Euskal Makila, Ardo ona bezalakoa

Zer antzekotasun dute ardo onek eta makilek? Itxuran batere ez. Eta halere…

MAKILA bat Euskal Herriko zerupean … Milaka daude lur honetan!

Goiz hartan Irunen nengoen, Beñat Alberdirekin solasean bere makilen tailerrean –Joxe Alberdi aitonak jarri zuen martxan, eta Euskadiko makila tailer bakarra da–, eta halako batean hitz zehatzak erabili zituen eta nik Blog honetara ekartzea erabaki nuen.

Julio Flor / Irun.

Makila euskal elementu tradizional bat da, ikono bat, eta bere bitartez bizitzan behin oparitan jasotzen duen pertsonari errespetua eta errekonozimendua erakusten zaio. Makila bakarra, beste inongo kulturatan ez baita markatzen egurra oraindik arbolan bizirik dagoenean. Euskal Pirinioetako basoetara mizpiraren bila doan artisauaren eta Ama Lurraren eginkizunaren lan konbinatua da. Hainbat osagai elkartzen dira: landa zabala, zuhaitzak, sua, artisautza, maitasuna…

Baina lasai, e! Lasai, oraindik ez baitut erakutsi makilek eta ardo onek nolatan duten elkarren antza.

BEÑAT ALBERDI, aitonak 1948an ireki zuen tailerreko atean.

Beñatek gero irakurriko duzuen moduan hitz egin zidan, eta nik erabaki nuen artikulu honekin sinbolikoki ohore, estimu eta mirespenezko Makila bat oparitu behar niela Arabako Errioxako jendeei, euskal tradiziotik, errespetu sakona erakusteko mila urtez lurra landu eta ardoa egiten diharduten atzoko eta gaurko mahastizain eta ardogileen hogeita hamar belaunaldi baino gehiagori.

Horixe gertatzen da makilekin ehunka urtetik hona. Gurasoengandik seme-alabengana pasatzen den tradizioa. Beñaten etxean, historia aitona Joxe Alberdi Arrutirekin hasi zen, eta hari jarraitu zioten Joxe Manuel Alberdi eta Iñaki Alberdi semeek. Orain Beñatek gobernatzen du Euskadiko makilen enpresa bakarra; eskuz eginak dira, antzina moduan.

Zerbait ederra gertatu zitzaion Beñati, multinazional batean zeukan lana utzi eta gartsu aipatzen duen tradizio honetara osorik emateko. Izan ere, elkarrizketako lehen hitzak grabatu aurretik, Beñat Alberdik hainbat mizpira makila landugabe hartu zituen esku artean, esanez “arima eta poesia” dutela.

.- Poesia?

BEÑAT makilen tailerrean, aitonaren argazkiarekin, mizpira baso margotu baten aurrean.

Bai, denak eskuz markatuta baitaude egurra oraindik mizpiraren parte zenean, eta gerora Ama Lurrak orbaintzen ditu ebaki horiek arbolaren adarretan; horregatik, makila guztiak desberdinak dira. Ez dago bi makila berdin. Horrek balio handia ematen die.

.- Makila landugabe horiek “tatuatu” dituzue, eta jarraipena egin, ume bat balitz bezala ia.
Horrela esan liteke. Pirinioetara joan gara, Iparraldera. Basoetara iritsi ginen eta… ez da erraza. Herri baso zein baso pribatuetan sartu behar da –dagokion baimena daukagu– eta mizpirak bilatu… berez ez baitago mizpira basorik, hau da, hemen bat eta han beste bat, eta han urrunean beste bi.

.- Pentsatzen dut arbola guztietan ez dagoela makilak egiteko adar egokirik.

IÑAKI Alberdi, Beñaten aita, Pirinioetan oinez makilak egiteko adar kargamentu batekin.

Bai ba. Mizpira batzuetan adar batek balio digu, edo bik, edo batek ere ez. Adar egoki horiei xafla pasatzen diegu azaletik, udaberrian, eta han geratzen dira, bizirik, arbola orbaintzen.
Sei hilabeteren bueltan itzultzen gara basora, neguan, markatuta utzi ditugun makilak berreskuratzera. Orduan mozten ditugu adarrak, tailerrera ekarri, labean sartzen ditugu azala kentzeko, eta orduan agertzen da erliebea, sei hilabete lehenago, udaberrian, egin genituen ebakien orbainak.
.- Ez dago bi makila landugabe berdinik, eta gerora ere ez da makila berdinik egongo.
Ez dago. Bi ardo berdin ez dagoen bezala.

MIZPIRA adar desberdinak euskal makilarako.

.- Zertaz ari zara?

Begira hemen gordeta ditudan makila landugabe hauek. 2014an moztu genituen, haiek 2013an… urtero uzta berri bat ekartzen dugu. Urte batzuetan markak oso onak izaten dira, eta beste batzuetan ez dira hain onak. Ardo ona bezala. Alegia, nik badakit 2010. urtea urte handia izan zena guretzat.

.- Badirudi markek hizkuntza sekretu bat gordetzen dutela.

Markak puntuak eta “olatuak” dira. Orain dela 300 urte ere horrelakoxeak ziren markak. Eta zoritxarrez ez dakigu esanahia, baina tira… guk tradizioari eusten diogu.

.- Lehenago esan didazu dokumentatutako lehen makila 1750ekoa dela, Baionako museoan aurki dezakeguna.

