Izendapen baten Pleguak Paisaia eta Herrialdea egiten du

Lehengo egunean mahastizain batek esaten zuen bezala, “JI propioa izan bagenu ez ziguten landaketa berrien banaketarekin iruzur egingo, edo ez genuen milioika kilo mahats bota behar izango, gure soberakinak hobeto kudeatuko baikenituen”. Batzuentzat hori aukera bat da, beste batzuentzat FORU PASEA berpiztea litzateke, Arabaren interesen kontra doazen arautxoak aplikatzea galarazteko, eta hirugarren aukera bat litzateke Izendapenaren Pleguak zuzen idaztea.

Miguel Larreina Gonzalez *

Adibidez, botatako mahatsaren lotsa ekidingo genuen, Pleguan, mahatsaren gehienezko errendimenduaz hitz egitean, honelako esaldi jarri izan balute: “Kontseilu Arautzaileak muga horiek gorantz aldatu ahal izango ditu kanpainan aldeko ezohiko inguruabarrak gertatzen badira, betiere sobera dauden mahats partidak kalitate bikainekoak badira eta 13º gradu probable gainditzen badute.

JI baten Plegu xume batek, orri gutxi batzuek besterik ez, ehunka familiaren oraina eta geroa nola baldintza dezakeen ulertzeko, oinarrizko kontzeptuak aztertu behar dira:

Ardoaren paisaia

MIGUEL LARREINAren liburuaren azala, laurogeita hamar urteetakoa.

1.- Ardoaren Izendapen bat mahastizain eta ardogile talde txiki batek aukeratu eta erregistratutako izen geografiko bat da, eskualde jakin batekoa, eskualde horrek, diotenez, bertan ekoizten den ardoari ezaugarri berezi batzuk ematen dizkiolarik. Izen horrekin diru sarrerak hobetzea espero dute, JI bat, finean, aukera bat delako, aparteko diru asko sor dezakeen aurreikuspen bat.

2.- “Izendapenaren Fundatzaile” horiek erabakitzen dute ardoaren izena, zehazki babesten den lurraldea, baimendutako mahatsondoak, ekoitzi beharreko ardo mota eta bere ezaugarri analitiko maximoak edo minimoak (gradua, azidotasuna guztira, kolorea, polifenolak guztira, lurrunkortasuna, SO2…), eta betekizun horiek Baldintza Plegu batean sartzen dituzte, oinarrizko barne araudi moduan.

Ardoaren paisaia

JI baten PLEGUA Administrazio askori interesatzen zaie, batez ere Foru Aldundiei.

3.- Izendapenak atal askotarako (mahastizaintzakoa, enologikoa, soziologikoa, ekonomikoa…) eta Administrazio askorentzat dira interesgarriak  (Europar Batzordea, Nekazaritza Ministerioa, Gobernu Autonomikoa eta, guri dagokigunez, LHL dela eta, Foru Aldundiak), eta Pleguaren azterketa edo bere aldaketak denontzat dira interesgarriak, batez ere Foru Aldundientzat, eurak daudelako hurbilen.

4.- JIaren kide fundatzaile horiek talde txiki bat izendatzen dute elkarren artetik, zeina betekizun horien kontrolatzailea eta arautzailea izango den JIaren Kontseilu Arautzailean. Bere eginkizunak hauek dira: mahatsaren eta ardoaren eskaintzaren eta eskariaren erregulazioa, mahasti, mahats, ardo eta upategien kontrola eta zaintza, eta Pleguaren eta ondoriozko Erregelamenduaren aplikazio zorrotza.

Beraz, Pleguak “Legearen Harlauzak” bezalakoak dira Kontseilu Arautzaileentzat, eta horrek baditu bere arriskuak. Adibidez, “guraso fundatzaileek” ongi hausnartu gabeko testua idazten badute, eta oso lur emankorretan landatzen uzten badute, urte berezietan behartuta egongo dira dozenaka milioika kilo mahats bikain botatzera, eta urte ertainetan dozenaka milioika  litro ardo klandestinitatera eramatera. EBn mila plegu inguru daude, eta horien artean batzuk oso permisiboak dira, esaterako, Errioxakoa, zeinean mahatsaren graduazio baxuak sartzen diren (10º5-11º), txakolina egiteko balira bezala. Beste batzuk, berriz, oso murriztaileak dira, eta gutxieneko marra 12º5-13º graduan jartzen dute, kontuan hartu gabe hamar irailetik batean edo bitan, klimatologia aurkakoa izan delako, gerta daitekeela partzela eta herri batzuetan ezingo dela minimo hori lortu.

Ardoaren paisaia

JIaren PLEGUA ez bada perfektua, Kontseilu Arautzailea “ahalguztidun” bihurtzen da.

Plegua idazteko orduan hainbat arrazoik eragin ditzakete arazoak: JIa oso handia bada, jende asko dago iritzia emateko eta minoriak ez dira kontuan hartzen, edo JIa txikia bada, erabakiak lau katuren artean hartu behar dira.  Horregatik da garrantzitsua Administrazioa lehen fase honetan, gehiegizko baimenak galarazteko zein planteamendu oligarkiko baztertzaileak ekiditeko, kontuan hartuta gero jada ezingo dela ia ezer egin, eta Kontseilu Arautzailea ahalguztidun bihurtzen dela. Administraziorik hurbilenak zaindu behar du Pleguaren erredakzioak, bai lehendabiziko idazketan zein hurrengo aldaketa txikietan, legezkoa izan behar duela, adimentsua, egiatia, minoriekiko eskuzabala, elastikoa, irekia, etorkizuneko ikuspegiarekin, eskualdeko mahastizain eta ardogile guztiengan pentsatuta, hasieran berez interesatuta daudenengan zein etorkizunean hasi daitezkeenengan.

