MAHASTIKO MERTXIKEN metafora boteretsua

Lola Lopez de Lacalle bizkaitar idazleak, bere lehenengo eleberrian –Arabako Errioxan kokatuta dago kontakizuna–, “muinoan finkatutako galeoi zaharrak” inspiraturiko istorioa kontatzen du; gurasoen herria da, Guardia, “zelatari izateaz harro”.

“MUINOAN finkatutako galeoia, zelatari izateaz harro dagoena”, idazleak ikusi bezalaxe.

Bertako “Mahastiko mertxikak”, Guardian sustraitutakoak, Guardiako eta Euskadi osoko irakurleenak dira gaur egun; baina hiru urtean zehar, Lola Lopez de Lacalleren eleberriko pertsonaiak egilearekin batera bizi izan dira. Gauez esnatu dute, ametsetan sartu zaizkio, eta goizean, egilearekin batera joan dira lanera.

“Mertxika” horiek, emakumezko pertsonaiak, eta batez ere egilea bera, Guardiako Pilarren eta Lemoako Juanaren biloba, Blogera iritsi dira Lolaren hitzen bitartez. Guardian igarotako haurtzaroa du gogoan, hara joaten baitzen familia osoa Zornotzatik (Bizkaia). Gaur egun, metafora boteretsu baten indarraz eta zaporeaz goza dezakegu.

LOLA LOPEZ DE LACALLE, liburu artean; tartean dago bere eleberria ere.

“Bihurgunetik atera eta, harekin topo egiten zuen bakoitzean, emozioei eusteko ahalegina egin behar izaten zuen. Egun horretan, baina, purpura eta okre biziko itsasoan nabigatzen ikusi zuenean, malkoek begirada lausotu zioten…”.

.-Hasieratik argi eta garbi eduki al zenuen zure eleberriaren izenburua “Melocotones de viña” (Mahastiko mertxikak) izango zela?

Nire istorioak zerikusia dauka emakumeek guztiarekin aurrera egiteko duten gaitasunarekin. Mahastiko mertxikak mahastiko zaindariak direla esana zidaten niri, eta erkaketa ezin hobea iruditu zitzaidan hori. Kasu honetan, emakumeak dira etxekoen bizitzaren zaindariak.

.- Metafora ezin hobea da, baina barka, mahastien benetako zaindariak ez al dira mahastizainak?

Zalantzarik gabe, baina nik bestelako metafora bat egin nuen; izan ere, mahastiaren gaixotasunak (zehazki, oidioa) hautemateko landatzen zituzten mertxikak. Halere, bat gatoz gauza batean: mahastiaren zaindaria da beti hartaz arduratzen dena; nekazari gizon zein emakumea, alegia.

MAHASTIKO mertxikak (gaur egun nekez egin daitekeen argazkia, José Ramón Elorriaga Zubiagirrerena).

Muinoan finkatutako galeoi zahar baten pare, zelatari izateaz harro, gurasoen herria, amona Paulinari agur esateko berriz zapaldu behar zuena, mahasti artean agertu zen…

.- Zer dakizu Arabako Errioxari buruz?

Txikitan joaten nintzen hara. Eta urte mordoxka bat gehiago nituela berriz itzuli nintzen. Zoratuta nauka, paisaien eta herrien edertasunagatik. Haurtzaroan ezagutu ez nuen Arabako Errioxa ezagutu dut orain.

.- Zer oroitzapen dituzu Guardian igarotako haurtzaroaz?

Batzuetan, ama, anaia eta hirurok joaten ginen. Gero, aita ere etortzen zen. Gogoan dut nola igarotzen nituen arratsak muinoan amarekin eta ezin konta ahala haurrekin. Jendea sorotik itzultzen zen, gu astoen gainean jarri, eta bueltatxo bat ematen ziguten… Oroitzapen zehaztugabeak dira, baina biziak.

Gogoan dut gizon ugari plazan eserita egoten zirela. Gerora jakin izan dut pertsona horiek lanaren eta ordainsariren zain zeudela.

.- Zerdakizu mahastiaz eta hark emandako fruituez?

Mahastiak beti izan du garrantzi handia gure familian. Aitaren aldeko ahaide guztiak Guardiakoak dira. Gure aitak 16 urterekin egin zuen alde Guardiatik; izan ere, mahastiak ez zuen denontzat adina ematen. Haurtzaroan, mahasti lursailei eta horien izenei buruzkoak entzun izan ditut: halako saldu egin zutela, beste hura norbaiten amonaren amonak oinordetzan jaso zuela… Eta gure aitak atzean utzi behar izan zuen hori guztia, Bizkaira etorri ahal izateko.

Francisco Lopez de Lacalle aitarekin, duela hamarkada batzuk.

