Cesareo eta Gerardo aitonek egin zuten bezala (I)

“Enologoa naizenez gero Paisaia baten benetako zaporea ahalik eta gutxien galtzen saiatu behar naiz”.

ARTURO Miguel eta Kike de Miguel anaiak, Artuke Upategikoak, euren mahasti batean.

ELKARRIZKETA Mañuetan Artukeko upategiko Arturo Miguelekin eta Kike de Miguelekin; Tim Atkim preskriptoreak Errioxa JIK guztiko hamar ekoizle onenen artean kokatu du upategia.

Arratsaldeko hirurak eta laurden inguru izango ziren Mañuetara iritsi nintzenean, herria geldi-geldi nire autoan zeharkatuz. Zerua lainoz beteta zegoen, urdin biziz margotutako ostarteren bat utzita. Kaleetan arimarik ere ez, ezta hotsik ere. Mahatsondoak balira bezala, etxeek isil egiten zituzten taupadak, Arabako Errioxako errepide estu eta bihurgunez betetako baten ondoan.

Kolorezko ukitu batekin, teilatu baten gainean, haize leunak ikurrin bat aireratzen zuen.

IKURRIN hegaldaraziz Mañuetan arratsaldeko laino urdin grisei kolorea emanez.

Jadanik Blogean argitaratutako albiste batek eraman ninduen Artuke upategira. Tim Atkin preskriptore britainiarrak “Cerro de mulas” lehenengo uzta aukeratu zuen 2017ko errebelazio ardo bezala, Mañuetako Artuke bodegaren aurkikuntzarekin bat. Atkinek bertako gainerako ardoei 97, 96, 95, 94 eta 91 puntu eman zizkien. Hori gutxi balitz, Atkinek Rioja JIKeko hamar ardo ekoizle hoberenen artean sartu zituen.

Horixe zen albistea, ez lauso ez lasto. Bakoitzak eman diezaiola komenigarri deritzon balioa. Albisteak Arturo Miguelekin harremanetan jartzera eraman ninduen, zoriontzeko. Hark eskerrak eman zizkidan, besterik gabe. Ez nituen Arturo eta anaia Kike ezagutzen. Telefonoz gizon lasaia iruditu zitzaidan. Lasaitasun berberarekin esan zidan Blogaren irakurlea zela. Bere upategian, Mañuetan elkar ikusteko geratu ginen.

Bere baretasunean nortasun handiko gizakia iruditu zitzaidan. Ardogile eta mahastizainak zenbateko pasioa zeukan jakiteko jakin-mina sentitu nuen. Gizon lasaiaren pasioa bere izatearen alderen batean egongo zen, 800 ardoren artean dastaketa bat egin zuena horrela hunkitzea lortzeko.

ARTUKE IZENA aitak sortu zuen seme bien izenekin, Arturo eta Kike.

Hitzordura heltzen lehena izan nintzen minutu batzuen aurrerapenaz. Gero Kike de Miguel etorri zen, 29 urtekoa, bi anaietako gazteena, 1988an jaioa. Adostutako orduan, puntu-puntuan, Arturo Miguel etorri zen, 36 urtekoa, 1981ean jaioa. Segituan adostu genuen lehenengo elkarrizketa egitea, gero mahastiak bisitatzea, eta azkenik upategia.

Elkarrizketan biak egonda, Arturok erantzun zituen galdera gehienak. Hasieratik, galdera pertsonalagoetan izan ezik, biek egiten zituzten esaldiak lehenengo pertsona pluralean. Laster hitz egin zidaten “Artuke izaera markatuari”buruz; aita Robertok jarri zion izena upategiari, biak oso txikiak zirela, beraien Arturo eta Kike izenak elkartuz, biak ala biak pertsona berberek sortuak, lur berberak, ardo berberek eta mahasti berberek.

ANAIAK bide berean zehar oinez, Eskaileretako mahastien artean.

.- Zure 36 urterekin, Arturo, bizitza erdia upategian inplikatuta daramazu.

Bai, 18 urte nituenetik.

.- Orain inoiz baino pasio handiagoz?

Gero eta pasio eta dedikazio handiagoz, eta ia-ia horretaz jabetu ere egin barik.

.- Mahastiek dena eskatzen dute?

Ez da gure aitona-amonen lan fisikoaren sakrifizioa, baina bai, azkenean mahastien gainean egon behar da egunero. Ez da baserritar baten sakrifizioa, baina ezin zara lau aste joan ardoa saltzera. Inausketa sasoian maniobra marjina handiagoa da, baina behin ernatzen hasten denean, ia ez gara ateratzen.

.- Zelan egiten duzue lan banaketa?

Biok egoten gara bai mahastietan bai upategian. Botilaratu edo barrikak nahastea tokatzen denean, hemen egoten gara biok. Era berean, elkarrekin joaten gara landara.

.- Komertzializazioa ere elkarrekin egiten duzue?

Baita ere.

