Garaiak aldatzen ari dira

The times they are a-changin (Garaiak aldatzen ari dira), abesten genuen Bob Dylanekin hirurogeita hamarreko hamarkadan.Hitz horiek etorri zaizkit burura gaur goizean nire hiri berritik paseoan nindoala eta Bilboko itsasadarra orain dela hiru hamarkada nolakoa zen gogoratzen nuela, gaur egun denarekin alderatuta.

Bi errealitate erabat desberdinak dira, bata industriala, grisa eta itsusia; bestea turistikoa, argitsua eta ederra.Antzeko sentsazioak ditut egungo Donostia kosmopolita nire umezaroko eta gaztaroko Donostia lasaiarekin alderatzen dudanean.

Miguel Larreina*

Dena badoala, dena azkar aldatzen ari dela, irudipen hori intentsitate txikiagoz hautematen da Euskal Herriko landa eremutan, esate baterako Arabako Errioxan, non dena geldi, aldatu gabe dagoela dirudien, Erdi Aroko harresiak bezala, XVIII. mendeko jauregiak legez edo ehunka urte dituzten upategiak bezala.

GUARDIAKO harresia, 2019ko apirilaren 25ean ateratako argazkian.

Hori ez da nire kasua, 1980tik mahastizainen eta ardogileen hiru belaunaldirekin bizi izateak ikuspegi zabala ematen baitit, eta horrek ahalbidetzen dit argi eta garbi egiaztatzea Arabako Errioxak bizi izan dituen eta bizi dituen aldaketa sakon eta azkarrak.

Eskualdean gertatu diren aldaketak askotarikoak dira,eta egun hauetan egunkarietan agertutako anekdota batek oso ondo adierazten du hori: Arabako Errioxako herri jakin batean gazte talde batek bere hautagaitza aurkeztu du udal hauteskundeetarako; orain dela hogeita hamar urte hauteskundeetara alderdi beretik aurkeztu ziren pertsonen seme-alabak, ilobak eta bilobak dira, baina aldea badago, orduko zerrendan inor ez baitzen euskaldun eta oraingoan, berriz, guztiak baitira.Belaunaldi bakarra eta erabateko kultur aldaketa.

BILBO eta bere Itsasadarra… Nola aldatu den azkenengo hogeita hamar, berrogei urtean…!

Arabako Errioxako ardoaren munduan ere aldaketak itzalak ari dira izaten.Oraindik ikusi egiten dut laurogeiko hamarkadako aitona ardo biltzailea garrafoiak betetzen, upategian saldu ahal izateko, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako aita ardo biltzailearen irudiak nahasten zaizkidanean, botilaratzeko makina dotore eta txikiarekin kaxak prestatzen, batez ere Euskal Herrian saltzeko…

Eta, bat-batean, egungo ardogile gaztearen, aurrekoen biloba edo semea edo alaba, irudia agertzen zait, aireportuko terminalean Txinako, Estatu Batuetako, Alemaniako… ez dakit zein tokitara doala, telefonoz ingelesez ari dela urrutiko bezero batekin jargoi berezia erabiliz, jasangarritasuna, bioaniztasuna, ekologia, paisaia, historia… bezalako hitzak ulertu dizkiot.Le pregunto de qué hablabaisy me responde:“de mi vino y mis viñas de RiojaA lavesa, of course”. Zertaz hitz egiten ari ziren galdetu eta erantzun dit: “Arabako Errioxako nire ardoaz eta mahastiez, of course”.

ITXASO Compañon Arrieta eta Melanie L. Hickman, Eskualdean tinko ari diren bi emakume gazte.

Aldaketak, aldaketa ugari Arabako Errioxan: azken hogeita hamar urte hauetako belaunaldien jauzi hirukoitz horretan, bikoiztu egin da mahats uzta eta ardo kantitatea, bider bost egin du etiketatuen bolumenak, familiako upategi asko desagertu egin dira eta bestelako upategi asko ere bai, ekoizpena pertsona dinamikoenengan eta irudimentsuenengan kontzentratu delarik, erabat aldatu dira merkaturatze estrategia, ardo mota, bezero mota

Esate baterako, Arabako Errioxak baztertu egin behar izan zuen “cosechero” hitza, kanpoko botilaratzaile handiek, horietako asko “mahairako ardoa” botilaratzen zutenak, berenganatu egin baitzuten laurogeita hamarreko hamarkadan, zuen izaera kenduta, ez zuten artisau izaera naturala euren eginda.Gogora ezazue, orain dela hogeita hamar urte “Errioxako Ardogileak-Cosecheros de Rioja Alavesa” Elkartea sortu genuenean, hitz gakoa, Arabako Errioxari izaera ematen ziona horixe zela, “cosecheros”, “benetakoa”, “gurea”, betiko “savoir faire” adierazten zuena.

