Arabako Errioxako mahastien atlasa (II)

Eskuernaga: bere izenarekin eta historiarekin berrelkartu zen herria

(Iñaki Perez Berrueco alkateari eta Eskuernagako bizilagunei eskainitako artikulua)

Hainbeste mahasti, olibondo eta arte, Arabako Errioxan ahaztu egiten zaigu paisaiaren osagai minoritario eder horretaz hitz egitea: Mendilerroko ipar isurian hain ugari diren harizti txikiak, herabeki hegoaldera igarotzen direnak, lekurik “fresko” eta laiotzenetan haziz.

Miguel Larreina Gonzalez*

Haritz zerrenda handia Arabako Errioxa-Sonsierrako goi kotetan.

Bertan zerrenda kaduzifolioa osatzen dute, mendilerroko erdialdeko kotetan (700-900 metro), baina, ustekabean, askoz beherago ere ageri dira batzuk (550 metro inguruko altitudean), basotxo berezi batzuetan, zeinak Erdi Aroko birpopulatzaileak zalantzarik gabe nabarmendu zituen toponimian. Harizti horietako bat orain dela milaka urte kokatu zen Villabuenako barrutian, eta zerikusi handia izango zuen herri honen historiarekin.

Sarrera honen arrazoia herriaren izenaren aldaketak dira (Villaescuerna, Villabuena, Villabuena del Monte, Villabuena de Alava, Uriona, Eskuernaga), eta pixka bat luzatuko naiz, mota guztietako ondorio baliagarriak atera daitezkeelako.

Ustekabean haritz baso txikiak agertzen dira askoz kota baxuagoetan.

1094. urteko aipu hura aztertzen hasiko naiz: “Garcia y Sancho Fortuniones de Villaescuerna dan su parte del Monasterio de S. Felix de Abalos al Monasterio de S. Millan”; izan ere, garaiko beste agiri oso garrantzitsu batek, Becerro Galicanok, antzinako herrixkaren izena “VILLAESCORNA” idatzi zuen.

Lehenik eta behin, azpimarratzen dudana aipamenak “Fortuniones” aipatzen dituela, XI. mendearen erdialdeko Iruñeko erresumako noble garrantzitsuak, Nafarroa osoan jabetza ugari zutenak, baita Sonsierran ere. Aberatsen artean ohikoa zenez, hil baino pixka bat lehenago, Monasterioko monjeei utzi zieten euren haziendaren zati bat, zerua irabazteko. Aipamenak “Fortuniones de Villaescuerna” dio, eta, beraz, bertan biziko ziren azken urteetan.

Villaescuerna ustiategi errustiko txiki bat izan zen Goi Erdi Aroan.

Bigarrenik, “villa” hitzari errepartu diot, Erdi Aroan kontzeptu horrek ustiategi errustikoaren esanahia baitzuen, mende batzuk geroago hartu zuen esanahiak ez bezala. “Txikiarena” datu demografiko interesgarriek frogatzen dute, zehazki, Villaescuerna herrian, XIV-XV. mendeetan dozena bat familia zirela esaten baitute. Era berean, beste Villabuena batzuei erreparatzen badiegu, txikiak direla ikusten dugu: Villabuena del Puente (Zamora), Villabuenas de Gata (Caceres), Villabuena de Soria, Villabona Gipuzkoan eta Asturiasen, Kataluniako Vilabonak, Galiziako Vilaboak, are Villabuena de Salvatierra desagertua ere.

Hirugarrenik,hitz gakoa aztertuko dut: eskuerna edo eskorna, zeinaren jatorri euskalduna defendatzen dudan. Jarrai dezagun arboletan aditua den Euskaltzaindiko Manuel Urrestarazurekin: berak ESK haritzarekin identifikatzen du, eta kontuan hartu behar dugu badirela beste toponimo batzuk Sonsierran “ezkur” dutenak esaterako, Ezkurtza, eta ezkurrak bizkaitar euskalki zaharrean arbola ere esan nahi zuela.

ESCUR/EZKUR hitzak arbola eta ezkur esanahi bikoitza izan zuen.

 Gure Mendilerroaren beste aldean, non haritza oso emankorra den, ugari dira “ezkur” duten toponimoak: Escurba (Lagran), Escurgacha (Apellaniz), Escurribia (Korres), Escurzubea (Saseta), Escuza… Huescako Pirinioetako harizti leku batean Escuer izeneko herri bat ere badago, eta horrek nire hipotesia bermatuko luke, izan ere, euskal-aragoitar toponimian ESCUtik eratorritako izenak ageri dira: Escun, Escue, Escubizal, Escuain, Escuach, Escaran.

Orain, irakurleak gonbidatzen ditut 1000. urte inguruan bertan kokatzeko asmoz iparraldetik etorri zen familia batek ikusi zuen Villaescuernako paisaian pentsatzera: eremu idor batean harizti bat ikusi zuen, puntu horretan hezetasun handiagoa zegoen seinale, bertan hainbat errekasto elkartzen baitziren. Antzera gertatuko zitzaion Sonsierran bertan, baina pixka bat mendebalderago, arte baso bat ikusi zuen familia hari, eta Artaxona izendatu, edo ekialdean ezki baso bat ikusi zuenari, Ezkide delakoa.