UPATEGIKO eraikina, Mañuetako bodega batzuetatik oso hurbil.

.- Kike, Arturo upategira sartu zenean, berak 18 urte zituen eta zuk 11. Anaia nagusi moduan jarduten zuen?

Arturok arrastoa uzten du, ez du anaia nagusi moduan jarduten, baina pasioa dauka eta egiten duen horretan ona da.

.- Berriro esaten dizuet: Zoriondu egiten zaituztet Tim Atkinek zuen ardoez egindako balorazio altuagatik. Zein balio ematen diozue ardoen preskriptore bati?

Hankak beti lurrean izan behar dira. Tim Atkinen balorazioa ondo dator eta eskertzen da lan on bati emandako errekonozimendua, urte askotako lan gogor bati, baina ez dugu uste hori panazea denik.

.- “Lan gogorra”, diozu.

Lan sakrifikatua da, baina oso esker onekoa. Guk gustatzen zaiguna egiteko zortea daukagu, baina atzean sakrifizio bat dago, familiari, lagunei, aisialdiari denbora kenduz, dena ahal bezain hobekien atera dadin.

.- Zuek jaio zinetenean, upategia hemen zegoen dagoeneko

Anaia eta biok ardogileen bosgarren belaunaldia gara, eta upategi jabeen bigarren belaunaldia. Proiektua gurasoek hasi zuten 1991n, urte asko “soltean” saltzen jardun ostean. Eurek erabaki zuten euren Artuke marka Euskadin kokatuago saltzea, euren produktuari balio erantsia emanez.

UPATEGI barruan kokatutako kartela, bodega sortu zuen aitaren izenarekin.

.- 1991n, duela 27 urte, biok jaioak zineten, Arturo eta Kike, eta hortik dator upategiaren izena Artuke (Arturo + Kike)

Ni 1981ekoa naiz eta anaia Kike 1988koa. Bai, hor zeuden gure izenak. Eta upategiaren eraikina jadanik eraikita zegoen, 1984koa da.

.- “Ardogileen bosgarren belaunaldia”. Horrek memoria esfortzu handia eskatzen du.

Gure aitona-aomnak gogoratzen ditugu gehien, haiekin bizi izan baikenuen haurtzaroa lursailetan. Mahats bilketak haiekin batera. Gure aitona bat hemen bodegan hil zen. Iktus bat izan zuen eta lo geratu zen lasai-lasai. Bat dendaria zen, baina mahastiak zituen. Eta bestea mahastiei lotuta zegoen %100. Cesareo eta Gerardo aitonak ziren. Biak mañuetarrak.

.- Zer transmititu zizueten Cesareo eta Gerardok lurraren gainean?

Gauzak ondo egitearen maitasuna, pazientziaz, esfortzuz, irmotasunez. Ziurrenik egiten zutena hobekien deskribatzen zuduenen hitza “sakrifizioa” izango da, familiari jaten emateko. Mañuetan batez ere mahastia, olibondoa eta almendrondoa laboratu dira. Eurek eguzkitik eguzkira lan egiten zuten ogi zati bat lortzeko. Gaur egungo belaunaldiak ez gara beraiek bezain sakrifikatuak.

“GUZTIAREN SEKRETUA aitona-amonek egin zuten bezala lan egitera bueltatzea da”.

.- Eurena oso eskuzko lana izan zen, esfortzu handiz eta indar fisiko ikaragarriz egindakoa

Eta, hala ere, gaur daukagun teknologia berri guztiarekin, denaren sekretua eurek egiten zuten moduan lan egitera bueltatzea da, eskuzkoagoa den moduan, ez hain mekanizatuta, mahastiek hori eskertzen dutela uste baitut. Mahastiak bizitza daukaten landareak dira eta, zuk ondo zaintzen badituzu, eurek egin beharrekoa egingo dute.

.- Nondik bideratu zenuten batak eta besteak zuen formazio akademikoa?

17 urterekin (dio Arturok) Logroñon Agronomoak ikastea erabaki nuen. Gero Enologian lizentziatu nintzen. Baina nire asmoa hasieran ez zen gurasoen bodegan lan egitea. Apurka-apurka mundu honetara lotzen joan nintzen, egun batean osorik honetara dedikatuta zaudela konturatzen zaren arte.

ARTURO Agronomoetan sartu eta Enologian lizentziatu zen Errioxako Unibertsitatean.

Gu txikitatik joaten ginen lursailetara, mahats bilketa guztiak bizi izan genituen, Unibertsitatean nengoenean ere mahats bilketaren hilabete osoa egoten nintzen joan barik, etxean geratzen nintzen familiari laguntzen. Azkenean, ardoa beti izan da nire bizitzaren parte.

Kikek dio batxilergoa amaitu ondoren Gasteizen Ingeniaritza Industriala ikasteari ekin ziola. “Amaitu nuen unibertsitateko karrera, eta, lana bilatu ondoren, ez zen ezer ateratzen; egun batean bodegan guztiz sartuta nengoela konturatu nintzen”.

