Ados. Oraintxe ulertzen dut guztia

Atlantako senar-emazte iparramerikar batzuek etxea erosi dute Villabuenan.

Lagunak AEBtik bisitan datozkienean, egiten dieten lehen galdera da ea zergatik bizi diren Madrildik hain urrun. Ondoren, Arabako Errioxara iristean, ederki ulertzen dute zergatik aukeratu duten Davidek eta Jessicak Villabuena bigarren bizilekutzat, 50etik gora herrialde ezagututa.

JESSICA eta David, Villabuenako etxean duten balkoian.

Ipar Amerikako Air Lines konpainiako David Gluck hegazkin pilotua eta Jessica Gluck haren emazte dekoratzailea 90eko hamarkadan maitemindu ziren Espainiaz, Cadizen bizi zirenean. Hantxe ezagutu zituzten Espainiako ardoak. Errioxa sor markakoak zituzten gogokoen. Beraz, bidaiari petoak izanda, ez da harritzekoa ardoak sortzen dituen lurraldea ezagutzera etortzeko gogoa piztea.

IPAR Amerikako bikotea, etxe berriko mahats parra baten pean.

Davidek telefonoz adierazi dit non dagoen euren etxea. Dena den, behin herrian, Villabuenako elizaren alboan egonda, David eta Jessicari buruz galdetu diot bizilagun bati.  “Iparramerikarrak? –erantzun dit-. Oraintxe esango dizut zehatz-mehatz non bizi diren”.

Etxera iristean ohartu naiz barnean igeltsero bat dabilela lanean. Eguzki beteko goiza dugu. David eta biok kareharrizko mahai baten bueltan eseri gara, lorategian, berriki landatutako olibondo batzuetatik hurbil. Mahastiak eta upategiak daude inguru osoan. Villabuenak bigarren etxebizitzaren usaina dauka, ardo usaina, abegi onaren usaina… bai eta natura usaina ere.

.- Beraz, Atlantako bi iparramerikarrek Villabuena aukeratu duzue bizitzeko!

Luze samarra da kontatzeko.

.- Zergatik aukeratu zenuten bigarren etxebizitza Atlantatik (6 milioi biztanle dituen Ipar Amerikako hiria, Georgia estatuan) 7.000 kilometrora?

OINEZ, Daviden eta Jessicaren etxerantz.

90etik 93ra bitarte, Jessica eta biok ezkondu berritan, Andaluziara etorri ginen bizitzera, Cadizera. Rotako basean ari nintzen ni lanean, AEBko Armadako pilotua bainintzen garai hartan. Hiru urte igaro genituen Puerto de Santa Marian. Harrezkero, emaztea eta biok maiteminduta gaude Espainiarekin.

.- Nola iritsi zineten Arabako Errioxara?

Duela bost urte hasi nintzen Delta Air Lines konpainiako pilotu zibil lanetan. Munduko hirugarren aire konpainia da, eta bat eginda dago, besteak beste, Air France eta KLM konpainiekin. 2013an, hilean bost bat aldiz bidaiatzen nuen Bartzelonara edo Madrilera.

Esan beharra daukat 90eko hamarkadan Cadizen bizi ginenean, Errioxako ardoak dastatu genituela, eta izugarri gustatu zitzaizkigula. Horiek dira gure ardorik gogokoenak. Eta urteak dira Errioxa ingurura bisitan etorri nahi genuela. Halaxe egin genuen, duela bost urte aurrenekoz. Eta gero, itzuli egin gara… beste bost bat aldiz.

VILLABUENAKO kaleetako bat.

.- Etorri zineten lehenengo aldian, non hartu zenuten ostatu?

Abalosen, oso hotel polita baitago, hamar logeladuna. Behin, Viura hoteleko ardotegira etorri ginen. Villabuenan. Ardotegiko gizonak, Xabik, Jessicari galdetu zion ea zer ardo mota gustatzen zitzaion. Jessicak ardo mota bat deskribatu zion. Eta Xabik ardo kopa bat eskaini zion. Edatean, Jessicak esan zion huraxe zela bere ardorik gogokoena, zein upategitakoa zen jakin ere egin gabe.

.- Zer esan nahi didazu, Arabako Errioxako ardo hark bideratu zuela zuen patua?

Kar, kar, kar. Bai. Xabik esan zigun ardoa Oxerrena zela, Guardian Arabako Errioxako mahastiekin ardoa egiten duen Gernikako gizon batena. Gorantz doan izar bat da.

Hurrengo urtean, Gernikara joan ginen, urriko azken asteleheneko azokara. Tira, 2016an, Atlantako dozena bat lagunekin etorri ginen, Arabako Errioxan zehar bizikletan ibiltzeko asmoz. Ibilbidea egin genuen Arabako Errioxan eta Euskal Herrian zehar. Iazko ekainean, hemen geundela, Jessicak esan zidan Villabuenan salgai zeukaten etxe bat ikustera joango ginela. Eta halaxe aurkitu genuen etxe hau.

