Jainkoak ardoa sortu zuenekoa

Michelangelo Buonarroti (1475-1564) Italiako errenazimenduko eskultore eta margolari handiak Sixtoren Kapera margotu zuen, Julio II.a aita santuak eskatuta. “Adamen sorkuntza” irudikatu zuen, lehen gizakiaren sorkuntza.

MICHELANGELOREN freskorik ezagunena, Sixtoren Kaperako gangan margotua.

Margolariak piktorikoki sortu zuen Jainkoa, izaki bat bere irudi eta antzera sortzeko asmoz, Lurrera iritsi zeneko unea (Bibliako Testamentu Zaharreko Genesiaren arabera).

Margoaren boterea eskuetan dago. Elkarri hurbiltzen zaizkio, hatz erakusleekin ia elkar ukitzeraino. Gizakiaren jatorriaren alegoria perfektua da, jainkotiarra den haren bila arituz.

GENESIAREN arabera, Jainkoaren hatz erakusleak ia ukitu egiten du, bizitza emanez.

Horraino Michelangelori eta Sixtoren Kaperako ganga apaintzen duten fresko ugarien artean ezagunenari buruzkoak. Margolana 570 zentimetro luze eta 280 zentimetro garai da.

Obra hori abiapuntu hartuta, zinez freskoa den norbaitek umorez, baina fede onez, oso bestelakoa den bertsioa margotu du.

ARTISTA anonimoa, Genesiaren beste bertsio bat eskainiz.

Ardoa sakramentu santua balitz bezala -eukaristiaren sagarapenean halaxe da-, pentsarazi digu lehen gizakia sortu aurretik, Jainkoak ardoa sortuta zeukala, baita ardo botilak ere. Eta Adan sortu ondoren, Gizadi osoaren bizitzagatik topa egitera gonbidatu zuen.

Geurea bezalako blog bat ezin da Michelangelok Genesiko kontakizunei buruz egindako margolanik ezagunenetik itzuri ibili.Eta ezin dio ez ikusiarena egin, ezta ere, Arabako Errioxako mahastizain eta ardogileei egindako adiskidetasun keinuari.‘Alegoria’ berriak esaten digu ardoarekin eta konpainia onarekin paradisua aurkituko dugula, nola lurrekoa, hala zerukoa.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*