Artzain ginenean

San Kristobaleko babeslekua, arditegi neolitikotik leku sakratura

Gauza jakina da, eta ez dut ezer berririk esaten horrekin, Arabako Errioxako ondare historiko, artistiko eta kulturala itzela dela. Eta horren froga dira jauregi, eliza, dorretxe, historiaurreko ehortz arkitekturak edo aztarnategi ugariak, bai aire librean, bai kobazuloen barruan eta harkaitzen arteko babeslekuetan, lurralde guztian barna hedatzen direlarik.

Asko aski ezagunak dira gune urbanoetan egoteagatik edo haietatik hurbil, eta iristen errazak direlako. Beste batzuk, kontrara, iristen zailak diren tokietan daude, eta ez dira hain ezagunak.

Javier Fernandez Eraso *

Blogeko ekarpen honetan San Kristobaleko babeslekuaz ariko naiz, zeina Euskal Herriko Unibertsitatetik induskatu genuen 2007. eta 2015. urteen artean.

San Kristobaleko babeslekuko kokalekua.

Babeslekua Kantabria-Toloñoko Mendilerroaren hegoaldean dago, eta horrela izendatzen da 1/50.000 eskalako Institutu Geografiko eta Katastraleko mapan, Fuensagrada esaten dioten tokiaren inguruetan, eta noizbait Payo de Cabrones deitzen zutela ere entzun dut.

Tokiak denboran oso dilatatuko historia du, interesgarria aldi berean, eta zergatik ez, bitxia. Babeslekua lehen aldiz neolitokoko jendeak okupatu zuen duela 6.000 urte.

Gizateriak bere elikagaiak ekoizten hasi zeneko aldi historikoa da Neolotikoa, ehiztari/biltzaile, nomadak edo erdinomadak izatetik, leku batean iraunkorki kokatuta zeuden artzain eta nekazari izatera pasatuta.  Horrela, lurraldea okupatzeko eta kudeatzeko modu desberdinak sortu ziren.

La Renken (Mijancas-Santurde) edo Los Cascajosen (Los Arcos, Nafarroa) daudenen antzeko hainbat herrixka existituko ziren Arabako Errioxan. Herrixka haiek ustiapen lurralde propioa izango zuten, eta bertan kokatuko ziren herrixka bera, nekazaritzako lurrak eta uda garaietan ganadua elikatzeko Mendilerroko eremuak. Neolitikoak aurrera egin ahala, hildakoen hilotzak jartzeko hilerri megalitikoz, dolmenez hornituko ziren ustiapen ekonomikoko unitateak. Gainera, lur haiek antzinatik jabeak zituztela kanpotarrei adierazteko balioko zuten.

Peña Largan berreskuratutako kardial motako edalontziaren berrreraikuntza.

Neolitikoaren lehenengo zantzuak Peña Largako (Kripan) babeslekuan aurkitu dira Arabako Errioxan, eta duela 6.720 urte lur hau artzain talde batekin bat datoz, Mediterraneotik etorriak, etxeko ardiak, berberetxo oskolak inprimatuta apaindutako zeramikak eta ehizatzeko eta biltzeko tresnak ekarri zituzten.

Mendilerroko beste babesleku batzuetan, Husos I, Husos II, Peña Parda, San Kristobal, garai horretako hondakinak edo abeltzaintzari lotutako jarduerak ere aurkitu dira.

San Kristobalen aurkitutako okupazio neolitikoa izaera desberdina duela dirudi, indusketetan aurkitutako zizelkatze hondakin kopuru handiari erreparatuz. Beraz, ez legoke abeltzaintza jarduerei lotuta, horien barnean babesa bilatu zuten ehiztari taldeei baizik.

Hala ere, hain espezializatutako jarduera hark oso denbora gutxi iraun zuen. Duela 5.930 urtetik jada artzaintzari lotutako jarduerak daude, ehiztarien aterpe izatetik azienda gordetzeko arditegiak izatera pasaz.

San Kristobaleko aztarnategiaren estratigrafia, zeinetan ikus daitekeen milurteko batean zehar egondako erreketen hurrenkera.

Babeslekuen edo arditegi kobazuloen existentzia orla mediterraneo osoan barna dokumentatu da, baita barru alderago dauden lurretan ere. Euskadin Araban eta Bizkaian aurkitu dira, baita kantauriar isurialdeko beste aztarnategi batzuetan ere, gurearekin mugan dauden erkidegoetan, baina Levanten ugariagoak dira. Artzain motako jarduera horiek erregistro arkeologikoan markatuta geratzen dira. Izan ere, aldizka hondakinak erretzen baitira tokia saneatzeko. Egiteko modua behin eta berriz errepikatzen da milurtekoetan zehar.

