“Herritik jaso, herriari itzuli” edo

Nola bueltatu Arabako Errioxari berak eman didana

“Arabako Foru Aldundiko Mahastizaintza eta Ardogintzako Goi mailako Teknikari postua lortu dut”, esan nion harro, eta solaskideak irribarre beteaz erantzun zidan:

.- Lan gogorra, Diputazioa oso gauza serioa eta garrantzitsua da arabar nekazarientzat.da

.- Lasai aitona, egingo dut.

Horrela gogoratzen du aitona Nicolas Larreinarekin orain dela 35 urte izan nuen elkarrizketa; hamarkadatan errepresio frankista sufritutako gudari zaharra zen, Araba sakoneko arabar gogor eta soila, Korreskoa, eta foru erakundearen irudi ezin hobea transmititu zidan.

Uste dut egin nion promesa bete dudala, nahiz eta hasieran Araban lan egitearena urte gutxitarako planteatu nuen, ahalik eta azkarren nire Donostia maitera itzultzeko. Azkenean hogeita hamabost urte geratu naiz Arabako Errioxan.

Hogeita hamabost? Ziztu bizian igaro zaizkit; bertan oso ongi bizi izan naizen seinale. Kontua da arabar mahastizain eta ardogileek oso ongi tratatu nautela, Eskualdeak primeran tratatu nau, hain ongi, eze donostiar herriminak berehala ahaztu eta “txaketaz” aldatu nuen, Kantauriko lanbro, zirimiri eta grisura guztiak utzi eta argi mediterraneoari atxiki nintzaion, Arabako Errioxako beroari, ardoari, alaitasunari, azken hamaika mila egunetan automedikatzeko hartu ditudan “betiereko gaztetasunaren elixirraren” osagai ezin hobeak.

“Betiereko gaztetasunaren elixir” horrek funtzionatu egin du nirekin, seguru diotsuet,  eta horren froga da sano eta sasoian nagoela, “gazte”, gogotsu, nire une intelektualik onenean, heldutasunak ematen duen barne bake horrekin, legealdi honetan mahastizainentzat eta Diputazioarentzat lanean jarraitzeko motibatuta, eta beharbada 2020 edo 2021era arte…

Dagoeneko ezeren bila ez dabilenaren apaltasunaz lanean jarraitu, Arabako Errioxa zoragarri honek eman didan guztitik zerbait itzultzeko asmoarekin.

Herrialdeak eman didana itzuli. “Herritik jaso, herriari itzuli”. Zein gustuko dudan amona Nicolasa Lasak errepikatzen zidan Aita Barandiaranen esapidea, hura ere ataundarra izanik.

Hori egin nahi izan dut urte hauetan guztietan: jende hauek eman didatenaren zati bat itzuli, nire funtzionario lanarekin itzuli, eskatu izan didatenean, eta eskatu ez didatenean nire idatziekin, liburuekin itzuli, Blog honekiko konpromisoarekin; konpromiso zaila, benetan diotsuet, intelektual “libre pentsalariaren” eta hamaika arau burokratikoren mende dagoen funtzionarioaren oreka ezinezko horretan.

Horregatik, gaur aurre-erretiroa hartuko dut, banoa Diputaziotik, ulertzen dudalako “funtsezko une” honetan gehiago egin dezakedala Arabako Errioxaren alde kanpotik gero eta esklerotizatuago dauden erakundeen barrutik baino. Alegia, banoala burokraziatik, errutinatik… nire diputatuei argi azaldu diedan bezala baina ez oa Arabako Errioxatik, horrekin betiko konprometituta nago eta. Eta ez noa triste edo nekatuta ere, aldendu derrotismo oro, “topera” noa, pilak kargatuta, gogotsu.

Despedidako artikulu hau argitaratzen denean utzita izango dut nire foru bulegoa, jada aurre-erretiratuta egongo naiz, eta hitzak berez ez dit ez bozkariorik ez beldurrik ematen, baizik eta bakea eta esker ona, besterik ez. Esker ona HOGEITA HAMABOST urte luze hauetan denbora batez pixka maite izan nauten mahastizain, ardogile, funtzionario eta politikarientzat, teknikari ona eta pertsona hobea izaten lagundu didazuen lagunen zerrenda luze horrentzat. Eskerrik asko, mila-mila esker, inoiz ez dizuet behar beste aldiz esan.

“Frantsesen” erara noa nolabait, aitortzen dut, eta donostiarrak frantsesetik asko dugulako, baizik eta berezko herabetasunagatik, eta inoiz ez ditudalako despedidak maite izan. Baten bat haserretuko da nirekin azken lanegunean elkarrekin egon eta diodalako esan banindoala, baina kontua da nik hau ez dudala amaiera edo despedida bat bezala ikusten. Asko jota helbide elektronikoaren aldaketa, lehenago zena zelakoa, orain miguel.larreina@gmail.com izango delarik, telefonoa betikoa izango da eta zuentzat libre egongo da, beti bezala; horrenbestez, Arabako Errioxaren alde lan egiteko deitu nahi didanak oso erraz aurkituko nau.

Adibidez, Diputaziotik kanpoko lehen egunetan, nire “benevol” lana izango da UNESCOk Arabako Errioxa-Sonsierra Ardogintzaren Kultura Ondare deklaratzea; proiektua zaila da, baina onura ugari ekar ditzake arabar mahastizain eta ardogileentzat. Asmoak buruhausteren bat eragin diezadake, baina maitasuna horrelakoa da, logika handirik gabe jardunarazten gaitu, eta kontua da irakurlea lerro hauek irakurtzen ari denean ni neure sanferminetako entzierro berezian korri egiten joango naizela, aditu, politikari eta katedratikoen kolektibo baten aurrean neu bakarrik, Arabako Errioxak Balio Unibertsal Bakana (BUB) duela frogatu nahian.

Nola iritsi ote naiz gehienek ikusten ez duten BUB bat ikustera? Zergatik ari naiz defendatzen “Donostiako Kontxak BUBa” duela? Zergatik gustatzen zait hainbeste arriskuak hartzea eta kausa zailak defenditzea? Ez dakit, beharbada Nicolas Larreinarengan eta etxeko gainerako zaharrengan egongo da “porrotez porrot amaierako garaipenera arte” joateko dudan zaletasun honen giltza.

Laster arte.

miguel.larreina@gmail.com 

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*