Elvillarrek ‘Aingeru Guardako’ bat izan zuen 1939 eta 1940 artean

1930. urtetik 1940ra Elvillarreko parroko izan zen On Anastasio Arrinda Albisuk herritar batzuen fusilamendua saihestu zuen, eta, beraz, heroi etikoa izan zen gerran zein gerraostean.

Elvillarreko parrokoari esker, zeina Deban Anes Arrinda jauna izenez ezagutzen baitzen, Espainiako Gerra Zibila amaitu ondoren, 1939tik 1940ra, Frankoren tropek ez zuten inor fusilatu Arabako Errioxako herri horretan.Apaizak hainbat bider lagundu zuen zenbait atxiloketa egin ez zitezen, atxilotzeko unean bertan horiek geldiaraziz edo atxilotuak egun gutxiren buruan inolako kargurik gabe atera zitezen ahaleginak eginez.

ANASTASIO ARRINDAk bere apaiz garaiko urte garrantzitsua igaro zuen.

Urtebetez baino ez zen izan Anastasio Arrinda Elvillarreko parroko; zehazki, 1939tik 1940ra. Baina hamabi hilabete horiek lagun izan zituen bizitza osoan, harik eta 2004an Deban hil zen arte.Era berean, Elvillarreko adinekoek, Arrindaren garaikideek, beti gogoratu izan dute gizonak etikoki jardun zuela, euren bizitzak edo herrikideenak defendatuz.

Gertatutakoak zinera eramateko edo eleberri batean jasotzeko moduko istorio bat ezkutatzen zuen. Denboran lurperatuta geratu den arren, zinez egiazkoa den kontakizun honen protagonista gizabidezko heroi bat da: gerraren triskantzak familian sufritu zituen herritar bat; hain justu, askatasuna, bakea eta justizia desagerrarazi zituen gerrarenak, etika zapaldu, eta diktadurak iraun zuen berrogei urteetan giza eskubideak ezeztatu zituen gerrarenak.

Apaiz eredugarria izan zen, inondik ere.Heroia, gerran zein gerraostean.Elvillarreko herritarren hezur-haragizko aingeru guardakoa…Ezaugarri horiek guztiak ditu On Anastasio Arrinda Albisuk, Deban Anes Arrinda izenez ezaguna, nahiz eta bere familia osoa Lazkaokoa izan (Gipuzkoa hegoaldea).

EGUNSENTIA,  Elvillarreko mahastietan, non historiak argiaren garrantzia aldarrikatzen duen.

Istorio hau ahanzturatik berreskuratzeak ekarri digu hainbat ikerketa eta elkarrizketa egitea azken hiru hilabeteetan.Blogaren ikerketa lanari 2018ko urriaren 4an ekin genion, Alex Turrillas Aranzetaren artikulu bat argitaratu genuenean, “Elvillarreko aztarna suntsiezina” izenburupean.

“Seguru aski Elvillarreko gazteei ez zaie batere ezaguna egingo Anastasio Arrinda izena; hots, PYSBEren bakailao ontzien Ternuko lehenengo kapitainaren (Eustakio Arrinda) semearena -zioen Alex Turrillasek artikulu hartan-.Anes (halaxe baitzen ezaguna Deban) goren mailako pertsona izan zen: historiari eta etnografiari buruzko ezin konta ahala obraren egilea, eta haur literatura ere idatzi zuen.Hizkuntzalari bikaina izan zen, zerbaitegatik izan baitzen Euskeraren Erri Akademia-Euskerazaintzako lehendakaria”.

Artikulu hori irakurri bezain pronto -ikusgai dago Blog honetan-, gau hartantxe deitu zidan Elvillarreko mahastizainak, Cesar Bermudezek, eta esan zidan “oilo ipurdia” zuela, hunkituta zegoela, uste baitzuen han aipatzen zen pertsona, bere aita Luisek kontatu zionez, Anastasio Arrinda apaiza izan zitekeela, heriotza ziurretik salbatu zituena Elvillarreko hainbat bizilagun.

