“Bertsoaren lurraldea da ardoa / Eta ardoaren lurraldea bertsoa”.

Arabako Errioxako Mahastiaren eta Ardoaren Jaiak, MAHATS BILKETAREN jaiak, sorginkeria piztu zuen berriro, 2018ko uda amaitu aurretik.

Eguzki eta itzal artean, Mahats Bilketaren Jaiko ardoa sorginkeria bihurtu zen.

Zer da Mahats Bilketaren Jaia, baldin eta Euskadin egiten bada, Arabako Errioxan, Bilarren? Ongi Etorri / Bienvenidos irakur daitekeen kartel handi bat al da?Adin guztietako eta askotariko jatorritako haurrak al dira, hunkituta eta urduri euskal dantza tradizionalak dantzatzen ari direnak?Mahats umotuz betetako saskiak al dira, etorriko den ardoari deika?Toloño mendilerroa al da, bere baitan altxatuta, 2018ko udaren amaieran herri batek dar-dar nola egiten duen ikusteko?

Zer izan zen iragan igandean Envillaren bizi eta edan genuen Mahats Bilketaren Jaia?

Jaiaren tenplura mahatsa eraman zuten saski ugarietako bi.

Erakundeak dira, euren tokian, mahats zapaldu berriaren muztioa eta Arabako Errioxako ardoa dastatzen.Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko goi arduradunak dira, topa egiten, eskualdearentzat eta Euskadi osoarentzat desiorik onenak opatuz.

Euskal Herriko Bertsolari txapelduna da, Maialen Lujanbio, “Ardoa bertsoaren lurraldea” ere badela ziurtatuz, euskaraz.

Ardoaren Dantza da, Arabako Errioxako ardoz betetako kopak zerurantz altxatuz.Sorgina da, Bilaren goiko eremuetatik sorginkeriak aldarrikatuz, eta mahastietan ere magia badagoela ziurtatuz.Eskualde osoko txikitxoenak dira, hunkituta eta xalo denboraldiko lehenengo lukuak daramatzatela.Bikote bat da, oinutsik, elkarri bizkarretik helduta, mahatsak gozotasun bihurtzen.

BEHIN eta berriz egin zitzaion eskaria zeru urdinari.

Engracia andrea da,Indianoaren etxekoa, Arabako Errioxako ardoz betetako kopa Blogarentzat altxatu, eta honela esanez: “Gora bizitza, gora poztasuna, gora festa!Gora Arabako Errioxa!”.

ENGRACIA, “Gora bizitza!” esanez Blogari, aulki gurpildunean eserita.

Izan ere, hainbeste ematen du Mahats Bilketaren Jaiak… Bozkario zaporea du, musika zaporea, desira txikiena, topaketa bikainena, ardo zaporea du, herri bazkari zaporea, atzoko eta betiko kantuena.Umore eta besarkada zaporea!Baikortasun zaporea.Partekatutako botilena, gaztarena, atunarena, piperminarena, eltzekariarena, patata eta txorizoarena, arrozez egindako odolkiarena…Arabako Errioxako Mahats Bilketaren Jaiak bizitza zaporea dauka.Bakarra da. Berezia.Ongietorri bat da, datorren urtean Mañuetan jarraipena izango duena.

Bertsoa da…Bai.

“Bertsoa, berea du / Noski ardo beltzak / Bertsoak ere badu / Lur bat ardoentzat”

Halaxe kantatu zuen eszenatokian.  Eta gero idatzi egin zigun Maialen Lujanbiok, Blogean jartzeko.Eta esan zigun horixe esan nahi duela: “Bertsoaren lurraldea dela ardoa.Eta ardoaren lurraldea bertsoa”.

MAIALENEK idatzi egin digu, Blogerako, kantuz botatako bertsoetako bat.

Askorako ematen du jaiak.Hainbesterako, ia betiereko bihurtu dugula… Eta hementxe nago orain, ordu txikitan, edanda ekarri ditudan hitzak konposatzen.Laburbil dezagun.

Bilarrera iritsi, eta Cesar Bermudez mahastizaina agurtu genuen aparkalekuan, autoak antolatzen ari baitzen. Gero, jaian murgildu ginen pixkanaka, nahiz eta ni lanera ere joan nintzen, zuentzat argazki hauek ateratzera.Goizeko 10:00 inguru izango ziren.Eta ez ginen handik aterako 17:30 arte.

