Maite ditut geure kulturak, lanbroak izkutatzen dizkidanean

Horrela, lainopean, bizi ahal izan zen atzo Lantziegon, dagoeneko bost urte bete dituen kulturen jaia. Agerian da, ohitura bilakatzen ari dela jardunaldi hau Lantziegoko biztanle eta, bereziki, Lantziego Ikastola eskola publikoko kideentzat.

Lantziego Ikastola Eskola Publikoko ikasleak dantzan.

Goizeko hamarretarako hasi zen mugimendua. Izan ere, hasiera batean eskolako patioan egitekoa zena, lainoaren hezetasunak bultzatuta, azkenean herriko frontoian egin behar izan zen; mahaiak, bonbonak, sua egiteko tresnak, teak prestatzeko beharrekoak, eskola publikoko jaiaren aldeko arropa… berehala hartu zuen frontoiak egun honetan izan ohi duen itxura aberatsa.

Benetan polita izan zen aitzaki honekin jendea mugimenduan ikustea; helburu honen alde lanean ikustea. Dudarik gabe, kultura guztien inklusioaren alde egingo bada, atzo Lantziegon bizi izan zena bide horren adibide egokia da.

Lantziegoko txalapartariak: Okariz anaiak.

Hamaika eta erdietan, Lantziegoko Udaletxeko kideen agurraren ostean, hasiera eman zitzaion jaiari Okariz anaien txalapartaren soinu zirraragarriarekin. Jarraian, Lantziego Ikastola eskola publikoko dantza taldeak hartu zuen lekukoa arratsaldeko bostak arte bukaerarik izan ez zuen jai honetan.

Giro atseginean, herriko kuadrila desberdinek, arroz eta couscous dastaketaren prestaketarekin hasi ziren. Honetan ere ageri gelditu zen bertako aniztasuna: arroz beltza, beganoa, oilaskoarekin, couscousa, pikantea…

Paellak prestatzen.

Den dena prest zegoen eguerdiko 14:30etarako, Lantziegoko eskolak kutur aniztasuna eta haragi kolorea lantzeko egindako ekimenak biltzen zituen bideo proiekzioa ikusi eta gero eta “Tribu-dantzak” izeneko ikuskizunaz gozatu eta gero,. Baina, lainopean, bazkaldu baino askoz gehiago da bertan arrozaren inguruan gertatzen dena: normalean harreman zuzenik ez duten pertsonen elkartrukea da benetan aberatsa… “zein goxoa!” “nola egiten duzue?” “eskerrik asko!” Horixe baita bidea; ohitura, kultura, hizkuntza eta bizitzeko modu desberdina dugunon arteko hurbilketa… Hurbildu ezagutzeko. Ezagutu ulertzeko. Ulertu elkarrekin egoteko. Elkarrekin egon elkar aberasteko.

Oraingo honetan gainera, bazkal-osteko ekintza bat ere antolatu zen: Iruñako Antzerki Foroak antzeztutako ikuskizun berezia. Ohitura faltagatik edo, jende gutxi bertaratu zen honetara. Zoritxarrez. Zoritxarrez diot, oso ikuskizun “desberdina” eta aberatsa izan zelako. Oso modu gordinean, egunero ikus daitezkeen etorkinen kontrako jarrerak antzeztu zituzten eta, bakoitzaren, ostean hitza ematen zioten ikusten ari ziren pertsonei iritziak bota eta, zenbait kasutan, antzeztuz, iritzia emateko.

Bazkal-osteko antzerki foroa.

Atzo Lantziegon agerian gelditu zen horrelako ekimenak beharrezkoak direla. Bai eskolarako, bai herrirako. Poliki poliki jorratu beharreko bide aldapatsu honen beste urrats bat. Urrats garrantzitsua, nahiz eta, seguruenez, komunikabideetan oihartzun handirik izango ez duena… zergatik? batek daki!… Askotan zaila izaten da gauza zoragarriez ohartzea… lanbroak izkutatzen dituelako.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*