Eskualde txiki handia

Ikusi-makusi / Zer ikusi? 

ARABAKO ERRIOXA, hegazkin baten leihotik.

Hegazkinaren leihotik begira jarri, eta Arabako Errioxa ikusten dut. Badakit elkarbizitzan daudela ia mahasti hektareak (13.500) adina biztanle. Hemendik, ordea, ezin ditut ikusi. Jakin badakit trikuharriak eta historiaurreko herrixken hondarrak daudela.Herri harresidunak, herri elizadunak. Horko bidezidorretan ibilitakoa naiz, bost zentzumenak adi jarrita. Arkupeak, sakonerak, arteak, arbendolondoak, mahats lukuak, ardoa eta beste hamaikatxo gauza ikusia naiz. Ardoa… zeinen ardo ona!

Ikusi ditut usoak hegan, eperrak habia egin zuten tokia, basurdeen aztarnak, Herrera gainean elurra mara-mara, eta mahastizainak negarrez, arbasoen bizitzak gogora ekartzean.  Ikastoletan sartu naiz, non ikasleek euskaraz ikasten dituzten matematikak eta historia.

Hodei beltzak etor ez daitezen eta harri erauntsia egin ez dezan kandela bat pizten ikusi dut jendea. Ikusi ditut, halaber, ogiak, labetik atera berriak, txoritxo berdeen habiak, zeru urdinean hegaka doan zikoina, Ameriketako Estatu Batuetatik itzuli den semea, edo Berlindik bueltan datorren alaba gaztea.Lo kanta bat entzun dut, eta ama bat ikusi, familia osoarentzat otordua prestatu bitartean arropa lisatzen.

Arabako Errioxa gutxik bezala ezagutzen duen jakintsu baten alboan bidaiatuz gero, esango dizu hegazkinetik “Iparraldean laiotza”ikusten duela “eta hegoaldean, berriz, egutera. Pagadi ilunak iparraldean, eta idortasun argia, hegoaldean”. Kontatuko dizu “Arabako hegoaldearen bi aurpegiak” ikusten dituela: “gainaldea eta azpialdea. Bai eta bereizten dituen mendilerro estu bat ere”. Eta, azkenik, gehituko dizu “ehun sakanek pitzatutako mendilerroa” ikusten duela, “eta sigi-saga egiten duen ibai bat, Eskualdea apenas bustitzen duela”.

Nik, nahiz eta ahaleginak eta bi egin, ez dut lortzen hegazkin honetatik jendeak duen grinaikustea. Ez dut lortzen haien oroitzapenak ikustea, ez eta gaur –etorkizunean pentsatuz– Eskualde osoaren esku dagoena ikustea ere. Pertsona horien borrokarako espiritua ere ez dut ikusten. Ez ditut haien erronkak ikusten, ez eta haien ametsak edo desirarik sakonenak ere… Jakin bai baitakit ezinezkoa dela euren arimaren sakoneran gordetzen duten maitasunaikustea. Ezinezkoa, gidatzen dituen izarra ikustea. Ezinezkoa, Eskualdeko adorearen arrosa ikustea.

Saint-Exupéryk Printze Txikialiburuan idatzi zuen bezalaxe, funtsezkoa ikusezina baita begientzat. Ezin dira ikusi ametsak; kezkak eta zoriona ikusi ezin diren bezalaxe. Bihotzarekin baino ezin da guztia aratz ikusi, bihotzarekin baino ezin da sakonera begiratu. Ikusi-makusi. Zer ikusi? Ehun sakan ikusten ditut. Eskualde txiki handi bat ikusten dut.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*