Babesleku-arditegien okupazioa urtaroaren arabera egiten da, alegia, udaberritik uda amaiera arteko aldietan erabiltzen dira. Eremua erabili aurretik abelburu talde bat jasotzeko itxoiten da, kopuru aldetik ez oso handia. Lurrean ohe bat jartzen da, Mendilerroaren babeslekuetan nagusiki orbelaz egina, eta zuresi bat egiteari ekiten zaio, itxitura moduan. Zenbait sestratan, sakontasun ezberdinetan, zutoinen zulo ilarak aurkitu ziren, animaliak edukitzeko bideratutako eremua mugatzen lagundu zutenak.

Udaldiaren ondoren, azienda Mendilerrotik jaisten zen eta herrixken barruan gordetzen. Hurrengo urtean, lekua berriz ere okupatu aurretik, gorotza metatu egiten zen, gainean adaxkak jarri eta su emateko. Ongarri metak, egiaztatu ahal izan dudan moduan, jatorrizko tamainatik %10era murrizten dira, beraz, metro bateko altuerako metak 10 bat cm-ko lodierako hondakina uzten du.

Errauts meta gainjarriak

Erreketa horiek uzten dituzten hondakinak ez dira homogeneoak barrutik, eremu bakoitzean erre den gaiaren araberako geruzaz osatuta daude. Oinarritik altuera gehien duen eremura, lehenik eta behin, kolore gorrixkako lurra aurkitzen dugu, gorrixka erre bat, zeinak gainean su bizia izan duelako kolore hori hartzen duen. Bigarrenik, lur beltzaxka bat, maiz gogortuta, animaliek zapaldu zuten ukuiluaren gainazalarekin bat datorrena, eta zeinetan haien gorotzak uzten zituzten.  Horren gainean geruza arexka bat metatzen da, erretako gorotzekin eratua.

Azkenik, errauts zurixka geruza bat ikus daiteke, meta erretzen hasteko erabilitako egurretik eratorria. San Kristobalen eremuan zuresia erre zeneko momentuak hauteman ahal izan ditugu. Halaber, sedimentuan gorde diren koproestanolen azterketa kimikoaren bidez, jakin ahal izan da han ixten ziren animaliak ardiak zirela.

Behin erreketa hura eginda, aziendarentzako ohe berri bat jartzeari ekiten zitzaion, eta horrela bata bestearen ondoren. Erreketarako metak ez ziren beti leku berean jartzen; hori dela eta, gaur egun gainjarritako meta multzoak aurkitzen ditugu. San Kristobalen, sestra arkeologikoetako batean, gainjarritako zazpi eraketa arte dokumentatu ahal izan genituen.

Artzaintza praktika haiek, babesleku horretan, gutxienez Brontze Arora arte luzatu ziren. Mendilerroaren beste babesleku batzuetan, Husos Iean kasu, Budin Arora arte jarraitu daiteke arrastoa.

Aztarnategian berreskuratutako materialak.

Brontze Aroan zehar babeslekuaren gangaren zati bat askatu zen. Garai horretatik Erdi Aroaren bukaera arte, ez dago babeslekuaren barruan sestra arkeologikorik. Hala ere, Burdina Aroan eta Erromatarren garaian erabili zelako ziurtasuna dago, zertarako ez dakigun arren, izan ere, Erdi Aroaren garaian mugitutako eremuetan aipatutako lehen garaiko zeramikak eta terra sigillata hispana eta erromatar zeramika arrunta aurkitzen baititugu.

Ziurrenik, gure Aroko XIV. mendearen amaieran edo XV.aren hasieran, baseliza bat eraiki zen, Calahorrako apezpikutzaren menpekoa, babeslekuaren hormak eta ganga aprobetxatuz. Horretarako, babeslekuaren azalera berdindu zen, eta orduan sestra arkeologikoak neurri batean desagertu ziren, eta haranetik hareharriak ekarri ziren murruak altxatzeko. Ateak, leihoak eta kantoiak tentuz landutako harriekin egin ziren.

Gangarako, babeslekuarena berarena aprobetxatu zen, kareharrizkoa, eta gainerako trabertinoarekin egin zen, zeinaren harrobia Peña Pardako inguruetan dagoen, San Kristobalerako bidexkaren ondoan. Hori harri porotsu eta oso arina da, baina bustiz gero pisu handia hartzen du, baita biderkatu ere. Ganga harritsuaren goiko aldean metxinalak zizelkatu ziren sabaiko habeak jartzeko, eta ubide bat ere zizelkatu zen, ura barnealdera ez iragaztea bermatzeko.