 … Kolore anitzeko puzzlea higiarazten zuen haizeak, udazkena aletuz, eta dorreak eta almenak argi kontra islatzen ziren. Artean negua iritsi ez bazen ere, Blanca hotzak zegoen…

.- ‘Atzean utzi’ esan duzu, norbaitek bere bizitzan oso garrantzitsua den zerbait utzi behar izaten duenean bezala.

Bai, seme-alabaren bat edo anai-arrebaren bat utzi behar izaten denean bezala. Atzean utzi behar derrigorrez, ez baitzegoen hortik bizitzeko adina ondarerik. Geroago, mahatsaren prezioaren balioa handitu zenean, mahasti bat zeukanak oso ondasun preziatua zeukan.

.- Zeuk ez al duzu mahastiren bat jaso oinordetzan?

Ez, ez. Ezertxo ere ez. Ezta etxe bat ere, eta horrexek ematen dio minik handiena gure aitari: Guardian etxerik ez izateak.

.- Beraz, bizi duzue aita.

Bai. 91 urte ditu. Francisco Lopez de Lacalle da bere izena.

.- Guardiako ardogile entzutetsuen senitartekoa zara?

Bai, bi Juan Carlos Lopez de Lacallerena. Gure aita bi horien gurasoen lehengusua da.

BERE eleberriko paragrafo bat; bertako testua elkarrizketan zehar txertatuta irakurri dugu.

.- Paulina eta Pilar, zure eleberriko bi protagonistak, “mahastiko bi mertxika” horiek, Gerra Zibilaren amaieran elkar zainduko zutela zin egin zutenak, euskal emakumeak ondo ordezkatzen dituzten emakumeak al dira?

Gerraosteko emakumeak dira, oso-oso euskaldunak, 1939an Gerra amaitu zenean 20 urte zituztenak. Guardian jaio eta bizi ziren bi emakume.

.- Zenbateraino da autobiografikoa zure eleberria?

Fikziozko pertsonaiak dira, nahiz eta beti jasotzen den norberaren bizitzari buruzko zantzuren bat. Dena den, ez da istorio erreal bat. Ezagutzen dudan hartatik, irakurri dudanetik eta gogoko dudanetik osatu ditut pertsonaiak. Baina ez naiz ni ageri, ezta ezagutzen dudan inor ere.

.- Guardiako herritar batzuek dagoeneko irakurri dute zure eleberria.

Bai. Eta oso kritika onak jaso ditu. Nire eleberria oso landuta, zainduta eta egiaztatuta dago. Istorioak alderdi ugari ukitzen ditu.

GUARDIA, bere buruari begira, Abat dorretik.

… Herrira itzultzeak artegatasun arraroa eragiten zion, kontrako emozioen segida bat. Amona hil zenez, ezerk ez zuen lotzen toki hartara…

.- Asko interesatzen zait Francisco zuen aitaren iritzia.

Batzuetan, elkarrekin irakurtzen dugu. Pixkanaka irakurtzen diot, atalez atal, eta hunkitu egiten da. Tarteka, senitartekoak bereizten ahalegintzen da, eta haserretu egiten da, “hau ez zen horrela” esanez. Eta esaten diot, “ez, ba, aita… neuk asmatua dela!”. Egia da senitartekoen izen dezente sartu ditudala, garai hartan Arabako Errioxan erruz erabiltzen baitziren.

.- Zer izen dira horiek?

Esaterako, Sofia, Gregorio, Lucia, Paulina (izen hori zeukan emakume bat ezagutzen nuen), Pilar (Guardian oso ohikoa da izen hori, Pilarko Ama Birjinari debozio handia baitiote), Teodora…

.- Eleberriko zer pasarterekin hunkitzen da zuen aita?

Gure familiak alde egin zuen Guardiatik, baina Guardiak beti eduki du tokia nire senitartekoen bizitzetan. Amonak istorio kontaketan igarotzen zituen eguneko ordu guztiak. Guardia mahasti bat bezalakoa izan da: atzean geratu zen malenkoniaz, eta horri buruz hitz egiten da etengabe. Gure aita heldua da (91 urte ditu), eta izugarri hunkitzen da “La boda (Ezkontza)” izeneko atal batekin.

ELEBERRIAREN azala, Arabako Errioxako mahastiaren udazkeneko irudi batekin.

.- Zer kontatzen duzu atal horretan?

Errementariez hitz egiten dut, eta aitona errementaria izan zen. Dena den, eleberrian ageri dena ez da gure aitona. Eleberrikoak jotak kantatzen ditu eta musikaria da, aitona bezalaxe. Eta bere haurtzaro eta gaztaroko oroitzapen horiek izugarri hunkitzen dute.

.- Arabako Errioxako zerekin geratzen zara?