Baina, nioen gisan, oso urte gutxian “cosechero” hitza hitz gutxiesgarri bihurtu zen eta azkar desagertu zen etiketa guztietatik eta Arabako Errioxako ardoa sustatzeko kanpaina guztietatik.

CARLOS Fernandez, Bastidakoa, joan zen udan bere ardoak eskaintzen Eskualdean.

“Cosechero” hitzak bere indar komertziala galdu zuen bezala, “Rioja Alavesa” hitza ere, “ardo marka” gisa, pisua galtzen joan da azken hogeita hamar urteotan, batez ere gehiengoa den kanpo merkatuak ez duelako abizenetan erreparatzen, lehengo euskal bezeroek egiten zuten bezala, eta horren erakusgarri da Eskualdetik esportatutako botilak ez direla %2ra heltzen “Rioja Alavesa” izen esplizituarekin.

Eta hemen dago Arabako Errioxaren paradoxa handia, Eskualdean gertatu den aldaketa handia eta Gasteizen bizi diren hirikumeek oraindik ulertzen ez dutena: Rioja Alavesaardo marka gisa ahultzen zihoan bitartean, Arabako Errioxa indartzen joan da marka geografiko, turistiko, kultural, ekologiko, historiko, ekonomiko,… gisa.

MENDILERROAK hor dirau / Mahastizain eta ardogile berriek ideia berriak dakartzate.

Arabako Errioxa indartzen ari zen Araban, Euskadin eta inguruko eskualdetan, baina batez ere, eta hau da garrantzitsuena, indartzen ari zen Eskualdeko mahastizain eta ardogile gazteen garunean eta bihotzean.Duela gutxiko historian Arabako errioxar gehienek inoiz ez dute gaur besteko autoestimu handia izan eta euren Eskualdeak berezko dituen baloreei buruzko iritzi hain ona izan ere ez.

Gure ardogile gazteek gero eta prestakuntza hobea dute, gero eta bidaia gehiago egin dituzte eta, zalantzarik gabe, horrek lotura zuzena du autoestimuak gora egitearekin, kanpoan euren ardoak, euren mahastiak, euren balioak, Borgoinakoekin, Bordelekoekin eta mundu mailakoa beste lider batzuekin alderatu ahal izan dituztelako, eta oso ondo atera direlako konparazio horretatik. Bukatu da landa eremukoek berezkoa izan duten gutxiagotasun konplexua!

KIKE de Miguel, Mañuetakoa, bere anaia Arturorekin izaera erakusten Arabako Errioxan.

Arabako Errioxako gazte ardogileak harro daude egun euren lurrarekiko eta euren nagusiekiko, euren tradizio eta historiarekiko, euren paisaiekiko eta euren mahastiekiko.

Arabako Errioxa MAITE DUTE, bertan bizi dira bakarrik ehunka biztanle dituen herritxotan bizitzeak dakartzan zailtasunak gorabehera, egunero egiten dute Arabako Errioxa.Errealitatean, eurak DIRA gaurko eta biharko Arabako Errioxa.Oso ondo dakite zer nahi duten, oso ondo dakite zer duten jokoan ez badute asmatzen erabaki kolektiboetan, nahiz eta beldur gutxi diodan porrotari, gero eta gehiago direlako, hobeto prestatuta daudelako eta begiak oso zabalik dituztelako.

“MESEDEZ, eman bidea berriari”, eskatu zuen Dylanek 70eko abesti eder hartan.

Garaiak aldatzen ari dira, Arabako Errioxan ere bai, “hirikumeok, paraxutistok, sasijakintsuok” utzi diezaiegun gazteei Eskualdeko agintea hartzen eta norabide berria markatzen joan daitezen gauzak ondo eta gaizki eginez, aurreko belaunaldietakook egin genuen bezala.

 

*Masterra Mahastizaintzan eta Enologian.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*