CESAR Bermudez, bere mahastietako batean. Gizon honek jarri ninduen istorio honetatik tiraka.

Cesar Bermudezek azala laztuta zeukan, hunkituta erabat, aitak etxean kontatu baitzien “apaiz bati esker” ez zutela “inor fusilatu Elvillarren, ezkerrekoak ziren herritarren talde bat fusilatzeko saioa eten zuelako, fusilatzera bidean zihoazenean”.

Itxura denez, herrian atxiloketa izan zela zabaldu zen -1939. edo 1940. urtea izango zen-. “Ibilalditxo” bat eginarazten zieten, eta helmugan, pertsona horiek amaiera tragikoa izaten zuten.“Gure aitak esan zidan apaizak esku hartu zuela”.

Hurrengo egunean, Elvillarreko mahastizainak bere amarekin hitz egin zuen, eta berriz deitu zidan.“Esku hartu zuen apaizaren izena aipatu ere egin gabe, amak ziurtatu dit ‘Anastasio Arrinda’ zela”.

2000. urteko martxoan, Anesek bere izena daraman pasealeku bat inauguratu zuen Deban…

Cesarren aitak, Luis Bermudez Olanok, aspaldian proposatu zuen Udalak kale berriren bati Anastasio Arrinda izena jar ziezaion; zehazki, 90eko hamarkadan, Elvillarreko EAJko alkateordea izan zenean.Proposamenak, baina, ez zuen izan merezi zuen jarraipena.“Gure aitak ez zuen ezer utzi idatzita, eta proposamenaren aktarik ere ez zen jaso”, kontatzen digu orain Cesar Bermudezek.

.- Zuen aita Anastasio Arrindari buruz ari zen?

Zalantzarik gabe.Hari esker lortu zen, gure aitak esaten zuenez, Gerra Zibilaren ondoren “bizikidetza errazagoa izatea, ez zelako hildakorik izan”.

Goiz hartan bertan Engracia López Gilekin jarri nintzen harremanetan, 94 urteko emakumearekin. 2017ko irailaren 18an, emakume hari egindako elkarrizketa luze bat argitaratu genuen.

Gogoan dut Engraciak bere aitari eta soilik hari egotzi ziola antzeko gertakariren bat Gerra garaian.

ENGRACIA, etxeko atarian, Indianoaren Jauregian.

“Gerra garaian, herri honetan –kontatu zigun Engraciak 2017an–,Elvillarren, ez zuten inortxo ere hil, “hau ezkertiarra da eta akabatu egin behar dugu”esanda.

.- Hori oso garrantzitsua da herri batentzat, esan nion orduan.

“Begira, hala izan zen gure aita erreketeen presidentea zelako, eskuinekoa, eta egia esango dizut… honela esaten zigun hark:‘ez da herriko inortxo ere akabatu behar, gero kontrara etortzen baita guztia, eta mendekuak izaten dira; gainera, hemen inork ez du hiltzeko modukoa den ezer egin’.

Horixe 2017an kontatua.

2018ko urriaren 5ean, berriz galdetu nion Engracia López Gili, telefonoz, zer gertatu zen Gerra Zibil izenez ezagutzen dugun garai ilun hartan.

Ordukoan, baina, Engracia zehatzagoa izan zen: “Preso zeramatzaten lauzpabost pertsonaren fusilamendua geratu zutenak izan ziren gure aita José Gabriel López Gil, Anastasio Arrinda Albisu parrokoa, eta orduko medikua, Daniel García Atance, Teófila Villanueva andereñoarekin ezkondu zena”.

ELVILLAR, 1930ean… bide horietatik ibili zen Anes Arrinda, 1939. eta 1940. urte artean.

“Garai hartan –jarraitu zuen Engraciak- nik 14-15 bat urte izango nituen.Ondo gogoan daukat On Anastasio, haren bi lehengusuren lagun mina bainintzen: Paulina Albisurena, Lazkaokoa bera, eta María Luisa Arrindarena, Lekeitiokoa… Bestalde, Anastasio Arrindak bazuen anaia bat, Donato Arrinda izenekoa, Lapuebla de Labarcako apaiza izan zena”.

