Inoiz esan ezin diren estalitako egien oihurik bortitzena

Mahai baten bueltan hitz egitea, ardo on eta afari bikainarekin. Euskal gatazkari buruz dugun oroitzapenez hitz egitea, gure herriak bizi izan duen indarkeria sasoiaz aritzea.

HITZ zintzoez zipriztindutako topaketa. Gastronomiaz eta ardoz osatutako zubia.

Bizkaiko hogeita bi lagunek topaketa berezi bat izan dugu berriki: hitz zintzoz, gastronomiaz eta ardoz zipriztindutako topaketa. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Idazkaritzak finantzatutako ekimen hau Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Elkarteen Foroak sustatzen du. Foroa Euskadiko 27 elkartek osatzen dute.

Afaloste du izena, eta helburutzat dauka errespetuan oinarritutako espazio bat sortzea, sukaldean aritzeko eta euskal gatazkaren bizipenei buruz hitz egiteko. Sakontasuna ardatz hartuta egindako topaketa da… Janaria zein edaria erraz eta ondo sartzen dira. Partekatzen ditugun hitz zintzoak, ordea, beste kontu bat dira. Horiek digeritzen ari gara oraindik.

MAHAI baten inguruan egindako elkarrizketa eta bizikidetzarako seigarren topaketaren kartela.

Topaketa plurala, mahai baten inguruan, azken hamarkadetan Euskadin jasandako indarkeria politikoaren inguruko bizipenei buruz aritzeko. Jana, ardoa eta oraindik gainditzen ari garen asaldurazko garai haren oroitzapenetik erauzitako hitzak. Batzuek dagoeneko gainditutzat jotzen dute garai hori; alabaina…

“Helburua ez da inork beste inor konbentzitzea. Bihotzetik pentsatzen jarri nahi dugu, eta elkarrekin gogoeta egin. Gai batzuek kirrika egiten digute oraindik, eta ezinbestekoa dugu beharrezko espazioa ematea. Elkarri begiratu behar diogu, berreraiki ahal izateko”, azaldu zuen Iñigo Retolaza topaketaren dinamizatzaileak.

Bazkaltiarrak, pixkana, Bilboko Umore Ona Txokora iristen joan ginen. Parte hartzaile bakoitzak elikagai bat eraman behar zuen, azken hamarkadetako indarkeria garaian bizitzako une garrantzitsuren batekin lotura zeukana. Eta elikagai horiekin hasi genuen elkarrizketa.

BILBOKO Txoko honetan egon ginen elkarri entzuten.

Ekainaren 5eko 19:00ak ziren. Txokoan, afari eder bat prestatu zuten bazkideekin batera, Bakeola, Gernika Gogoratuz eta Gernikako Bakearen Museoa Fundazioko hainbat kide ere bazeuden.

Biribilean eseri ginen. Begiradak konfiantzaz gurutzatzen genituen. Elkarrizketarako gune bat ireki zitzaigun pare-parean. Ez zeuden ahots guztiak, baina gutariko bakoitzak bere ahotsa zuen, bere oroitzapen pertsonala, gainerakoena ez bezalakoa. Eta hitz egitean, batak besteari eusten genion.

DAGOENEKO sei Afaloste topaketa egin dira Euskadin.

Guztia zen ongi etorria. Euskara zein gaztelania. Ideologia guztiak. Zumitz guztiak. Herri guztiak. Auzo guztiak. Bizilagunak, bata besteari aurpegiak jarriz, lasai eta erabateko errespetuz hitz egiteko. Galderarik gabe. Bakoitzak hitz egin zezala. Edo isilik egon.

“Entzutera eta ikastera gatoz”, esan zuten berehala bi pertsonak. Gainerakook baietz egin genien buruarekin. Askotariko jendea zegoen. Gizarte aktibista bat, feminista bat, bi marokoar, bi irakasle, pozez beteta baina estresatu samar dabilen erretiratu bat, txokoko bazkideak, bi kazetari, zaintza aringarrietan espezializatutako mediku bat… eta horrela, hogeita bi pertsonara arte.

“Hauxe izan da euskal ‘gai bakarra’ gu jaio ginenetik”, bota zuen batek. “Nire aburuz, euskal gatazkak bere horretan jarraitzen du oraindik ere”, esan zuen beste batek. “Niri oso urrunekoa egiten zait. Aitortu behar dut sekula ez dudala gai horri buruz hitz egin… Agian, oraintxe da horretarako unea”, aitortu zuen, zintzo, Cristinak. “Indarkerian oinarritutako gure iraganaren oroitzapena irudikatzen du. Hitz egiteko eta pentsatzen duguna adierazteko beldur pixka bat daukagu. Baina beharrezkoa da elkarrizketa”, esan zuen Jose Luisek.

LEHENIK eta behin, bakarrizketak entzuteko aukera izan zen, biribilean; ondoren, mahaietara joan ginen.