Gauza asko daude, eta eder-ederrak denak. Guardiako Erregeen Andre Maria elizaren arkupeak, esaterako, zoragarriak dira. Nik, baina, izugarri atsegin dut Kantabriako mendilerroa.

.- Ba al zenekien Euskaltzaindiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ustez izen ofiziala Toloñoko mendilerroa dela?

Irakurri dut, bai, horri buruz ika-mika handia dagoela.

.- Moredako Jose Angel Chasco etnografoak osatutako ikerketa liburu batean argi geratzen da auzi hori.

Ez daukat arazorik berriz izendatzeko ere.

.– Ez, ez… Esan nahi duzun bezala… errespetatuko dut.

Nik Kantabriako mendilerro gisa ezagutu dut, baina ez nago egunean auzi horietan guztietan.

.- Garbi eduki zenuen liburua Guardian aurkeztu nahi zenuela.

 

 

MAIATZAREN 26an Guardian egindako aurkezpenean parte hartzeko gonbidapen txartela.

 

ELEBERRIAREN aurkezpeneko une bat, Guardiako Garcetas Etxean.

Lehenengo aurkezpena Bilbon egin nuen, maiatzaren 24an. Baina argi neukan Guardian festa bat egin nahi nuela. Orain artean taldean argitaratu ditut lanak. Eta, orain, zortea izan dut, nire lehenengo eleberria Txertoa argitaletxeak, argitaletxe ona inondik ere, argitaratu baitu.

.- Asko zenuen ospatzeko.

Bai. Pentsatu nuen “Guardian egin nahi dut festa bat”. Maiatzaren 26an berrogeitik gora lagun etorri ziren. Literatur elkarte bateko kidea naiz, eta elkartekide ugari autobusez etorri ziren Zornotzatik eta Bilbotik. Aita ere etorri zen, eta hunkitu egin zen, irribarre egin zuen…

… Familiarekiko tratua ez zen handia; bera arduratu zen hala izan zedin. Sekula ez zuen konfiantzarik izan inorengan, eta ez zion konplizitate keinurik egin inori. Maitasun erakustaldiak amonarentzat gordetzen zituen…

.- Guardian egindako liburu aurkezpenean, Arabako Errioxako ardoa egongo zen, ala?

Horixe geneukala ardoa. Ordainezina da Guardiako Adiskideen Elkarteko kideek emandako lankidetza: Estitxu, Antonio… eta beste hainbatena. Aurkezpenean jotari batek errementarien jota kantatu zigun.

.- Zer diote jota horren hitzek?

Ez dizut kantatuko, e? Kar, kar, kar.

ELEBERRIAREN aurkezpenean parte hartu zuten pertsonetako batzuk.

.- Irratian egongo bagina, ziur kantatu egingo zenuela.

Ez, ba! Ezezkoa emango nuke. Kar, kar, kar. “Jota ondo kantatzeko grazia behar da, grazia, birikak eta eztarri ona, eta errementariaren semea izatea. Eta errementariaren semea izatea, jota ondo kantatzeko”.

.- Ederki kantatu duzu! Kar, kar, kar.

Neska hark ezin hobeto kantatu zuen ekitaldiaren hasieran, ahots ozenez. Oilo ipurdia jarri zigun guztioi. Hortik aurrera, dagoeneko berdin zuen zer esaten genuen. Gure lehengusu Juan Carlos Lopez de Lacalle Pavonik janaurrekoak eskaini zizkigun Guardiako Adiskideen Elkartean. Nire lagun batek txistua eta danbolina eraman zituen. Denetarik izan genuen: musika, guztion arteko bazkaria ardo ona…

.- Zeren alde egin zenuen topa Arabako Errioxako ardoarekin?

Adiskidetasunaren alde, une ederren alde, nireen inguruan igarotzen ari nintzen tarte goxo haren alde… Horrelako une gehiago bizitzearen alde.

.- “Jota ondo kantatzeko grazia behar da…”.  Eta literatura ona idazteko… zer behar da?

GUARDIA, mahatsondo artean, mendilerroaren inspiraziopean.

Jarraitutasuna eta irakurtzea gustatzea, asko irakurri behar baita. Irakurle ona izan ezean, nire ustez, ezin da idatzi. Bestalde, aulkian egotea behar izaten da, bira asko ematea, egin eta desegin, bota eta ezabatu, eta berriro idatzi…

.- Beharrezkoa al da Guardiako 91 urteko guraso bat edukitzea, norberarekin hunkitzeko gai dena, Guardiari buruzko eleberri on bat idazteko?

Bai, noski. Ezinbestekoa da bizitza osoan zehar bularrarekin batera Guardia edoskitzea. Eleberri hau idaztea erabaki nuenean, lehenik eta behin mahastiko mertxikena bururatu zitzaidan, eta horretarako, ba al da Guardia baino agertoki hoberik? Hango kaleak, txokoak, mahastiak…

.- Barkatu, baina iruditzen zait aitari egindako opari handi bat dela.