Osatu nahi den ikerketa orok ezinbestean behar du hamaikatxo egiaztapen, dei eta birdei egitea.Horregatik, berriro ere Cesarrekin jarri nintzen harremanetan, telefonoz.

.- Engraciak dio Anastasio Arrinda apaiza izan zela fusilamendu saioa eten zuenetako bat.

Engraciak oso oroimen ona du, zinez.Herriko artxibategi bizia da.

.- Zuen ama Martinak berresten al du gertakari hori?

Gure amari bere aitak kontatu zionez, apaiza erbesteratuta bidali zuten Elvillarrera.Herriko jende gehienak ez du istorio hori ezagutzen, baina adinekoek badakite apaiz batek esku hartu zuela gerra amaitu ondoren inortxo ere fusila ez zezaten.

ELVILLARREKO herritarrentzat “herriko artxibategi bizia” da Engracia.

Horrenbestez, Cesarren, Engraciaren, Luisen eta Martinaren testigantzak genituen.Beharbada, gehiegizko errezeloa jarri du Blogak duela laurogei urte gertatutako istorio baten egia berresteko.Dena den, berriro jarri nintzen harremanetan Alex Turrillas artikulugilearekin.Jakin nahi nuen ea 2004an hil aurretik, On Anes Arrindak norbaiti kontatu ote zion Elvillarren gertatutakoa; hots, berak eta beste batzuek Espainia osoan gerraostean abian jarritako hilketa makineria etetea lortu zutenekoa.

Asteak aurrera zihoazen.Eta Gerra Zibilak Arrinda familiari eta Anastasiori berari eragin zionari buruzko informazio gehiago bildu genuen.Alabaina, Deban inortxok ere ez zekien ezer Elvillarreko aingeru guardakoari buruz. Eta horrekin ondoriozta dezakegu Anes jaunak nahiago izan zuela ez kontatu, eta aurrera begiratu, bere biografiako datu hori nabarmendu gabe.

Egun batean, Alexek deitu zidan Debatik, eta kontatu zidan Anastasioren anaia bat Gerran hil zela, frontean, Leongo herri batean.“Baina kontua ez da hor bukatzen.Anes bera joan zen Leoneraanaiaren bila, kamioneta batean.Gorpua garbitu eta Lazkaora ekarri zuen, familiaren albora”.

Argazki oina:ANES Arrinda, artikuluaren egilearekin: Alex Turrillas, istorio hau guztia martxan jarri zuena.

Labur azaltzen saiatuko naiz.Ez dut eleberri bat idazteko asmorik, nahiz eta badirudien horixe ari zaidala ate joka.Alabaina, kontatutako guztia neurtu behar da, eta aintzat hartu.

Nahiz eta Alexek kontaktu ugari izan, ez zuen lortzen Debako inork Elvillarren 1939 eta 1940 artean gertatutakoak berrestea. Beraz, geldialdian geunden, atzera-aurrera gabeko egoeran.Eta, azkenerako, hitz egiteari utzi genion.Haren deiaren zain nengoen ni.Baina deia ez zen sekula iristen.

Aurreko ostiralean, batari eta besteari berriro deika hastea erabaki nuen.Cesar mahastizainak aurretik esandakoa berretsi zidan…Baina a zer-nolako ezustea Alex Turrillasi deitu nionean. Deban, Anastasioren mezalaguna izan zen nonbait, eta denborarekin, baita haren adiskide handia ere. Hain adiskide handia, euren arteko harremanak eutsarazten baitio gogoan, modu ederrean, haren oroitzapenari.Eta zabaltzen.

Larunbat honetako elkarrizketan, Alexek esan zidan baietz, Elvillarrera erbesteratu zutela, “barne-barnean bai baitzekiten eusko jeltzalea zela”, eta berriz gogorarazi zidan Luis Arrinda, Anastasioren anaia, gudaria izan zela tropa errepublikanoetan, eta guduan hil zela, Villamanínen (Leon).

