Itzalitako sumendi baten odol gorria

Arabako Errioxako mahatsondo biluziari oda.

Nekazariak bere mahatsondorik onenean pentsatzen duenean, zutabe emankor horretan, bere mahastietako eskulturarik ederrenean… MAHATSONDO hori aitonak landatu zuela, aitak landu zuela, eta orain berak zaintzen duela kontatuko du.

MAHATSONDOAK, jantzita, bere erara hitz egiten du, erpurua altxatuz (ARGAZKIA Iñigo Franco).

Mahatsondo biluzia, itxuraz mugimendu gabea, planetari lotuta bueltaka, izar gangaren azpian zure biluztasunean ikusgai, bizitzaz eta promesez betea.

Lurreko eztia, egur birrindua, maitasun eskaintza bihurritua, itzalitako sumendi baten odol gorria, aingeruak gauez jaisten dira beren malko berdeez zu laztanez betetzera, haien hegoen airearekin.

Izenik gabeko mahatsondoa, mahatsondo bakartia.  Hosto ñimiñoz betetzen zarenean, zure adarren hedaduran hazten zarenean, mahats mordoak ernaltzean, paisaia berdez koloreztatzean, itxaropen itsasoen margolaria zara.

MAHATSONDO biluzia, itxaropenezko itsaso baten MARGOLARIA.

Lurrezko bihotza duzu lagun.Zure nagusitasun sortzaileaz pertsonen bizitzari eusten diozu.Gaur, hainbatetan bezala, begiratu dizut, baina lehen aldiz sentitu zaitut nire odolean taupaka, ernatzear den ernamuin bilakatua.

Hitz goldatua.Lurraren folioa.Arte idazkera zure sustrai sakonetatik sasi-laharren puntara.Lurrean altxatzen zara, idatzitako orrialdetik altxatzen den hitzaren gisan.

Bertute itsasargia.  Irrikazko abesti.Arabako sakontasunetik azaleratzen den edertasun zurrusta.Korapilo bakoitzean datza edan duzun eguzkia, elikatzen zaituen ura, sustengatzen zaituen lurra, mahastizainaren bilobaren eskua.

Burgoia, gerlari harrotua, sendoa eta betierekoa dirudizu, dena zugan umila eta zaurgarria denean, gelditasun purua, jotzear den pianoko tekla.Ildaska zaharraren erdian isiltasun otoitzak goratzen dituzu.

Zuhaitz ñimiño, estatua oparoa.Zugan bizitza dago, mahastien saldo mugagabean agertzen den argia.

Haize-zuzia, Arabako Errioxa sustengatzen duen zutabe.Dorre.Tenplua.

Ardoaren iturburu.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*