ETXEAREN atzeko aldetik, sagarrondoen artetik begiratuta, elizako dorrea ikus daiteke.

.- Etxea alokatu ala erosi egin duzue?

Erosi egin dugu. Orain, barrutik berritzen ari gara. Kanpoan, Villabuenako olibondoak landatu ditugu, ehun urtetik gorakoak, lorategi bikaina prestatzen ari zaigun gizonari esker.

.- Zer da, gaur-gaurkoz, Villabuena eta Arabako Errioxa zuentzat?

Gure bigarren etxea. Asko gustatzen zaigu bertako jendea. Hain da horrela, Villabuenara gatozen bakoitzean, lagun berri bat egiten dugula. Eta aldiko abentura berezi bat bizi izaten dugu. Esaterako, jendearekin hizketan zaudela, halako batean, Frias del Val anaien txokora gonbidatzen zaituzte afaltzera.

.- A! Ezagutzen ditut anaia horiek; bietako bat Gabriel Frias da.

Bai, hori da. Gabi.

.- Arabako Errioxako Upategien Elkarteko (ABRA) presidentea da.

A bai? Gabi? Eneee! Ederki, bada! Gizon bikaina da. Beti gertatzen zaizkigu horrelako gauza zoragarriak. Aurpegi berri asko daude guretzat, eta guztiak dira benetan atseginak.

TOLOÑO mendilerroaren azpian ezagutzeke ditugun ezusteko atsegin ugari daude azaltzeko.

.- Delta Air Line konpainiako pilotu ari zara oraindik, ezta?

Bai, eta ahal dugunean etortzen gara hona. Nire lanari esker, hegan etorri bainaiteke honaino. Urtean gutxienez sei bat aldiz ibiltzen gara Atlantatik joan-etorrian.

.- Izan ere, Atlanta duzue bizitoki nagusi.

Bai, bai… baina baliteke etorkizunean, erretiratzean, askoz ere denbora gehiago igarotzea hemen. Zergatik ez? Benetan toki zoragarria da eta.

.- Zer diote zure lagunek hona etortzen direnean?

Jessicak eta biok esaten dugun gauza bera: Arabako Errioxa mundu oso bat dela, baina txikian. Landakoa da, bai; baina ez Estatu Batuetan gertatzen den bezala. Landakoa izateaz gainera, aldi berean, kosmopolita baita. Eta zer esanik ez janariaz, edariaz, ardoaz, jendeaz… Parerik ez duen txokoa da!

.- Nola da, orduan? Lehenengo jana, gero ardoa, eta, azkenik, jendea?

Jendea lehenengo. Bai. Gero, jan-edana pare-parean… Begira, badator Jessica.

“Kaixo!”, dio berak lorategiaren beste aldetik, gugandik 15 bat metrora dagoela. Plater bat dakar, gazta, ogia eta txorizoa dituena, bai eta ur pitxer bat ere, limoi zatitxoekin.

.- Hello, Jessica!, erantzun diot nik.

“Janaria eta bizimodua, elkarrekin hartuta, Espainiako beste edozein txokotan baino hobeak dira hemen”, ziurtatu du Davidek.

.- Hau zer da, paradisua? Jessica, the paradise?, esan diot gugana iritsi denean.

“Yes. Bai. Halaxe da!”, erantzun du berak, irribarrez.

.- Mahastiz inguratuta, mendilerroa atzean, Villabuena herriaren ikuspegi ederrez gozatzeko moduko muino honetan, gaur bezalako maiatzeko egun eguzkitsu batean, 19 graduko tenperaturarekin, eta berriki birlandatutako olibondoen alboan…

IZILAGUN berriak, etxeko lorategian birlandatu duten olibondo baten alboan.

“Etxea neuk aurkitu nuen. Kar, kar, kar. Baaaiiii!”, dio Jessicak, pozez zoratzen.

“Bi seme ditugu. Batek 23 urte ditu, eta besteak, 25. Datorren astean etorriko dira hona –esan du Davidek–. Iazko ekainean hotelean izan ziren gurekin, eta inguru honetan ibili ginen hiru egunean.  Ez dakigu egiazki zer pentsatuko duten. Orain itzuliko direnez, ea zer dioten etxeari buruz.

.- Zeu bezalako pilotu batek herrialde ugari bisitatuko zituen…

Bai, bai. Asko. Munduko 50etik gora herrialde. Gure semeak ere halaxe ibili dira. Bat Espainian jaio zen, eta bestea, Ingalaterran. Bi-biek daukate, ordea, iparramerikar herritartasuna.