“Lagun taldetik kanpora sekula ez naiz horri buruz aritu, baina onartu behar dut hitz eginez eraikitzen dela gizartea. Elkarrizketari beldurra kentzeko modu bat da”, adierazi zuen beste parte hartzaile batek. “Hainbat hamarkadatan asaldatuta bizi izan gara, atsekabetuta. Gure herrian dauden pertsonak adina oroitzapen daude”, ziurtatu zuen beste solaskide batek.

Adierazpen bakoitza interes bereziz jarraitzen genuen gainerakook. Begi guztiek bultzatzen zuten hitz emaria. Ez genuen elkar ezagutzen, baina komunitate bereko herritartzat geneuzkan geure buruak, eta hurbileko sentsibilitatea guztiok.

Iñigok “denboraren espirala” deitu zion zerbait jarri zuen zoruan. Espiralaren erdian, kuxina bat, eta haren gainean, tibetar kaiku bat. Eskatu zigun, geure bizipenak kontatu ahala, han uzteko ekarritako elikagaiak. Eta, gero, guztion oroitzapena osatutakoan, kaikua ukitu, eta soinua aterarazi behar geniola.

“DENBORAREN espiralean” jarritako zenbait elementu.

Egonaldia oroitzapen pertsonal zein kolektiboaren santutegi bat izan zen, non hitzek distira egiten zuten gure oroitzapenen artean. Ez zen erritu bat, baina guztioi esker, giroa zintzo eta eskuzabala bihurtu zen.

Topaketak interpelatu egiten gintuen, eta hala, Xabier Leteren bertsoak dioen bezala, guztiok geunden hesia urratzeko prest, gure pentsamendurik sakonena azaltzeko, ia inori edo inori ere esaten ez diogun hura adierazteko. Adierazi gabeko hura gorpuzten ari zen. Gorputza eta arima.

HAMAIKA hitz partekatzen ziren bitartean, txokoko mahaiak zain genituen…

Orain artean esan ez badut ere, 22 pertsona horien artean alde bateko zein besteko biktimak zeuden. Oraindik, baina, badira idazteke dauden hitzak.

Iñigok ogi mutur bat eraman zuen. Eta haren haurtzarora garraiatu gintuen, 1975. urtera, diktadorea hil aurretiko garaira. Poliziakideek bere gurasoak atxilotu zituzten Saloun. Jarraian, biribileko beste kide batek ‒Elorriokoa bera‒ kontatu zigun txikitan, 7 bat urterekin, laguna zuela ETAk hil zuen guardia zibil baten semea.

Mutiko hura hegoaldera itzuli omen zen amarekin. “Laguna galdu nuen. Eta baita xalotasuna ere”. Denboraren espiralean txokolate ontza bat utzi zuen, garai hartan partekatutako ogitartekoetan jaten zuten txokolatearena.

ESKUEK idazten dute bihotzak eta oroitzapenak sukaldean prestatzen dutena…

Pixkana-pixkana, zirkuluko lekukotzetatik aterata, beste hainbat elikagai utzi zituzten: arrautza bat, babarrun poto bat, ahuakate bat, piper poto bat, arroz pakete bat…

Cristinak gogoratu zuen telebistan Yoyesi buruzko dokumental bat ikusi zuten gau hartan, oheratu ondoren, etxepeko Peugeot kontzesionarioan amonal lehergailu batek eztanda egin zuela. “Gure etxeko leihoetako kristalak airean atera ziren… LKIko militantea nintzen, baina urte horretan ez nintzen nire erakundearen kartelak itsasteko gauza izan, HBrentzat eskatzen baitzuten botoa”.

DOLORES Gonzalez Catarain, “Yoyes”-ek presentzia handia izan zuen Bilboko topaketan.

Eta horrela… ozpin botiletara iritsi ginen. Iñakik euskaraz kontatu zigun Euskaditik kanpo jaio zela, bere familiak kanpoko lurretan bilatu baitzuen babesa, aitari ‒BBVn lan egiten zuen‒ “iraultza zerga” eskatu ziotelako.

Izen asko jarri zituzten mahai gainean. Aldaia, Ortega Lara, Miguel Angel Blanco, Gregorio Ordoñez, Isaias Carrasco, Maria Dolores Katarain “Yoyes”, Hipercorreko biktimak, Eduardo Madina, Fernando Buesa…  “Etxabetarren historia” ere aipatu zuten: ETAkoa ez zen anai bakarra akabatu zuten. “Ozpina dakart, zapore mingotsa baitaukagu”, esan zuen Iñakik.

“KALE borrokak” erretako autobusak ere aipatu zituzten.

Norbaitek gogoratu zuen iraganean fraidea izan zela, eta eskolak ematen zituela Arrasaten. Hantxe igaro omen zituen bere bizitzako 18 urterik garrantzitsuenak. “Parrokiak lokal batzuk utzi zizkigun. Parrokoak guk handik alde egitea nahi zuen, eta gezur bat zabaldu zuen. Esan zuen norbait atera zela lokaletik fusila sorbaldan zuela, eta mesfidantzaren birusa erein zuen. Geure artean geneukan adiskidetasunari esker, hazi hark ez zuen fruiturik eman”.

