Guardiako Kristo Hautsia

Antonio Mijangos Guardiako apaizak besorik eta oinik gabeko Kristo baten egurrezko tailua aurkitu zuen, duela hiru urte, elizako bazter ezkutu batean; irudikatutako gorputzak zuloak zituen gerrialdean eta ezkerreko zangoan.Kristo Hautsi hori Erregeen Andre Maria Elizan dago, gaur egun.

ANTONIO Mijangos, duela hiru urte aurkitu zuen Kristo Hautsiaren eskulturaren ondoan.

Elizako atari ikaragarria zeharkatu orduko, gurutziltzatuta dagoen Kristo Hautsia ikusiko dute eliztarrek zein turistek, eta zur eta lur geratuko dira hari begira.Izan ere, hari begiratzea isilpean irakurtzea baita.

Bada dioenik irudi hori, berez, tenplu bat dela.

KRISTO Hautsiaren tailua, besorik gabea, Guardiako elizaren gurtzara itzuli da.

“Arren, ez nazazu zaharberritu!”, dio, erreguka, Kristo Hautsiaren irudiaren azpian dagoen testuak, hiru hizkuntzatan.

.- Zergatik ez duzu nahi zaharberritzerik, Jauna?

“Neu hautsita ikustean, hautsita, zapalduta eta mutilatuta bizi diren zure anai-arrebez gogoratzea nahi nuke. Besorik gabe, ez daukatelako lan egiteko aukerarik; eta oinik gabe, bideak itxi dizkietelako”.

“Ez nazazu zaharberritu!Ea neu ikusita beste haiez ere gogoratzen zaren, eta min ematen dizun. Ea horrelaxe nagoen bezala, hautsita eta mutilatuta, gainerakoen minerako gakoa izan naitekeen!”.

IDAZKI batek hiru hizkuntzatan azaltzen du zein den Kristo Hautsiaren esanahia.

Duela mende ugari –elizak egiteko bikoitza zuenean: erlijioarekin lotutakoa bata, eta militarra, bestea– korua eta kanpoko horma bat lotzen zituen pasabide batean zegoen tailua. Pasabide hori zen, hain zuzen, nafar militarren zaintza eta errondarako igarobidea.

Antonio Mijangos apaizaren aburuz, Kristo hori oraingoa baino lehenagoko erretaula bateko zatia izango zen.“Baina ez nago erabat ziur; beraz, misterio bat dugu argitzeko”. Itxura denez, kontsulta egin zaion zaharberritzaile eta historialari baten arabera, tailu errenazentista da, eta hondatu egin zenez, gurtzatik kendu zuten.

ELIZAREN atari zoragarriko atea zeharkatu bezain pronto ikus daiteke Kristo Hautsiaren eskultura.

“Korua txukuntzen ari nintzen, eta han aurkitutako guztia inbentario batean jasotzen. Hasteko, Guardiako organo jotzaileen hainbat partitura biltzen zituzten 15 edo 20 bat karpeta aurkitu nituen. Liburu zahar batzuk ere bazeuden…Eta armairua mugitzean, txoko batean Kristoren eskultura zegoela ohartu nintzen, bai eta San Joseren beste bat ere”, azaldu dit Antonio Mijangosek zehaztasun osoz.

“Hura ikusi, eta itsatsita geratu nintzen.Kontu handiz atera nuen handik, eserleku baten gainean jarri –gogoratu du Mijangosek–, eta tailuaren balioaz jabetzen hasi nintzen: gorputzaren harmonia, Kristoren aurpegi ederra…Egun batzuen buruan, Carlos Ruiz de Ocenda zaharberritzailearekin harremanetan jarri nintzen. Iaz hil zen…

PIPIAK egurrezko eskulturaren zati batzuk jan ditu; esaterako, gerrialdea.

.- Nahi izanez gero, besoak eta oinak egingo dizkizut; alegia, dena.Berri-berria geratuko da”, esan zion Carlosek.

.- Ez, ez. Nahiago dut dagoen bezala uztea.Pipiaren aurkako tratamendua ematea besterik ez dut nahi.Baina utz ezazu aurkitu dugun bezalaxe.

Gerora, Antonio Mijangos Aguraingo Alvaro Gastonekin jarri zen harremanetan, egurra zizelkatzen duen maisu industriala bera.90 urterekin, Alvarok hainbat bidaia egin zituen Aguraindik Guardiara. Gurutze bat zizelkatu zuen, eta kartel txiki bat gehitu zion, testu honekin: “INRI”, latinez “Ieus Nazarenus Rex Ivdeorvm” edo “Nazareteko Jesus, juduen erregea”.

“NIRE eskuak zure eskuak dira…”

Antoniok aipatu dit II. Mundu Gerran Frantzian bonbardatu zuten eliza baten historia irakurri zuela aspaldian. Zaborren artean, eskurik gabeko Kristo baten tailua azaldu zen.Antza denez, apaiza eskultore bila ibili zen, irudiari esku berriak egin ziezazkioten; baina ez zuen aurkitu bere gustura egingo zituen inor. “Nire eskuak –zioen apaiz hark– zure eskuak dira, Jauna”.

KRISTO Hautsiari begira dagoen bisitari taldea, apaizaren azalpenak entzun ondoren.

Guardiako apaizari galdetu diot ea zer dioten turistek, eta zer eliztarrek.“Turistak zur eta lur geratzen dira, eta irudiak zer iradokitzen dien pentsatzen hasten dira.Eliztarrak, bestalde, aurkitu dugun bezala gordetzearen alde daude”.

.- Eta zuk, Antonio, zer diozu?

“Elizara sartzen naizen aldiro begiratzen diot.Kristo Hautsi honek zirrara eragiten dit.Eta zaurituengan, baztertuta daudenengan eta abandonua jasan duten haiengan pentsarazten dit.Era berean, iruditzen zait tailu honek iraganarekin eta gure sustraiekin lotzen gaituela”.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*