hori.Eta 2008an, upategi hau egin genuen, bertako arteak errespetatuz, mahastiak lehengoratuz, eta, hala, gure ardoak herri zaporea izan zezan lortuz”.

Pablo Eguzkizak goraipatu egin zuen Meesen liburua (argitalpena bat etorri da 20. urteurrenaren ospakizunarekin). Eta adierazi zuen espero duela beste batzuentzat inspirazio iturri izatea, jakin dezaten nola zaindu gure mahastiak, upategiak…

“Arabar Medoc ardoa jaiotzeko unerik onena da”, ziurtatu zuen.

TELMO Rodriguez, Bingen Zupiria, Ludger Mees eta Eduardo Aguinaco (ezkerretik eskuinera).

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuak Meesen liburua irakurtzeko gomendatu zuen.“Interesgarria da, dibulgatzailea eta irakurterraza”. Ondoren, liburuaren amaierara egin zuen jauzi:“Historialaria asko busti da, eta Arabako Errioxa-Sonsierrari buruz duen iritzia eman du.Kulturaz eta Industriaz hitz egin digu, sektore publiko zein pribatuaz, eta toki hau berezi zerk egiten duen adierazi digu; justu halaxe dela jakinarazi behar diogu munduari”.

Lehenengo atzerantz eta ondoren aurrerantz egindako begirada bikoitzarekin, Bingen Zupiriak beste bi mezu utzi zituen.Batetik, Arabako Errioxa dela bisita gehien jasotzen dituen Euskadiko museo bizia (ondare material zein immateriala).Eta, bestetik, etorkizuneko proiektu bat “erakundeen eta ardoaz ulertzen dutenen artean” partekatu behar dela.

RAMIRO Gonzalez diputatu nagusiak hitz egin zueneko une bat.

Ramiro González Arabako Diputatu Nagusiak kontatu zigun aurreko asteburuan irakurri zuela liburua (“irakurgai zoragarria, inondik ere”), eta laburbiltzeko, esango zukeela ameslarien istorio bat dela, jende askorena, eta hasteko, garai hartako Arabako hiru diputatu nagusirena.

“Ez gaude 1862/68ko sasoi hartatik hain urrun. Eta huraxe da, hain zuzen, gaurko bidea –adierazi du Ramiro Gonzalezek–.Ardoa da gure ekonomiaren eta gure nortasunaren funtsezko elementua.Haiek dagoeneko egin zuten lan ardo bereziak lortzeko, nortasuna duten ardoak lortzeko.Orduko helburua zen, hain zuzen, munduko ardorik onena egitea, eta horrek izan behar du oraindik ere gure helburua”.

BIZKARREZ, entzuten, Mees, Zupiria, Telmo Rodríguez eta Pablo Eguzkiza.

“Arabar Medoc ardoa indarraldi betean dago oraintxe.Ehun eta berrogeita hamar urte ondoren –nabarmendu zuen–, iruditzen zait etorkizuna kalitatean eta berezitasunean dagoela oraindik ere.Horregatik ari gara lanean.Eta nik betebehartzat hartzen dut legatuari eutsi beharra, pertsonentzakoa izango den mahastizaintza eginez.Herriko ardoak, nortasuna dutenak”.

Goizeko protagonistak, Ludger Mees katedradun eta idazleak, hitzaldi hunkigarria eman zuen.

MEES idazlea, hizketan, Lanzaga Upategiaren inguruan dauden arteetatik oso hurbil.

“Protagonista handi zein txikiei egindako omenaldia da hau.Arabar Medoc ardoaren garai hartako esperimentu liluragarriaren oinordekoekin hitz egiteko pribilegioa daukat gaur.Izan ere, aurrean zaituztet”, esan zuen, “erakundeetako ordezkariak, ardo saltzaileak, uztagileak, mahastizainak eta ardo onaren zaleak” izendatuz eta horiek hizpide hartuz.“Arabako Medoc ez baitzen pertsona bakar baten emaitza izan, protagonismo kolektibo batena baizik”.

GONBIDATUAK, Ludger Meesen hitzak entzuten.

Liburuak –honako kazetari honek ere irakurria– airean eusten dio bere buruari.Edonoren gustukoa izango da.Bere atalen artean, honako izenburu iradokitzaile hauek daude:“Predicar en el desierto”.“La primera vendimia moderna”.“Morir de éxito”.“El canto del cisne”.“Contar el pasado, descubrir el futuro”…

Baita pasarte garrantzitsu ugari ere.Azpimarratzeko modukoa den horietako batek, hain zuzen, “egiazkoaren aurkikuntzari, makillajerik gabeko ardoei eta ardo bakoitzaren atzean dagoen paisaiari buruz” hitz egiten du.

 

EKITALDIAREN ondoren, topaketa bat egin zen Telmo eta Pabloren upategiaren lorategietan.

 

“BASTIDAKOEK” argazki bat atera nahi izan zuten adiskideekin.

 

BINGEN Zupiria eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko lehendakaria, Mariasun Saenz de Samaniego.

Garrantzitsua da nabarmentzea Telmo Rodriguezek eta Pablo Eguzkizak egin duten mezenasgo lana.Eskualde osoari, eta bereziki ardogileei, egindako ohartarazpena da.

GERORA, ‘“El Medoc Alavés, la revolución del Vino de Rioja” liburuaren aurkezpenean izan nintzen’, esango dute.

Amaitzeko –orainaren eta etorkizunaren alde topa egiteko erabili ziren hamar upategitako ardo bikainak dastatu aurretik–, Ludger Meesek bere herrikidea den Bertolt Brecht poeta alemanaren olerkietako baten zati bat irakurri zuen. “Irakurtzen duen langile baten galderak” du izenburua:

Alexandro gazteak India konkistatu zuen./ Berak bakarrik?/ Zesarrek galiarrak garaitu zituen./ Ez al zeraman sukaldaririk ere?/ Espainiako Felipek negar egin zuen bere ontzidia urperatu zenean./ Beste inork ez al zuen negarrik egin?/ Frederiko II.ak Zazpi Urteko Gerra irabazi zuen / Beste nork irabazi zuen gerra hori?/ Orrialde bakoitza, garaipen bat./ Nork prestatu zuen garaipenaren oturuntza?

Arabako Errioxak horixe izaten jarraitu nahi du.Bikaintasunaren aldeko protagonismo kolektiboari egindako kantua.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*