“Hain zapore mingotserako… ozpina dakart”.

“DENBORAREN espiralaren” ertz batean geratu zen ozpina.

Itziarrek, berriz, bestelako historia baten lekukotza eman nahi izan zuen, eta ur gozoa ekarri zuen. Baina bere burua ere harrituta utzi zuen nerabezaroko kontakizun bat kontatzen hasi zenean. Aita kale garbitzailea zuen Elgoibarren. Alaba menderakaitza zuen hark. 1966an, Bermeora joan omen zen alaba lagun taldearekin, euskal jai batzuetara. Bidean, guardia zibilek geratu egin omen zituzten, eta 25.000 pezetatako isuna jarri. Eta bi aukera: edo ordaindu, edo kartzelara.

“Nik kartzelara joan nahi nuen, egintza epikoa izango baitzen, eta gainera, nire familiarentzat izugarrikeria bat zelako 25.000 pezetatako isuna ordaintzea. Alabaina, aitak kreditu bat eskatu zuen, eta ama Gobernu Zibilera joan zen, zorrak kitatzera. Politika gai tabua zen garaian, klandestinitatean hasi nintzen militantzian. Elgoibarren ETAk egindako atentatu ugari gertatu ziren. Gurasoek uste zuten erakunde armatuko kidea nintzela. Eta egia esan ELAkoa nintzen, hots, Euskadiko mugimendu sozialistako kidea”.

ZABORRA bota eta margotu egin zuten Donostiako EAJren batzokia.

Afalosteko beste konfidentzia kide batek 1979. urtera eraman gintuen bere istorioarekin. 10 urte zituen. “18 urteko nire lehengusu bat atxilotu, eta polizia etxean torturatu egin zuten. Gogoan dut osabak obsesio bakarra zuela: ez ahal zuen inor akabatuko, arren eta otoi, ez ahal zuen inor akabatuko.

MIGUEL ANGEL Blancok presentzia izan zuen Bilboko Afaloste topaketan.

Kontakizun eta kontakizun artean, tibetar kaikuaren ‘gong’ hotsa entzuten zen. Eta, ondoren, erabateko isiltasuna. Norbaitek esan zuen ez zekiela zer kontatu behar zien gatazkari buruz bere seme-alaba nerabeei. “Ni bezala pentsatzen dutenekin baino ez dut hitzik egiten. Ez dakit zer kontatu seme-alabei. Ez da erraza… Batzuetan iruditzen zait irteera bakarra ez hitz egitea dela… frankismo garaian gure gurasoek gurekin egin zuten bezala”.

Milaka istorio nituen buruan. Kazetaritza dela tarteko –Radio Euskadin aritu bainintzen garai batean–, gure herriarentzat oso mingarriak izan ziren uneak bizi izan nituen. Irratiko unitate mugikorrarekin anbulantzia edo poliziakideen aurretik atentatura iritsitakoa naiz. Gainera, elkarrizketak egin nituen, eta liburu batean jaso kale borrokarekin lotutako 36 gertakizun. Izugarrizko ikara eta min amaigabea biktima bakoitzarentzat.

AURRETIK beste batzuk hitz egin izana garrantzitsua izan zen, guk orain hitz egin ahal izateko.

Bilboko Afalostean (beste bost egin baitira aurretik: Irunen, Etxebarrin, Amurrion, Gernikan eta Donostian), nire burua zein bihotza bizipenen zurrunbilo ziren, inolako ordenarik gabe oldartzen zitzaizkidanak.

LAGUN eta Maria Teresa Castells ere aipatu zituzten, kulturari kolpea eman zitzaionekoa gogoan.

Beraz, hesia urratu, eta hizketan hasi nintzen. Nirea ez da oihu bortitza. Jakin badakit oraindik asko dugula hitz egiteko, kontatzeko, badakit oraindik badugula egia esateko eta elkar sostengatzeko beharra. Gu guztion artean hitz egin eta egoera sendatu beharko dugu. Kanpoko inork ezingo du gugatik egin. Biribil bat ezin hobea da elkar sostengatzeko. Mahai on bat, bolaluma bat, papera, afari bat eta sagardo edo txakolin trago batzuk lagungarriak izango zaizkigu. Ardoa ere bai, egonez gero. Eta Arabako Errioxakoa bada, askoz ere hobeto.

 

Azken hatsa huela

bertsorik sakonena

inoiz esan ezin diren

estalitako egien

oihurik bortitzena.

Hesia urraturik

-Xabier Lete-

 

 

*Afalosterako deia egin duten pertsonak ziur daude harremanak normalizatzearena gizarte osoari dagokion egitekoa dela.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*