Mahats ibiltariak

MAHATS bidaiariak, munduan zehar ibiltzeko jaiotako abenturazale alderraiak.

Zerumugatik harantzagoko bideak korritzen dituzun Euskadiko mahats erromesa. Mahastizainaren eskutik, munduko sasoilarien hatzetatik zoazen mahatsondoaren buhameria, bodegara iritsi arte.

Mahats biltzaileen altzotik kaxara, saskietatik traktore edo kamioira, handik hormigoizko lakura, edo hautapen zintara, altzairu herdoilgaitzezko depositura, elaborazio gelako isiltasunera.

 

UPA oholak margotutako mahatsekin.

Bidaiari bat nire lurreko paisaian zehar. Bizkaitar mulkoak, Karrantza edo Muskizetik Gernikara zoaztenak, Eltziegotik Lapueblara atoian dantzan, Guardiatik Elvillarreraino Araban.

Denboraren buhamea, iraganaren biloba, klimaren areriotasuna zeharkatuz, nekazari komunitateen sentimendua esplikatzen digun Historia.

 

SASOIKO mahats biltzaileak, Mahats Bilketaren atoian esperantza eta mahatsa kargatzen.

Ibiltari beltza, esploratzaile zuria, botilan helmugako joan-etorria egiten. Ardo bihurtzen zara, periploan Lurraren mugaldeetaraino.

Ez mandorik ez mandazainik. Marinel merkatariek eta zeruko pilotuek gidatzen dute zure galopa. Zaldi, dontzeila, guardako aingeru, milioika bizitzaren bide ezkutuak korritzen dituen kometa. Lurraren umetokitik, mahastitik, sortutako ipar izarra.

 

TOLOÑOKO Mendilerroaren pean hazitako mahatsa.

Alderrai itsaso eta ozeanoetan barna. Mahats deitua, kantatua, desiratua. 2019ko uzta onaren neskatila alderraia. Nazioak deskubritzera. Giza unibertsoaren zainetan barna nabigatzera.

Euskal mahatsa, esplora ezazu gizakion arima betea, ekarri gure ilbeteko mendietara urrun elikatzen duzun bihotza, eta jakinarazi egiozu Kantauriko kostaldearen eta Toloñoko Mendilerro ederrari miresmenez begiratzen dion ibarraren artean jaio zinela.

 

EGUZKIAK mahatsen azala koloreztatzen du Elo Hand-en argazki erakargarri honetan.

Samur, baina esaiezu, egun batean, mahats zahar bildu berri eta ardo eta txakolin bihurturik, izokinak bezala abiatu zinela euskal lur gozotik urrun, konpainia onean itzultzeko. Bai, itzultzeko.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*