Gutuna Carlos Cuevas kontseilariari gutun irekia bere AVEren gainean

Errioxako Sustapen Kontseilari Jauna:

Azken asteotan etorkizuneko AVE trena Arabako Errioxa eta Errioxa Garaiko mahastietatik pasatzeko defentsa irmoa egin duzu hainbat komunikabidetan. Zure hitzak ez dira nahikoa baloratu, Araban ez zarelako ezaguna, beraz zure curriculumaren azaleko deskribapena egitea komeni da, ulertu dadin ez garela edozelako politikari bati buruz ari, eskarmentu handiko eta oso trebea den politikari baten aurrean gaudela argitzeko.

Carlos Cuevas kontseilaria: politikari boteretsua eta Errioxako AVEren sustatzailea.

Zu, sinplifikatzen usten badidazu, Errioxako AVEren “factotuma” zara, gaia sakon ezagutzen duena, Gorteko bulegoetan autoritatez paseatzen duen “probintzietako” politikaria, urte askoan Errioxako PPren idazkari nagusia izan baitzara, senataria, Sanz lehendakariaren eskuineko eskua (gaur egun Senatuko lehendakariordea)…

*Miguel Larreina González

Errioxako herri bakoitza ezagutzen duzu, alkate bakoitza, zure alderdiko 60.000 boto-emaileen gehiengoa, beste latitude batzuetan kopuru oso baxua, baina hor nahikoa Rajoyri, hauteskundez hauteskunde, azken 22 urteetan, gaur egun kontrolatzen duen Komunitate Autonomo gutxienetako baten gobernua emateko. Hori dela eta, gizon indartsua zara, bere Ministroarekin hari zuzena duena eta, beraz, baliorik gorena eman behar zaie hurrengo adierazpen publikoei:

Urtarrilaren amaierako Vanguardiakoa bezalako titularrak ez zaizkigu komeni

“Cuevasek Arabako Errioxako ibilbidea errefusatzen duten euskal instituzioak espresuki ohartarazi ditu Errioxak Ebroren alde honetatik jadanik azpiegitura asko dituela eta, beraz, azterketa informatiboan, ingurumen inpaktuaz gain, ekonomikoa baloratu beharko dela, 700 eta 1.000 milioi euro arteko proposamenekin. Gustuko ez dudanez, auzokoarentzat izan dadila; argudio hori ikusi dugu jadanik hondakin planta batzuekin”.

“Kontseilariak AVE bezalako izaera estrategikoa duen azpiegitura bat mahastiak eta ardoaren paisaia babestearen gainetik dagoela azaldu du: estatu mailako azpiegitura batez ari gara, eta ezin da herri edo autonomia mailako babesek mugatua egon”.

AVEren inpaktu paisajistiko eta soziala itzela izango litzateke Arabako Errioxa-Sonsierran .

Jakina da zu eta Errioxako beste politikari batzuek ez duzuela gustuko UNESCOk gure ardoaren paisaia saritzeko aukera, eta, bestalde, arrazoi duzu esaten duzunean balizko Gizateriaren Ondare adierazpen horrek edo “Interes Kulturaleko Ondasuna” izateak ezin dutela “interes publikokotzat” hartutako obra baten galga izan.

“Azpiegitura bakoitzak eragin bikoitza du, ekonomikoa eta ingurumenekoa… kontuan hartuko da zein den Espainiaren eta Errioxaren interesetarako aukerarik egokiena”. Zuk argi daukazu ministroak Errioxarentzat mesedegarria den aukeraren alde egingo duela, ez Arabarentzat, AVE Arabako Errioxatik pasako dela, ingurumen inpaktuaren ikerketa erraz gaindituko duelako, zure Arabarako proposamena zentzugabekeria dela, baina ez BIDERAEZINA ezta LEGEZ KONTRAKOA ere, ergelki uste genuen moduan.

AVE planteatze soilak Munduko Ondare Adierazpenaren agurra suposatuko luke.

Kontseilariak adierazi duenez, “1.600 milioi euroko balioa duten inbertsioez hitz egiten ariko ginateke, Errioxak sekula izan ez duen inbertsio batez, beraz ministroak erregioarekin agertu duen sentsibilitatea eskertu egin behar da”. 1.600 milioi euroko xahubidea (267.000 milioi pzta.), hau da, Errioxako familia bakoitzak 4 milioi pzta “erretzea“. Eta horren ehuneko hamar besterik ez Gizarte Ongizate, Hezkuntza edo Osasunera bideratuko balukete?

AVEren ibilbidea irizpide alderdikoiekin aukeratzen ari da teknikoekin baino gehiago.

“Cuevak «pazientzia» eskatzen die AVEren aukerekin deseroso dauden Errioxako alkateei”. Neuk argitzen dut gehienbat bere alderdiko alkateak direla, beraz, lerro artean zure jendeari esaten diozuna irakur daiteke: “lasai, izan konfiantza nigan, dena daukat kontrolpean baina ez nahastu bazterrak”.

AVE Sonsierra malkartsu honetan oso garestia aterako litzaiguke hainbat zentzutan (San Vicente).

Zure diskurtsotik ondorio asko atera ditzakegu, baina artikulu honetan ez direnez sartzen bakarra azpimarratuko dizuet. Hautematen den lehen gauza da zu ez zarela objektiboa eta ez duzula izateko asmorik ere. Zure diskurtsoa alderdikoia da eta ez diotsut nik, ondo ezagutzen zaituzten estatuko komunikabide batek esaten dizu:

“Sustapenaren dilema, Arabako Errioxa suntsitu edo PPren gotorleku bat ahuldu. Ibilbiderik merkeenak Arabako Errioxako mahasti asko mehatxatzen ditu; zonalde enblematiko hori salbatzen duten aukerek Errioxako mahastien lurraldeak kaltetzen ditu, Alderdiaren gotorleku tradizional bat. Alternatibak ez dira soilik arlo ekonomikoan Gobernuarentzat; Exekutiboa kontrolatzen duen alderdiarentzako kostu politikorik txikiena dutenak ere izango lirateke.