Anciart Bergara etxearena da, Iparraldean. Haiek eta beste artisau batzuek mantendu dute sua, tradizioa zaindu dute belaunaldiz belaunaldi. Beti aritu dira beste artisau batzuk inguruan bereak bezain makila onak egiten, baina haien meritua da 1700etik dihardutela horretan.

AITONAREN argazkia tailerrean lanean, Blogerako jarritako makila adar artean.

.- Nola sartu zen zure aitona Joxe Alberdi Arruti historia horretan.

Aitonak zura tailatzen zuen, ez zituen makilak egiten. Beste modu batera lantzen zuen egurra, baina Irunera etorri zenean, eta mugatik gertu egonik, makila ezagutu zuen, eta interes handia piztu zitzaion. Egiazki osaba Joxe Manuel eta gure aita Iñakik heldu zioten gaiari gartsu, eta Iparraldeko artisauekin jarri ziren harremanetan. 1980an hasi ginen, eta hemen jarraitzen dugu; orain ni nago buru.

.- Nora joan dira –zuk dakizula– hemen sortu dituzuen makilak?

IÑIGO Urkullu lehendakaria makilarekin, 2016an, Gernikan karguaren zina egiten.

Lehendakaritzara, diputazioetara, hamaika udaletara, eta mundu osora… Latinoamerikako lehendakari askok daukate, baita Ipar Amerikako batzuek ere. Aita Santu batuek ere izan zuten, Felipe Erregeak dauka (neuk egin nuen, eta De la Cuadra Salcedo kazetariak oparitu zion). Feliperen aita Juan Carlosek 4 edo 5 makila izango ditu, gure aitak eginak. Dena gizonezkoak esan dizkizut, baina emakumeek ere badituzte makilak.

JUAN PABLO II aita santua Carlos Garaikoetxea lehendakariak eman zion makilarekin.

.- Zer esanahi du makilak?

Errespetuaren sinboloa da. Beste pertsona bati errekonozimendua, edo maitasuna erakusteko egiten dugun zerbait, omentzeko, pertsonalki edo profesionalki estimatzen dugulako.  Gaur egun makilak bizirik jarraitzen badu euskal kulturarekiko errespetuaren ikonoa delako da.

.- Zuretzat oso lan berezia da?

Bizitzeko modu bat da. Aitak erretiroa hartu zuelako nago hemen. Nik nire lana neukan (segurtasun sarrailak esportatzen dituen multinazional batean ari nintzen), baina tradizio kultural bati jarraitzen erabaki nuen, betetzen ninduelako.

TELESFORO Monzon bere makilarekin, bere azken urteetako ohiko irudian.

.- Zein da lanaren une magikoa?

Niretzat gauza ederra da basora joatea mizpirak markatzera. Eta hilabete batzuen buruan bertan aurkitzea. Labetik ateratzerakoan egindako marken emaitza ikustea ere ederra da.

HIRU belaunaldi tailerrean makilak egiten: gurasoengandik seme-alabengana pasatzen den euskal tradizioa.

.- Zein neurritan da mizpira funtsezkoa?

Dena da garrantzitsua. Baina garrantzitsuena, zalantzarik gabe, mizpira grabatua da. Horregatik da euskal makila tradizionala berezia mundu beste kultura batzuekin alderatuta; horietan egurrez, larruz eta metalez egiten dituzte makilak. Baina beste inon ez da egurrari bizirik egiten zaion “tatuajea” lantzen. Zur tailatuak daude, baina gure ez da taila bat, baizik eta gizakiaren eta Naturaren uztarketa, izerdiaren bitartez.

.- Makila zergatik ez da beste egur batzuekin egiten?

Mizpira egur trinkoa eta malgua da. Eta begira, makila bat gaztainaz edo urritzez egiteko, diametroa lortzeko nahikoa litzateke bizpahiru urte, baina diametro hori mizpiran lortzeko HAMAHIRU urte behar ditugu. Oso poliki hazten da, poliki, eta horregatik oso egur gogorra da. Horrez gain, malgutasunaren ezaugarria dauka.

ALBERDIK arimaz eta poesiaz landutako makila ederretako batzuk.

.- Izan ere, zer diametro eduki behar du?

Gustuen arabera. Diametroa zentimetro bat izan daiteke, edo hiru zentimetro. Guk enkargupean egiten ditugu, eta horregatik jendea tailerrera etortzera gonbidatzen dugu, makilarako nahi duten adarra aukeratzera.

.- Jakina, zuk oraindik ez duzu zeure makila…

BEÑAT Alberdik uste du oraindik ez duela bere makila “merezi”.

Ez,ez, ez horixe. Oraindik ez dut merezi. Guraso batzuek erosi izan diote semeari edo alabari makila, esaterako, Medikuntzako ikasketak amaitu dituelako. Nik ez daukat; gainera, makila oparitu egin behar dizute.

.- Nork egin zuen zuen aitarena, izan ere, berak bai izango du bat, ezta?

Familia asko presionatu genuen egin zezan. Amak esaten zion “baina, zuk uste duzu normala dela etxean oraindik makilarik ez egotea?” Eta azkenean bere makila dauka, bana ez da aspaldi, e! Badakizu: “errementariaren etxean zotza burruntzi”… Oparitu genionean emozioa zegoen bere eskuetan.

 

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*