“Bere anaia Luisek gutun bat bidali zion Frontetik, esanez pena handia zuela Gerra zela tarteko ezin zuelako joan apaizteko ordenaziora…Gutuna bidali eta hamar egunen buruan, Luis Arrinda gudu zelaian hil zuten”.

ANASTASIO Arrindak argitaratutako liburuetako bat.

Horregatik, Anes eta euren osaba kamionetan joan ziren Lazkaotik Villamanínera. Han, Anastasio gazteak anaiaren gorpua garbitu, eta etxera eraman zuen, Lazkaora. Ama zain zeukan, triste, betilun, lur jota.

Aurrerapauso handiak ematen ari naiz…Baina istorio erreal honetan oinarritutako eleberri batek atseden handiagoa eskatuko luke garrasika. Eta beste erritmo bat.

Deban, Anes jaunaren giltzain aritu zen Maritxu, hainbat hamarkadatan.Maritxuk, besteak beste, Anes jaunak berak euskaraz idatzitako autobiografia txiki mekanografiatu bat gorde du urte hauetan guztietan, arreta handiz.Makinaz idatzitako hiru folio.Hori besterik ez.Hiru folio horiek, ordea, gure istorio honetarako arnasgune izan zitezkeen, amaiera posible bat.

Autobiografia labur horretan, Anes jaunak dio Lekeition jaio zela; kasualitatez izan omen zen, amak erabaki baitzuen amaginarrebaren etxera joatea erditzera.Handik Barakaldora joan ziren, eta han jaio zen gerora Moredako apaiz izango zena: Donato Arrinda, Anastasioren anaia.

LAZKAOKO eliza, atzean zeru baketsuak ikusten zaizkiola.

Handik Lazkaora itzuli ziren, eta bera zen euskaraz ez zekien gazte apurretako bat.Gerora, Saturrarango apaiztegira joan zen, eta, ondoren, Gasteizkora.Gasteizko Apaiztegi Nagusian, Anes Arrindak euskara ikasi zuen, Manuel Lekuona eta Jose Migel Barandiaran irakasle zituela.

Anastasio Arrinda meza ematen hastekotan zegoen Gerra Zibila piztu zenean. Beraz, apaiztegia denbora baterako utzi behar izan zuen, amaren etxera itzultzeko, Lazkaora.Han zeudela nazionalak, Frankoren armada eta falangistak sartu ziren herrian.“Guztiok egin genuen ihes mendira –dio Anesek bere autobiografia laburtxoan-, eta arrainak bezalatsu harrapatu gintuzten sarean”.

Iruñera eraman zuten preso. Han, fusil bat eman, mobilizatu eta gudu frontera bidali zuten.Gutxi falta zitzaion apaiz ordenatzeko, eta justu orduantxe gertatu zen.“Egun batetik bestera, soldadu izatetik kapilau izatera pasa nintzen”, dio autobiografian.

Besterik ez.Hiru folio horietan ez du besterik kontatzen.Elvillarri eta ardatz dugun istorioari buruzko ezertxo ere ez.

JOSE Migel Barandiaran jaunak euskara irakatsi zion Anastasio Arrindari apaiztegian.

Zergatik argitaratu dut, azkenean, igande honetan Anes jaunaren egiazko istorioa?Oraintxe zehaztuko dizuedan elkarrizketagatik.Alegia, 2019ko urtarrilaren 13 goizean eduki nuen elkarrizketagatik.

Erabaki nuen Elvillarreko Engraciari deitzea berriro, ea esandako guztia berresten zidan, orain garbi baineukan istorio honen guztiaren giltzarria Elvillarrenzegoela,ulertuz Anes jaunak hango herritarrei utzi ziela gertatua kontatzeko ahalmena.Eta, horrenbestez, herritarrek kontatu nahi ez bazuten, hobe zela betiko lozorroan uztea.

