Eskerrak emanez!

Arabako Errioxako beste herri batzuetan bezala, Eltziegon ere Eskerrak emateko eguna ospatu zen larunbatean. 

Eltziegoko nekazari familia batean jaio zen Jesus Fernandez Ibañez irakasleak ziurtatzen duenez, Eskerrak emateko eguna urteko egunik inportanteenetakoa zen, Eltziegoko etxeetan erlijioa eta familia ospakizuna uztartzen zireneko eguna izaki.  

Eskerrak emateko eguna esker onezko meza batekin ospatzen da oraindik ere. Lehen eta orain, beste ohitura sozial batzuk ere sartzen dira tartean, hala nola familia bazkari ederra; eta iragan urrunean, egun horretarako erositako arropa estreinatzen zen, mahats uztaren dirua jaso ondoren.   

Blogaren bidez, Eltziegoko zenbait herritarri eskatu diegu laster amaituko den urteari esker emate berezi bat egiteko, Eltziegon Eskerrak emateko egunean urteko ardoaren lehen botilak zabaldu zirela eta.

“Eskerrik asko gero eta Eltziegotarragoak egiten gaituzten pertsona eta gertaerei, nekazariei, ardo berrien gozamena eskaintzen diguten upeltegi jabeei, diosal egiten duten pertsonei, hitz egiten duten pertsonei, herriarekin uztartzen nauen familiari, herrian den gertaera musikal orori, herria beti baitago hor, herria egiten eta ontzen segituko duten haur guztiei esker”, esan dit Jesus Fernandez Ibañezek.  

“Ahaztu gabe –esan digu azkenik– erlijiozko elementu hau: Plazako Andre Mariaren irudia, zeinari etengabe ematen dizkiogun eskerrak bizitza honetan horrenbeste gauza emateagatik”. 

Bestalde, Juan Jesus Valdelana Eltziegotar upeltegi jabeak eskerrak eman nahi izan dizkie “nire aurretik izan diren eta lanean erakutsi didaten pertsonei. Eskerrik asko nire lurrari, zeren eta eguraldi txarra gorabehera, gurekin eskuzabal izaten segitzen baitu”.  

“Eskerrik asko nire lantaldeari, eta bereziki nire familiari –jarraitu du Juanje Valdelanak– zeren eta egunero laguntzen baitidate Naturaren eta azken produktua den Ardoaren arteko bitartekari izaten. Eskerrik asko bisitan etorri zaizkigun pertsona guztiei, beren bizitzako zatitxo bat gure bizitzaz jakiteko eman duten horiei guztiei. Eta –kantuak dioen bezala– “¡Gracias a la vida que me ha dado tanto!” (eskerrik asko horrenbeste eman didan bizitzari!”). 

Piti Alfaro dugu Gasteizko azken alkate errepublikanoa izan zen Tomas Alfaro Fournierren alaba. Pitik eta haren familiak etxea daukate Eltziegon. Bertan bizi eta gozatzen dute urtearen zati batean. Piti Alfarok eskerrak ematen dizkio “bizitzak oparitu dion guztiari, asko eta asko baita”. Eta Eltziegori eskertzen dio bereziki, “zorionekoa bainaiz munduko onena den herri hau babesleku dudalako, lagun onez inguraturik munduko ardorik onenak edanez”. 

“Eskerrak emateko egunak ulertarazten dit ez daukadala gauza guztietarako erantzunik, Naturaren mende gaudela eta herriaren antolamenduek, tradizioak eta bizikidetzak egun seinalatua daukatela hori adierazteko”, esan dit Victoria Cañas kazetari eta upeltegi jabeak.  

Gaurkoa bezalako egun batean –baloratu du– “badago naturaz gaindiko zerbait, Naturaren presentzia handia… nekazaritza ziklo bat amaitzen da eta komunitate bateko kide izatearen ideia eta herritarren loturak dantzan dabiltza. Gainera, gizaki zintzoari esker oneko izatea dagokio”, bukatu du Victoriak.

Luis Aldazabal Eltziegoko alkatearen arabera, Eskerrak emateko eguna “pozez betetako eguna da”, egun berezia Eltziegon. Esan digu berak eskerrak ematen dizkiola 2017ari, “apirileko izoztearen ondorioz galdutako mahatsak gorabehera. Eskerrak ematen dizkiet mahatsondoei eta nekazariei… Mahatsondoek, gizakiek bezala, tinko irauten dute, eta fruitu ona ekarri digute. Aurten ere, eskerrak ematen ditugu fruitu horiengatik”.  

Bere hitzen bidez, alkateak nabarmendu nahi izan ditu Eltziegoko hamabi upeltegik emandako urteko ardoak, HAMABI baita ere, zeinak azaroaren 25ean, larunbatarekin, dastatu eta edan baitziren. Kasu honetan, hamabi ardoen kritiko gisa ere jardun du Luisek: “2017ko ardoa desberdin dator, mediterraneoko kutsu handiz, berezi… eta, batez ere, nola esan… ikaragarrizko ardoa da!”.  

Hori guztia Eltziegoko ESKERRAK EMATEKO EGUNAREN jaialdian esan da, non 2017ko lehen “udazken” ardoak dastatu baitira. Izan ere, jaialdi hau eskualdeko herrien ondare ez-materialaren, arimaren eta bizitzaren parte da. Den-dena sortzen eta egiten da herrien baitan, eta arabar-errioxarrak izan dira Arabako Errioxan 2017ko ardoak noraino datozen onak lehenik probatu eta baloratu dutenak. 

“Guretzat ohorea da lehenak izatea ardoak dastatzen, Estatuan eta mundu guztian oraindik pixka bat itxaron beharko baitute probatu ahal izateko”, esan digu alkateak. Aurreneko ardo hauek edatea gozamena eta pribilegioa izan da guretzat. Eltziegon ez da besterik entzuten: “Ikaragarrizko ardoak dauzkagu!”

Eltziegon bezala, “Eskerrak emateko eguna” egun batzuk lehenago ospatu zen Lapuebla de Labarcan, eta askoz lehenago Oionen, Ekoran, Lantziegon… denak ere mendeetan lurreko fruituei, mahatsari edota gariari esker bizi izan diren Arabako Errioxako herriak. Zeruari eskerrak eman zaizkio zeren eta izotza eta harria gorabehera, uzta murritz baina kalitate handikoa izan baitugu.

Eskerrik asko Osasunagatik, eskerrik asko urteak ekarri digunagatik, errepikatu diote Blogari batzuek eta bestetzuek. Eta guk ere bat egiten dugu esker emate ekintzarekin.

Mila esker!

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*