Bai, bai… hala da.

.- Ausartu ezezkoa esaten…

Ez, ezta gutxiago ere. Baina egia esan eleberria Guardian aurkeztu nuen egunera arte ez nintzen ohartu zeinen opari handia ari nintzaion egiten.

.- 91 urteko aitari…

… Bai, 92 betetzera doa, gainera. Gaur artikulu bat argitaratu dute DEIA egunkarian, eta egun osoa eman du egunkaria eta liburua irakurtzen.

LOLAREN aita, Guardian dituen ahaideei agur egiten.

… Saihestu egin zituen familia bilerak eta festak, guardiak eta metatutako lana aitzakiatzat hartuta, eta maitasun keinuak zakar ez baina erabakitasunez saihesten ikasi zuen… 

.- Liburua idatzi ahala, nori irakurtzen zenizkion idatzitako eleberriaren pasarteak?

Literatur elkarte bateko kidea naiz, eta hantxe atera dizkiogu erraiak eleberriari. Eurek hala gomendatuta, hainbat pasarte zaborrontzira joan dira, ez baitzegoen haiek nondik heldu. “Tira… itxura ona hartzen ari da”, esaten zidaten. Edo “primeran doa hau”. Egun batzuetan “guztiak akabatuko ditut” pentsatzen nuen, ez bainaiz erraz makurtzen den horietarakoa. Kar, kar, kar.

.- Zer sentitzen duzu Guardiara zoazenean?

Emozioa. Emozioa beti. Autoz Guardiara hurbildu ahala, han goian galeoia finkatuta ikusten dudanean, emozioak harrapatzen nau. Orain iruditzen zait dagoeneko ezin dudala neuk bakarrik gozatu emozio horretaz… baina pasako zait!

MAHASTI itsasoa, Guardiako “Galeoi zaharreko” Abat dorretik begiratuta.

.- Zure emozioarekin bakarka egoten utziko ez balizute bezala da, ezta?

Hori da. Guardiako kaleetan zehar nire emozioarekin pasieran ibili ahalko ez banu bezala da, hango harri gainean eta jende artean, baina bakarrik.

Eta sentipen berbera izan dut nire eleberriko pertsonaiekin ere. Hiru urtean zehar nirekin bizi izan dira, gauez esnatu egin naute, nire ametsetan sartu dira, goizean nirekin etortzen ziren lanera… Inortxok ere ez zekien ezer istorio honi buruz, literatur elkarteko nire kideek izan ezik.

.- Baina orain, behin eleberria argitaratuta dagoela, pertsonaiak irakurleekin partekatu behar dituzu.

Zoragarria da, baina nire zatitxo bat galduko banu bezala ere bada.

HORRELA aurkeztu du Txertoa euskal argitaletxeak Lola Lopez de Lacalleren eleberria.

… “Lehorra da”, esaten zuten, “baina nolakoa nahi duzu izatea, bada, daukan lanarekin? Gaixoa! Zer ez ote du ikusiko!”.

 

.- Nori eskaini diozu liburua?

Nire bi amonei. Guardiako amona Pilarri, istorioak kontatzen baitzizkidan. Eta Lemoako amona Juanari, istorioak aurpegian idatzita zeramatzan emakumea baitzen.

.- Ederra benetan!

Amona Juanaren baitako asko dago eleberri honetan. Ez da kontatuta ageri, ez idatzita, baina emakume alargun baten begirada hor dago. Gerra amaitu bezain pronto hil zitzaion senarra, eta seme-alaba ugariren kargu geratu zen. Gauez, inguruko errotetara joaten zen, azukrearen truke irina ekartzeko. Emakume isila izan zen, sekula ezer kontatzen ez zuena. Aurpegian zeukan hark dena idatzita.

BERE liburuetako baten sinadura eta eskaintza, Guardian.

.- Euskadiri eta Arabako Errioxari buruzko zenbat istorio dauden kontatzeko, ezta?

Beti piztu dit arreta Arabako Errioxan dagoen jende bereziak. Bizitasun eta umore sarkastiko handiko jendea da. Horixe du Arabako Errioxak. Oso jende ona. Bai, eta paisaia ere ederra du. Batez ere, eguzkiak haitzetan jotzen duenean, edo hodeiak zintzilik geratzen direnean, erortzeko zorian. Mahastia, urteko zeinahi sasoitan. Herriak, edozein herri. Arnasten den Historia. Herri bakoitzak gordetzen duen artea.

Kanpotik datorren edonorentzat, toki pribilegiatua da Arabako Errioxa.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*