Beraz, Engraciaren etxera deitu nuen.Indianoaren Jauregiko sukaldean zeuden Engracia bera, errainetako bat, eta laguna zuen Milagros bizilaguna.Milagros Fernández Pérez.

MILAGROS eta Engracia, Indianoaren Jauregi barneko patio batean.

Oraina eta iragana gurutzatu egiten direnez, igande honetan, Engraciaren etxera joana zen Milagros, kontatzera gau horretan bertan Elvillarren bizi den ahizpari etxea erre zitzaiola.“Etxea goitik behera erre zaie, baina eurak ondo daude, Jainkoari eskerrak.Ondo moldatzen dira, alaba bat dutelako herrian, eta neu ere hemen nago”.

.- Milagros, bizirik egonez gero, denak du irtenbidea.Anastasio Arrinda apaizaren garaian gertatu zen bezalaxe…Ez dakit hari buruzkorik entzun ote duzun.

Nola ez nuen, bada, gizon handi hari buruzkorik entzungo! Badakit zenbaitetan esku hartu zuela, atxilotuak Elvillarrera itzul zitezen.Eta bizirik atera zitezen.

.- Zenbaitetan?

Bai, bai. Hainbat aldiz.Engraciaren aita eta Anastasio apaiza horien bila joaten ziren, bai jauna.

ENGRACIAREN aitak ere, José Gabriel López Gilek, babestu zuen Elvillarrekoen bizitza.

“Gure aitak ere apaizak esaten zuen gauza berbera aipatzen zuen:“ezer txarrik egin ez badute, errespetatu egin behar dira pertsonak, eta ez da inortxo ere akabatu behar, gero gorrotoa etor ez dadin”, dio ahots goraz sukaldetik Engraciak, eta nik ondotxo entzuten diot telefonotik.

.- Horixe kontatu zidan Engraciak 2017. urtean. Ordukoan, baina, ez zidan aipatu apaiza bere aitarekin joaten zela Elvillarreko herritarrak askatzeko bitartekaritza lanak egitera.

Anastasio deitzen zen, bai.Apaizaren abizenik ez dut nik gogoan.

“On Anastasio Arrinda Albisu”, bota du Engraciak, telefonoz.

.- Bai, hala da.

“Begira, begira… Engraciak buruan ditu apaizaren bi abizenak! ”, dio Milagrosek bizilagunari buruz, apirilaren 30ean 95 urte beteko dituena.

ARRAZOI asko direla tarteko dauka Elvillarrek magia (Abel Valdenebroren argazkia).

.- Zer izen zuten zure gurasoek, Milagros? Pentsatzen dut haiek kontatuko zizutela-eta apaizak auzi haietan izan zuen bitartekaritza.

Halaxe izan zen.Gure ama Casimira Pérez García zen; gure aita, berriz, Miguel Fernández Villa.Bi-biak hil ziren 94 urterekin.Eta gaztetan ezagutu zuten On Anastasio.Gainera, On Anastasiok gure amaren ahizpa baten etxean hartu zuen ostatu.Natividad Pérez García zuen izena.Zer iruditzen zaizu?

.- Orain bai, orain guztia dago berretsita eta egiaztatuta.Mila esker, Milagros. Mila esker, Engracia.Osasuna Elvillarreko jende zintzoarentzat.

“Badakizue non gauden. Hementxe duzue etxea, behar duzuenerako”, entzun diot Engraciari.

Luis Bermudez Olanoren ideia on hark aurrera egin beharko zukeen, gertakarien indarrak bultzatuta.Elvillarrek oso-oso aspaldiko garaietatik dauka historiaurreko trikuharri bat, bai eta mundu osoan ezagunak diren ehunka mahasti ere…Baina ezin dugu ahaztu aingeru guardako bat ere baduela, bere garaian egin beharrekoa egin zuena, trukean ezer eskatu gabe.

Elvillarren kale bat eduki zein ez, horrelakoak dira ahaztu ezin ditugunak.Ezinbestekoak.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*