Lehendakariak UNESCOri buruz hitz egin du Blogarekin

 “UNESCOren gaia Herrialde osoari dagokio”,

adierazi du Iñigo Urkulluk; Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak, berriz, Rioja Jatorri Izendapenaren barruan Arabako Errioxa izeneko Jatorri Izendapen propioa sortzea bultzatu nahi du.

Julio Flor *

Blogari esklusiboki egindako adierazpenak dira. Blogak bi arduradun instituzionalei egin zien galdera, igandean Billarren egindako Arabako Errioxako Mahats Bilketaren Jaian, une desberdinetan.

“Euskadirentzat oso garrantzitsua litzateke Arabako Errioxak bere berezitasuna zaintzeagatik egiten duen ahalegina nazioartean aitortzea”, adierazi zion igandean Blogari Iñigo Urkullu lehendakariak, Arabako Errioxako Mahats Bilketaren jaian.

Bi minutu nahikoa izan ziren lehendakariari bi galdera egiteko eta haren bi erantzunak jasotzeko.Blogak ez zuen aukera galdu nahi izan, eta Iñigo UrkullukArabako Errioxan kezka sortzen duen gai bati buruz duen iritzia jakin nahi izan zuen: UNESCOren Mundu Ondare izateko Errioxako eta Arabako Errioxako Mahastiaren eta Ardoaren Kultura Paisaiarako hautagaitza.

Lehendakariak eskatutakoari erantzuteko adeitasuna izan zuen.Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzak dira.Gure erakunde garrantzitsuenak egin duen lana hartu zuen hizpide, eta gure herrialdeko erakundeetatik ahalegina egiten jarraitzeko borondatea adierazi zuen.

Blogak, halaber, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiarekin hitz egin zuen hiru bat minutuan. Eta bi erakundeen artean dagoen lotura egiaztatu ahal izan genuen.Diputatu nagusiaren adierazpenei esker, azken orduko berri bat ezagutu genuen; izan ere, Ramiro Gonzalezen aburuz, “pausoak eman behar ditugu, Rioja Jatorri Izendapenaren baitan Arabako Errioxa izeneko Jatorri Izendapen propioaren sorrera egia bihurtzeko”.

Eta are gehiago:“Jatorri Izendapen propio batek eta UNESCOren Mundu Ondare izendapenak esanahi berbera dute:gainerakoetatik bereizi egin behar dugu.Gure ardoek bereziak izan behar dute”.

Benetan baliagarriak izan ziren bost minutu horiek.Bi agintarien hitzak grabatuta geratu dira, eta Blog honetan transkribatuko ditugu, hitzez hitz.

LEHENDAKARIAREKIN, UNESCOren Mundu Ondareari buruz.

.- Lehendakari jauna, iritzia galdetu nahiko nizuke Arabako Errioxarentzat benetan garrantzitsua den gai bati buruz. Ea zer lan ari zareten egiten hemen nabarmena den amets bat egia bihurtzeko:eskualde honek, egunen batean, UNESCOren Mundu Ondarearen aitorpena jasotzea, alegia.

Urteak daramatzagu lanean UNESCOren Mundu Ondare aitorpena jasotzeko.Gogoan dut duela hiru urte Parisen izan nintzela, UNESCOren egoitzan, aurreko idazkari nagusiarekin hizketan.Bestalde, UNESCOko goi karguekin lanean aritu gara, Arabako Errioxako Mahastiaren eta Ardoaren Kultura Paisaiaren balioa aitor dezaten.

Hori lortzeko beharrezkoak diren pausoak ematea espero dut; izan ere, Euskadirentzat oso garrantzitsua litzateke Arabako Errioxak bere berezitasuna zaintzeagatik egiten duen ahalegina nazioartean aitortzea.

.- Lehendakari, UNESCOren gaia etorkizun handikoa da; izan ere, Arabako Errioxaren ospeari eta bertako biztanleei eragiten die, eta, horrenbestez, azkenean, baita gu guztioi ere.

Horrelako aitorpen batek, lehenik eta behin, Arabako Errioxaren berezitasuna indartuko luke, baina ondoren, guztiok indartuko gintuzke: Arabako lurraldea eta euskal lurralde osoa.Horregatik,UNESCOren gaia herrialde osoari dagokio, eta bertan esku hartzen ari da Eusko Jaurlaritza, gainerako euskal erakundeekin elkarlanean.

Horiek izan dira Lehendakariaren adierazpenak.Geroago, Ramiro Gonzalez Vicente Arabako diputatu nagusiarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Honatx:

Arabako Foru Aldundiak Arabako Errioxan daukan PROIEKTURIK garrantzitsuena.

.- Legegintzalditik geratzen den tarterako (2019ko maiatzaren 26a), zein da Arabako Foru Aldundiak Arabako Errioxan garatu nahi duen proiekturik garrantzitsuena?

Hiru gauza garrantzitsu ditugu buruan, azkenerako gauza berbera direnak.

Lehenik eta behin, Arabako Foru Aldundia lantzen ari den plana aipatuko nuke. Helburua da eskualde hau eskualde bikain bihurtzea ardoaren ekonomiari dagokionez.

Gai horrekin lotuta, beste bi auzi oso garrantzitsu ditugu:batetik, izendapena.Beharrezko urratsak egin behar ditugu Rioja Jatorri Izendapenaren baitan Arabako Errioxa izeneko Jatorri Izendapen propio bat egia bihurtzeko.Posible da, eta egin liteke.

Ez dago inolako lege eragozpenik.Politikaren arloan eta Kontseilu Arautzailean borondatea egonez gero, egingarria da!

.- Zergatik pentsatzen duzu egin litekeela?

Bai, egin liteke.Beste toki batzuetan ere badagoelako horrelakorik.Bordelen, esate baterako.Arabako Foru Aldundiarentzat eta gainerako erakundeentzat funtsezkoa da hori.Gure ardoek bereziak izan behar dute.Kalitate bikaineko ardoak dira, eta jendeak horren berri izan dezan, eta gure ardoak gainerakoetatik bereizteko, ezinbestekoa dugu Jatorri Izendapen propioa.

.- Zer egingo du Arabako Foru Aldundiak Arabako Errioxak jauzi kualitatibo garrantzitsu hori eman dezan?

Munduko eskualde erreferenteen artean pauso hori emateko, benetan garrantzitsua da UNESCOk mundu osoan aitortzea paisaia hau.

Mahasti ezin hobea dugu, nekazariak, ardogile bikainak, egundoko ondarea, eta baita Kultura Paisaia ere.

.- Ikusten dut argi duzula, lehendakariak ere argi daukan bezala, zeinen garrantzitsua den UNESCOren aitorpena.

Jakina. Baina berriz nabarmendu nahiko nuke bi gai horiek lotuta daudela:Jatorri Izendapen propio bat eta UNESCO.Esanahi berbera dute biek: gainerakoengandik bereizi egin behar dugu.Geure burua ezagutarazi behar dugu, eta merezi dugun balioa jaso. Arabako Errioxa bere horretan ezagutu behar du jendeak; hots, Arabako Errioxa gisa.

Gai honetan funtsezkoa da Kultura Paisaiaren auzia.Ondo egin beharreko gauza da.Eta horretan ari gara.Arabako Foru Aldundiaren bultzadarekin ari gara, aldundiak oso argi baitauka bide horretatik ondo goazela.

 

*Kazetaria.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*