Baselizaren barnealdea eta kanpoaldea

Murrua, barrutik, zuriz iztukatu zen, eta horren gainean beltzez marraztu zen harlanduen zatiketa, eremuari itxura nobleagoa emateko. Ekialdeko aldean horma-hobi bat zizelkatu zen, eta argamasaz erretaula finkatu. Horren gainean gurutze ganga moduko bat egin zen iztukuarekin, ber moduan harrien zatiketa irudikatuz.  Babeslekuaren iparraldeko horman kolore gorriko gurutzeak margotu ziren gurutze bidearen geltokiak adierazteko.

Ekialdeko hormatik hurbil, aldare bat egon zitekeela suposatzen den lekuan, idulki txiki batzuk zizelkatu ziren, eta, ur sorburu berri bat zegoenez, bataiarri moduko bat eraiki zen, laukiduna; frontea zurik iztukatu zen, margo beltzez friso moduko bat  apainduz, zeinaren muturretan erpin triangeludun batzuk dauden.     Murruari itsatsirik, planta laukiduneko pulpitua altxatu zen, ongi landutako harlanduekin eraikia.

Eraikuntzaren data sarrerako ateko murruaren oinarritik berreskuratu zen txanpon baten datarekin bateragarria da.  1367 eta 1413 artean errege izandakoa Ingalaterrako Enrike IV Akitaniako Dukearen hardi bat da (printzeek egiten zituzten).

Ingalaterrako Enrike IV Akitaniako Dukearen hardia

Eremuaren barruan, jada sakratua, hobi bat egin zen, eta 9 bat pertsonaren hondakinak berreskuratu ziren –ziurrenik ermitauak izango ziren–, arrosario bihiekin, txapazko krisketekin eta bi txanponekin batera: bata Felipe IIaren kornatu bat, Nafarroan egina, eta bestea Felipe IVaren belioi bat.

Ermitaren ondoan, berari itsatsita ez dagoen kanpoko aldean, etxe bat eraiki zen, harri eta teknika bera erabiliz, ermitauentzat.

Ermita XVIII. mendera arte erabili zen. Ziurrenik, harriak behera etorrita apurtuko ziren teilak. Horrek trabertinozko ganga urez bustitzea eta bere pisuari ezin eustea eragingo zuen, eta erori egin zen. Baselizako liburu eta tresneria guztia, Zoilo Callejaren kontakizunaren arabera, Guardiako San Joan elizara eraman ziren, eta eremua behin betiko alde batera utzi zen.

Behera etortzearen argazkiak

1999an baselizaren barruan zundaketa txiki bat egin genuen, eta hilobia, metaketa zuloak eta gainjarritako errauts sestrak aurkitu genituen. Mendilerroaren hegoaldeko (Husos I, Husos II, Peña Parda) eta iparraldeko (Yurdinas II, Urizaharren) babeslekuetan hainbat indusketa egin ondoren, 2007an itzuli ginen babeslekura. Indusketa kanpainak jarraian egin genituen 2015era arte, eta Mendilerroko jarduera arkeologikoari amaiera eman genion, 30 urteko lanen ondoren.

Indusketa aldian zehar, 2014ko neguan, Mendilerroan luizi bat egon zen, eta lohia eta harriak tonaka mugitu ziren. Lokatz korronte hura baselizaren gainean erori eta kanpoko murrua, leihoa eta atea txikitu zituen, eta lantzen ari ginen zundaketa bete zuen. Alderik alde hiru bider lauko zuloa zen, eta lau metro inguru sakon.

Barruko aldea gaur egun

Kanpaina horretan jada 5.000 urtetik gorako sestrak lortuta genituen, kulturalki Zahar Neolito Garaikoak. Ezin genuen babeslekua utzi nola amaitzen zen jakin gabe. Hurrengo hilabeteetan zuloa hustu genuen, leihoko harriak berreskuratu genituen, ia osorik, eta ateko arkuaren dobelak ere, bat izan ezik, eta uztailean indusketei berrekin ahal izan genien, oraingo honetan bai, oinarriko harkaitzera iritsiz.

Behin indusketa amaituta eta sedimentuaren nahiko lagin hartuta, profilak geoehunez estali genituen, eta, istripuak eragozteko eta AFAko araudia bete beharrez, zuloa betetzeari ekin genion, berak arautzen baitu lurraldeko jarduera arkeologikoa.

Ermitaren gaur egungo egoera.

Honaino egun itzaliz doan eta bere erabateko desagerpenaren zain dagoen leku baten historiaren laburpena. Naturak beretzat berreskuratu zuen gizakiok milurtekoetan zehar geure egin genuen lekua.

Baina, gure historiaren zati hori galtzen utziko dugu?

Ez al gara gai izango, guztion artean, berregin, finkatu eta kontserbatzeko?

 

* Historiaurreko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*