.- Zuek zuen bi izenak markari lotuta zituen upategi batean hazi zineten.

Bai, predestinatuta geundela zirudien.

KIKE de Miguel Industria Ingeniaritzan lizentziatu zen Arabako UPV-EHU campusean.

.- Orduan enologoa Arturo da.

Anaiak enologia ikasi du, eta buru geldiezinagoa dauka.

.- Zenbateko erantzukizuna dauka enologoak bere ardoen kategorian preskriptore batek zuen ardo bat errebelazio bat dela nabarmentzeko?

Ziurrenik garrantzitsuagoa da bezero batek “zelako ona dagoen ardo hau” esatea Tim Atkinek 100etik 99 puntu jartzea baino”. Ni gehiago betetzen nau pertsonalagoa da bezero baten alabantzak, nahiz eta Tim Atkinenea komertzialagoa izan.

.- Zein da zure eginkizuna enologo moduan?

Paisaia baten benetako zaporea ahalik eta gutxien galtzen saiatu behar naiz, leku horretatik dator mahatsa, gerora likido bihurtuko dena. Azkenean, egunero gainean ez bazaude, nahikoa ezagutza eta jarrerarekin prestatutako talde batekin, gauzak ondo egiteko gogoarekin, mahastiak zainduz, nahiz eta enologo oso ona izan, erdipurdi besterik ez du funtzionatuko.

Enologoa, azkenean, landare batek sortzen duen informazioaren transmisore bat besterik ez da. Ardoak ez dituzte enologoek egiten, ardoak mahastiek egiten dituzte.

EBRO ONDOAN partzela bat dute hektarea bateko mahasti batekin, Arturok markatzen duen moduan.

.- Hori beti gertatu da.

Baina 1990-2000 urteetan egon zen joera bat, nik ikasten nuenean, zeinean enologoa batarekin azterketa zehatz bat egiten zuen guru moduan agertzen zen. Baina mahats onik ez baduzu, ziur izan nekez lortuko duzula ardoa deitzen den likido onik ere.

.- Beraz, enologoaren figura desmitifikatzen duzu

Esan nahi dudana da garrantzitsuagoa dela egunerokoa, erabakiak hartzen dituen pertsona baten eginkizuna baino.

.- Zer motatako enologoa zara zu, Arturo?

Nik mahastizaintzat daukat nire burua. Guk bitikultura mahastia zaintzeko modurik hoberena bezala ulertzen dugu, helburu bat lortzeko: gure ardoa edaten duen bezeroa hunkitu dadila, Ipar Amerikan edo Bergaran. Hunkitu dadila gure botilari Mañueta edo Abaloseko zaporea hartzen diolako.

EBROK Arturok eta Kikek euren botiletan sartu nahi duten herriari ematen dio izena.

Oso erraza da esatea, baina ez da hain erraza egitea. Gauzak ez dira beti planifikatu ditugun bezala ateratzen, klimaren menpe gaudelako, baina enologo ona egunero mahastietan dagoena da.

.- Zelan egin behar du lana ardogile on batek?

Ez da mahasti hektarea bat landatzeko mendi erdi “tripaz gora” eramaten duen pertsona hura. Mahastizain ona paisaia bat errespetatzeko sentsibilitate nahikoa duena da, arte bat uzten duena mahastiaren erdian badago, hemen duela laurogei urte gertatu zena errespetatzen duena, bere seme-alabek bera ikusten ari dena eta bere arbasoek ikusten zutena ikustea nahi duena. Ardo ona egiteaz gain, gero saldu egin behar da, hori pelikularen bigarren zatia da.

.- Zelan egiten da hemen duela 80 urte gertatu zena errespetatzeko?

Oso erraza da. Duela 80 urteko argazkietara joan, begiratu, sentitu eta esaten duzu “hau da egin behar dena”.

MAHASTI HAU Mañuetako 2,8 hektareakoa aitona Cesareoren eta haren seme Robertoren artean landatu zuten.

.- Ikusten dut iraganeko paisaiei ematen diezuen garrantzia. Naturarekiko sentitzen duzuen errespetua zein beste elementutan oinarritzen da?

Guk hamar urte daramagu ekologikoan lantzen, hau da, sufrea eta kobrea soilik erabilita. Ez naiz esaten ari zaldiekin lan egitera bueltatzea, zentzuzkoa eta zintzoa izaten ari natzaizu, orain zaldiekin goldatzen argazkiak ateratzen dituen jendea dago…

Gure asmoa hemen egon zena ahalik eta gehien errespetatzea da, errealistak izaten ahaleginduz eta gure aitona-amonek eta gurasoek izan zuten bizitza kalitatean aurreratu nahian, eurak gu baino txartoago bizi izan baitziren, eskastasun askoz gehiagorekin.

(Jarraituko du)

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*