CESAR Bermudez, alaba txikiarekin, zeinek hunkituta eraman zuen Bilarren kartela.

Hasierako kafea hartu, eta elkarrizketatxo batzuk izan ondoren, Andre Mariaren plazara iritsi nintzen. Une horretantxe, Arantxa TapiaEkonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuahizketan ari zen, Bittor Oroz sailburuordearekin batera, kazetari batzuei gure ardoei buruzko datu positiboak emanez.

ARANTXA Tapia sailburua, kazetariei datuak ematen.

“Urteko lehen seihilekoan, Arabako Errioxako ardoen balioa handitu egin da kanpoko merkatuan”.

Horixe da eman zigun titularra.

Gehiago zehaztuz, honela adierazi zuen Tapia sailburuak: “2018ko lehen sei hilabeteetan esportazioak 11,6 milioi litrora eta 65,4 milioi eurora iritsi dira”.Bestalde, “Belgikan, Txinan eta Mexikon igo” omen dira gehien “salmentak”; “Erresuma Batuan, Alemanian eta Suedian, berriz, jaitsi”.

Arantxa Tapia sailburuak adierazi zuzenez, kopuru horiek adierazten dute “merkaturatutako bolumena jaitsi egin dela, baina ez horien balioa”. Horregatik, Arabako Errioxako ardoen “balioa handitu egin da kanpoko merkatuan”.

“Gure ardoak Europako eta munduko gama altukoen artean egotea nahi dugu eta horretan ari gara –azaldu zuen seguru–, eta horretarako, nire ustez, oso garrantzitsua da ardoen bereizgarrietanaurrera egitea…”.

LEHENDAKARIAK arreta handiz erreparatu zion jaiegunean plazak erakutsitako guztiari.

“Eusko Jaurlaritza –adierazi zuen Arantxa Tapiak–babes osoa ematen ari da, ahal eta konpromisorik handiena hartuta bere produktuak nazioartean sustatzeko eta hobeto posizionatuta egoteko.Ahaztu gabe, nola ez, barruko merkatua”.

Plaza jendez betetzen hasi zen, zeru urdinaren azpian.Tenperatura gorantz zihoan pixkana-pixkana.Hasierako 18 graduetatik 30era iritsi ginen arratsalderako.Eszenatokian, musikariak eta dantzariak Ardoaren Dantza entseatzen ari ziren.Udalerrian zehar banatuta zeuden etxoletako bakoitza ardoz betetzen ari zen, eszenatoki gainean zapaldutako muztioak zalapartarako beharrezko baimenak ‘eman’ ondorenean etorriko zenerako.

Plazan, diskrezio osoz, Lehendakaria sartu zen. Ordezkari politiko guztiak agurtu zituen, Arabako Errioxako Mahats Bilketaren Jaian ikasturte berriari hasiera emanez edo. Hainbat alderditako kideez gainera, Gasteizko alkatea, Kuadrillako lehendakaria, Ardoaren Ibilbideko lehendakaria, ABRAko lehendakariordea eta Rioja Jatorri Izendapenaren lehendakaria zeuden. Eta Radio Vitoriaren unitate mugikor batean Maialen Lujanbiori elkarrizketa egiten ari zitzaizkion.

DANTZA taldeek tradizio aireak ekarri zituzten.Bultzada ematen digun airea!

Guztia zegoen prest, eta Bilarreko elizako dorrean dagoen ordulariak 11:00ak jo zituenean, zirrara eta poztasuna nagusitzen hasi ziren.Herriko fatxadetan sorgin ugari zeuden.  Horietako bat zen nagusi plazan, 30 metroko garaieran jarrita.  Handik, ez zigun begirik gainetik kendu egun osoan zehar…

GUZTIA hasi aurretik, erakundeetako ordezkariak euren tokira joan ziren.

Arabako Errioxako dantza taldeak ere banaka-banaka eszenatokira igotzen joan ziren, han dantzatzeko.  Agintariak eszenatokiaren alde batean jarri ziren, hantxe bertan, etxez eta milaka pertsonaz inguratuta.Lehendakaria zegoen erdian.Haren eskuinean, Arabako Diputatu Nagusia.Eta ezkerrean, Rioja Jatorri Izendapenaren lehendakaria, Fernando Salamero.

 

BI neskatila dantzariren eskuak, plazara dantzara atera aurreko minutuetan.