AVE Ojako lautadan eraikitzeak kostu paisajistiko eta ekonomiko txikiagoa izango luke.

Eta datu estatistiko labur batzuek agerian uzten dute zergatik izango den oso zaila Ministerioari eta zuri objektibotasuna eskatzea: Errioxako PP Gobernu Autonomiko bat da Rajoyrentzat, ehunka alkatetza, 6 diputatu eta senatari, Senatuko lehendakariorde bat… eta Arabako Errioxak mila boto eta hiru alkatetza txiki besterik ez dio ematen. Datu horiekin, ulergarria da zuk errealitatea desitxuratzea, zure txapeletik abilki 4 iruzur atereaz:

1. IRUZURRA: Faltsua da ibilbidea Sonsierratik hego bazterretik baino merkeagoa dela esatea. Zifrak azpijokoan moldatu dituzte eta zerorrek argitzen duzu hori hurrengo hau esatean: “informazio bakarra 1:25.000 eskalako kartografiak dira, eta azterketarekin 1:5.000 eskalan izango ditugu ondorioak ateratzen hasteko”. 1:25.000 eskalan ez dago proiektuaren kostu erreala ebaluatzeko modurik, Sonsierra Ojako ibarra bezain lau eta erraz agertzen baita, nahiz eta, zerorrek ezagutzen duzun moduan, “Arabako Errioxa-Sonsierra” bidea motzagoa baina askoz nekezagoa izan.

Arrazoizko alternatiba bat egungo ibilbideak berregituratzea izango litzateke (San Asensio).

2. IRUZURRA: Faltsua da lau aukera horiek besterik ez dagoela esatea. Askoz alternatiba gehiago daude eta merkeagoak, adibidez, egungo trenbidearena AVEk eskatzen duen dimentsioetara ezin hobeto zabaldu baitaiteke, erantsitako argazkietan ikus dezakezun moduan. Gaur egungo ardatz hori %75ean erabiltzeak, puntu gatazkatsuenak berriro eginez, erabiltzen ari zareten aurrekontuaren herenarekin egin ahal izango litzateke eta ez luke ia inpakturik izango Paisaian ez ardogileengan. Zergatik ez duzu nahi soluzio hori Errioxa Garaiko ibilbidean eta bai nahi duzu Errioxa Behereko ibilbidean?

Egungo ibilbidearen %75 AVErako berregituratu daiteke txikizio handirik gabe (Briones)..

3. IRUZURRA: Faltsua da hegoaldeko ibaiertza beteta dagoela eta iparraldekoa arindua esatea. Adibidez, Ministerioak 1. eta 2. alternatibak pasatzea planteatzen duen Ojako lautada handian 15-20 kilometroko zabalera dago. Ojako begiralekuan kokatzen den edozein behatzailek ikusiko du paisaia zabala, lan egiteko erraza, arindua, ardo tradizio eskasekoa eta Gizateriaren Ondare proposatutako nukleotik kanpo. Aitzitik, justu Ebroren beste aldean, UNESCOren hautagaitzaren bihotzean, 3. eta 4. Proposamenek igarotzen dituzten Bastida, Briñas eta S.Vicenten lur malkartsuak daude, 3 km eskaseko zabalera dutenak.

4. IRUZURRA: Faltsua da Euskal Herriak azpiegiturez gainezka jartzen zaituztela intsinuatzea. Ez, zeu zara zeure kapritxo garesti bat besteen lurraldetik pasa nahi duena. Autolekoa izan eta ipuin horrekin etortzeak ezjakintasun historikoa eta ekonomikoa erakusten du. Egia da bilbotarrek duela 150 urte “ardoaren eta barazkien trena” eraiki zutela euren populazio hazkorra hornitzeko, baina aldi berean egia da tren horrek zuen herria eurrez aberastu zuela ere, geralekuak egin ziren Errioxa Behere osoko eta Errioxa Garaiko nukleoetan.

Erraztasun topografiko bera arrazoi izanik, Euskal-Aragoitar autobidea Ebroren hegoaldeko aldetik egin zen duela 40 urte, zuen herriak euskal aldekoak baino askoz gehiago aberastuta. Zuk ondo gogoratzen duzunez, mahastiek eta ardoaren paisaiak baliorik ez zuten garaiak ziren haiek, balio zuena industrializazioa eta azpiegiturak baitziren, baina, aipatutako arrazoiengatik, Arabako Errioxa-Sonsierra ezer gabe geratu zen. Hala ere, mahasti zaharrek eta ardoaren paisaiak balioa hartu dutenean, hori besterik ez duten herriei, kendu egingo diezula esaten diezu, eskualdea hamar minutuan izar iheskor batek zeharka dezan.     

Zure adierazpenak irakurtzean barre egiteko arrazoi batzuk dituzula ikusten dut eta beste batzuek ikaratzeko.

Finean, Cuevas kontseilaria, eskerrik asko argi hitz egitearren, zure intentzioak, boterea eta argudioak erakustearren, euretako asko nahita faltsutuak izanik. Utzidazu azken hausnarketa bat egiten: inbertsio faraoniko justifikatu gabeen garaia joan zitzaizuen, gaur zintzo eta objektibitatez ekiteko sasoia da.

 

*miguel.larreina@gmail.com

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*