Villabuena de Alavako gaur egungo toponimiak hariztiak aipatzen ditu oraindik ere.

Finean, konbentziturik nago “Eskuerna” euskal hitza dela, harizti esanahiarekin, edo, behintzat, “arboladi” esanahi generikoagoarekin. Oraindik ere, milaka urtez basoa suntsitu eta gero, Villabuena ondoan haritz zahar eta ederrak daude, baita bi hariztiren hondarrak ere, bata herriko “Regollar” izeneko lekuan, eta bestea “Roble” izenekoan, nire proposamena indartuz. Villaeskuerna gaztelaniazko Villarobledoren euskal bertsioa litzateke.

Mahastiak hariztia lekutu zuen Villabuena, Leza, Guardian…

Beste zera batzuek ere indartzen dute Eskuerna toponimoaren euskaltasuna. Esate baterako, frogatuta dago lurralde hauek Iruñeko erresumako biztanleek birpopulatu zituztela, X-XI. mendeetan, eta haiek gehienbat euskaraz egiten zutela. Eskuernagako mendebaldeko bizilagun Abalosen eta San Vicenten oraindik ere dagoen euskal toponimia ugariak erakusten du euskara ez zegoela “eskuernatarrengandik” urrun.  Villaeskuernatik 5 kilometro baino gutxiagora euskal izen zalantza ezinezkoa duten herriak fundatu ziren, Artaxona mendebaldean, Murriarte eta Liorro iparraldean, Leza eta  Navaretas ekialdean. Inguruko larre eta ibaietan (5 km baino gutxiagora), ardiek eta zerriek jan-edaten zuten lekuetan, euskal toponimiak irauten du: Urdate, Zabala, Laiaza, Sorrondo, Muga, Langiz, Regoyos, Larriba, Rozanco.

Villabuena ondoan oraindik haritz ale batzuk geratzen dira.

1669. urteko agiri batek ere frogatzen du Eskuernagako euskal toponimia, Samaniego-Villaescuerna mugez ari delarik “Liorriko San Andres ermita” aipatuz: Liorra , lehorra, eta horixe da hain zuzen ere leku hori, eta horregatik alde egin zuten bertako biztanleek. Dokumentuan, San Martinen ermita kokatzeko, bi termino guztiz euskaldun ematen dira, berako geografiari lotuta, “después del término de BARRUNTE y antes de llegar al lugar de URRUPERIZ”. Lehen toponimoak desitxuratuta iraun du (ibar ondo), eta bigarrena galdu egin da, eta beharbada ARRUPE ARIZ egon daiteke jatorrian (sakan beheko hariztia?).

Liorroko San Andres herrixka desagertuak euskal toponimo ederra utzi digu.

Urruperiz eta Liorro galdu egin ziren, beste hainbat euskal toponimo bezala, eta beste batzuk guztiz desitxuratu ziren Aro Modernoaren hasieran. Horrenbestez, arroaren ondoko lekuak, “Arrubialde”, azkenean “Rubiales” bihurtu da, ibarrik ederrena (“Ibar ederrena”) “Valdeterrena”,  “Larre goia” “Regoyos”, “Larren” “Renilla”, “Larribe” “Larribas”, arro ugariko lekua (“Arroza”) azkenean “Rozanco” deitzen da

Horrela esplikatzen da jendeak azkenean herriaren izenaren esanahi bera ez jakitea, eta are lotsatzea, jatorrian gaztelaniazko “cuernos” zegoelakoan; alegia, udal agintariek beraiek, XVII. mendearen amaieran, zera zioten: “en atención a que el nombre que esta villa tiene es de mala significación y malsonante  querían y ordenaban que de aquí en adelante se nombre y subscriba con el de Villabuena”.

Villabuena borrokatu egin zen, hobeto edo okerrago, bere izenak historia eta euskaltasuna islatu zezan.

Lehen aipatutako Villabuena guztiak direla-eta nahasmena sortu zitekeela eta, XX. mendean haiek bereizteko lana egin zen, eta horrela sortu zen “Villabuena DE ALAVA”; ondoren, hirurogeita hamarretako urteetan, Biasterirekin gertatu bezala, izen berria itzuli zen, URIONA, eta azkenean, 1996an, Jose Ignacio Besa bezalako borrokalariek izena, benetako historia  eta euskaltasuna berreskuratzea lortu zuten hein batean, ESKUERNAGA izena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira eramateraino.

Jose Ignacio Besa alkateak Eskuernagak esan nahi duen guztia lortzeko lan egin zuen.

Nola daiteke berreskurapen zail hori lortu eta 21 urteren buruan duela gutxi argitaratutako bi libururen egileek, bertara hurbildu gabe, idatzi izana, batek, Escuerna izena ez dela euskara, eta herria sortu zuen SCORNA jaun alegiazko batetik etortzea, eta besteak esatea Villabuena-Samaniego eskualdea dela Arabako Errioxa bakarra, eta Goi Errioxak ez duela inolako toponimia euskaldunik? Ez al genuke zerbait egin behar, alkate jauna?

 

*miguel.larreina@gmail.com

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*