Bilar-Bilar dantza taldeak itxi zuen dantza saioa. Erratzekin egin zuten dantza, eta amaieran, sorginari edo zeruari begira jarri zituzten.

Han dago, goian, begira iezaiozue; denbora nola igarotzen den begira, bizitza sorginduz.

Azkenerako, Gerardo Olano Bilarreko alkatearenhitzaldia etorri zen. Lehenengo hitzen artean “harrotasuna eta sorginkeria” aipatu zituen, Bilarren denek maite zuten sorgin bati buruzko istorioa kontatzeko, -auskalo egiazkoa ala fikziozkoa den-.“Tristurak alde batera uzteko, ardo ona edaten zuen sorgin bat”.Eta urteak igaro ziren, eta bizitza igaro zen.

Behin, honela esan zien herritarrei: “Bilartarrak, banoa…Nire hegoak utziko dizkizuet, etasorginkeria handi bat egingo dizuet, ardoak poztasuna, itxaropena eta ilusioa eman diezazuen…”. Amaitzeko, alkateak esan zuen Bilarren geundela, Mahats Bilketaren Jaian, baina sorginduta geundela, eta sorginak agindutakoa egin beharko genuela.

 

ALKATEAREN unea izan zen. Ipuin eder bat kontatu zigun, Bilarrek bere-berea duena.

Zer da Mahats Bilketaren Jaia, baldin eta Euskadin egiten bada, Arabako Errioxan, Bilarren?Sorginkeria bat da.Sorginkeria bat, bat bai behintzat.

MAIALEN Lujanbioren ahotsa ozen eta argi entzun zen Bilarren, kanpai hotsen artean.

Eta bertsoaren sorgina iritsi zen (halaxe aurkeztu zuen alkateak).Elizako dorrean dagoen ordulariak eguerdiko 12:00ak jotzean, Maialen Lujanbio txapeldunaren bertsoak kanpaien hotsekin nahastu ziren.

Bere bertsoek gizartea, lana eta poesia izan zituzten ardatz…Mahastizainak izan zituen hizpide, eta baita sasoiko langile gisa jardutera datozen etorkinak, sorginak, emakumeak eta ardoa ere. Badakizue… “bertsoaren lurralde” ere baden hori.Arabako Errioxako ardoa.

 

MAIALENEK bete zuen inork baino lehenago bere kopa, agintariekin topa egiteko.

Arreta, isiltasuna eta izugarrizko errespetua erakutsi zieten ikus-entzuleek Lujanbioren bertsoei, nahiz eta guztiek ez ulertu. Eta, jakina, txaloak etorri ziren atzetik. Gazte ugari hunkitu ere egin ziren.

TXIKITXOENEK mahatsak eraman zituzten, Arabako Errioxa osoa ordezkatuz.

Ondoren, txikienak hasi ziren mahatsa eramaten: herriz herri, administrazio batzarrez administrazio batzar. Mahats guztiak bildu zituzten tina berean, Yolandak eta Teodorokzapaltzeko, harik eta muztio arrosa bihurtu arte.

 

YOLANDA eta Teodoro, elkarlanean egindako dantzan, dantzatzeko modu bat baita hori.

 

BIEK zapaldu zuten mahatsa, Bilarreko zerupean.Dantzan ari dira ala ez?

Muztio gozo bat, kristalezko kopak bailiran eskuakluzatuta askok dastatu nahi izan zutena.

ZER ote dauka Arabako Errioxako Mahats Bilketaren Jaiak? Zer…?

Gutxi gorabehera hogeita hamar bat metrora jarraitzen zuen sorginak. Dantzarako jantzita zegoen sorgina. Esku batean erratza, eta bestean, mahats lukua.Hori ere bai baita Mahats Bilketaren Jaia:fruitua.Mahatsondoaren fruitua.Arabako Errioxak gutxienez azken mila urtean erein eta bildu duena.

 

ONGIETORRIA egiteko kartel hau Bilarrekoa da, baina ari dira beste bat prestatzen 2019an Mañuetan jartzeko.

Mila urte!Horregatik entzun genion, berriz ere, 94 urteko Engracia sorginari honela esaka:“Gora bizitza, gora poztasuna, gora festa!Gora Arabako Errioxa!”.Gora!

 

ESZENATOKIAN, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, keinuz onena opatu nahian.

JARRAITUKO DU…

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*