Eta hemen datza Administrazioak jokatzen duen rol zaila: gauzak ez badira a priori kontrolatzen, ez bada interes orokorra hasieratik defendatzen, pleguak distortsio handiak eragin ditzake epe ertainera, eta are epe laburrera. Esan nahi dudana erakusten duten hainbat kasutatik gertu egotea egokitu zait:

1.- Adibidez, Zanbranako mahastiaren erreibindikazio zaharra (laurogeiko urteak) Errioxa JIan sartzeko, zeinari Kontseilu Arautzaileak beti ezetz esan dion, herriak historikoki mahastiak Bastidako udal barrutitik bi kilometroa izan baditu ere, eta, are gehiago, INDoren Katastroan (1978) tempranilloko 11 hektarearekin agertzen bazen ere, alegia, garai hartan Plegua aldatu eta gero JIan sartu ziren Errioxako beste herri batzuek baino askoz gehiagorekin.

Ardoaren paisaia

TXAKOLINAREN hiru JIen sorrerak gauza asko erakutsi dizkigu.

2.- Txakolinaren hiru JIetan hainbat adibide ditu Pleguaren murrizketei eta aldaketei dagokienez. Hau da, “Bizkaiko Txakolina” JIa hasieran herri jakin batzuetara zegoen zabalik, baina 2006an Bizkaiko nekazaritza eremu guztira hedatu zen. Aldaketa erraza izan zen, hain zuzen ere JIaren beraren izenagatik.

3.- Zailagoa izan zen, izenagatik hain zuzen ere, “Getariako Txakolina” JIaren kasua. Getaria eta Zarauzko mahastizain batzuek, gerra ondoren landaketak mantendu zituzten haiek, JI hau sortu zuten laurogeiko urteetan, eta, 2000 urtearen inguruan, inguruko beste herri batzuek (Zumaia, Deba, Orio, Hondarribia… zeinek mende batzuk lehenago txakolin asko ekoitzi baitzuten) JIan sartzeko eskatu zutenean, Kontseilu Arautzaileko kideek hasieran ezetz esan zuten, logikoki, euren interes pertsonalak eta kolektiboak defenditzeko. Horren aurrean, Euskal Administrazioak ezin zuen ezer egin, ezin zen JIaren Pleguaren aurka agertu.  Azkenean (2008), Kontseiluko kideek beraiek, eskuzabaltasun erakustaldi bitxia eginez, eremua zabaltzeko esaldi burutsu bat sartu zuten pleguan arazoa bideratzeko.

Ardoaren paisaia

JIen PLEGUEK Paisaia baldintzatzen dute eta “Arabako paradoxa” bultzatzen dute.

4.- Beste adibide bat “Arabako Txakolina” JIa da. Amurrio-Laudioko txakolingile gutxi batzuek, denen artean hamar hektarea inguru zutelarik, JI berria eratu zuten laurogeita hamarretako bukaeran, baina ez zuten Amurrioren edo Aiaraldearen izena hartu, baizik eta Araba osoarena, nahiz eta eremu babestua Aiaraldera soilik mugatuta. “Arabako Haranetako” inguruko herrietan, horietako batzuetan filoxera iritsi arte txakolinaren tradizio handia izan zelarik, mahastiak jartzera animatu zirenean, horma gaindiezin bat aurkitu zuten, “Arabako Txakolina” JIaren Pleguak ez zien uzten Araban txakolinik landatzen uzten. Eta “Arabako paradoxa” sortu zen: landaketen liberalizazioaren eta Ingalaterran ere mahastiak landatzea ahalbidetzen duen klima aldaketaren garaiotan, Gipuzkoa, Bizkaia edo Nafarroako inguruko nekazaritza lurretan mahastia landatu daitekeen garaiotan, aurkitzen dugu Arabako zatirik handienean ezin dela txakolinik landatu: iparraldean ez dira Arabako Txakolina, eta hegoaldean ez dira Arabako Errioxa. Bistan denez, Izendapenen Pleguek Arabako Paisaia osoa baldintzatu dezakete.

Eta, argi ibili, JI batean sartzen den lurraldea arazorik txikiena baita; Pleguan dozenaka betekizun daude eta, ongi neurtzen ez badira, ustekabeko tranpa bihurtzen dira, gehienezko errendimenduei edo gutxieneko graduazioei buruz hitz egin dugunean esan bezala.

Ardoaren paisaia

FORU PASE zaharraren filosofia irtenbidea izan daiteke Eskualdearen arazo batzuetarako.

Laburbilduta: Plegua oso-oso agiri garrantzitsua da, eskualde baten edo Lurralde Historiko baten etorkizuna markatzen baitu.  Errioxan pleguak aldatzeko eta erredakzio berriak egiteko unean gaude. Hauxe Foru Aldundian oso adi egoteko garaia da, komak aldatzeko proposamen bakoitza ebaluatzeko eta xehetasun guztiak ongi aztertzeko, mahastizain guztien mesedetan izan dadin.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*