.- Egongo da esango duenik nola den posible, munduko zeinahi txoko aukeratzeko moduan egonda, Villabuena aukeratu izana. Zer izan da, maitasun kolpe moduko bat?

ETXEAREN alboko lursail hau ere erosi dute, egunen batean mahasti bihurtzeko asmoz.

Biek egin dute barre, eta Davidek erantzun du. “Benetan eroso gaude hemen. Sentimendu holistiko bat da, erabatekoa. Hainbeste gauza dira… ez da batere erraza dena azaltzea. Eta sentitzen dugun hau guztia ohikoa da hemen. Ez, ordea, guretzat. Guretzat oso berezia da”.

.- Nola kontatzen diozue, AEBn, Espainia ere non dagoen agian ez dakien jendeari Arabako Errioxa zer den?

Lehenengo mahastiez hitz egiten diet. Hemen mahastiak, mahastiak eta mahasti gehiago daudela. Mahasti handiak zein txikiak. Eta mikroklima ederra. Iritsi, eta eskualdeak “kaixo” esaten dizu. Mendilerrotik harago, lainotuta egongo da agian, baina Arabako Errioxara iritsi, eta zerua urdin egoten da. Aurten otsailean etorri gara, neguko bi hilabete igarotzera.

Otsailean, Jessicaren senitarteko batzuk etorri zitzaizkigun bisitan. Madrildik autobusean etorri ziren. Bidaian zehar, euren buruari galdetzen omen zioten zergatik biziko ote ginen Madrildik hain urrun. Baina Arabako Errioxara iritsi zirenean, gizonak esan zigun: “Ados. Oraintxe ulertzen dut guztia”.

Barre egin du Jessicak, barre errazekoa da eta.

“Paradisu txiki bat da”, esan zigun, azkenean, Jessicaren lehengusu iparramerikarrak.

.- Eta, egiazki, nolakoa da hemengo jendea?

Hemen ditugun lagunak berez dira atseginak. Ondo sentiarazten zaituzte. Eta etxea erosi genuenean, agerian geratu zen hemengo jendea zintzoa dela. Guretzat balio handiko ezaugarria da hori.

Lagun bat dugu Bilbon, Jon, haurrei euskara irakasten dabilena. Bera da gure bizikleta gidaria. Jonek dio tabernetan, jendeak barratik aukeratzen eta hartzen dituela pintxoak, eta, gero, ordaintzean, zerbitzariari esaten diola zenbat pintxo jan dituen. Hemen, Euskadin, daukazuen balio bat da hori.

.- “Euskaldunaren hitzari” eusten diozue. Elkarri eskua eta hitza emanez, akordio bat egin genezake.

“Horrelako ezer pentsaezina da Estatu Batuetan”, dio Jessicak.

.- Eta esango banizue etorkizunean lurra erosiko duzuela mahasti bat jartzeko?

Dagoeneko badaukagu! Kar, kar, kar. Erosi dugu lurra jada! 0,3 hektarea lursail erosi dugu, mahasti bat jartzeko asmoz, eta, era horretan, egunen batean, geuretzat ardoa egiteko asmoz. Datorren urtean garnatxa eta tempranillo barietateak landatuko ditugu. Oxer adiskideak lagunduko digu horretan.

EUREN bigarren etxeko lurrez inguraturik, Atlantatik 7.000 km-ra.

.- Ba al duzue izenik jaiotzeke dagoen eta zuen “hirugarren haurra” izango den ardo horrentzat?

Barre egin dute biek.

Plan asko ditugu –zehaztu du Davidek–. Egunen batean, webgune bat sortu nahiko genuke Interneten, gure etxea denbora batean alokatzeko: gu Atlantan gauden bitartean, urteko aste batzuk, adibidez. Eta litekeena da etorkizunean iparramerikarrekin bizikleta birak ere antolatzea. Horixe da nire zaletasunetako bat. Jessicak zaletasuntzat janaria eta abegi ona dituen bezalaxe. Gure lagun batzuek zikloturismo enpresa bat daukate Bartzelonan. Eta bizikletan ibiltzeaz gainera, Bilbo eta Donostia ere erakutsiko dizkiegu.

.- Zuen bizitzako oso une berezian zaudete, ezta? Etxe berria apaintzen eta proiektuz josita.

Bai. Udan Atlantako beste lagun batzuk etorriko dira Bilbora eta Donostiara, eta handik, Villabuenara etorriko zaizkigu.

DAVID eta Jessica, Villabuenako etxeko egongelan.

.Arabako Errioxako gure enbaxadore bihurtuko zara.

Bai! Gustatu zait esan didazuna. Arabako Errioxako enbaxadore izango naiz iparramerikarrentzat, eta doan egingo dut lan! Kar, kar, kar.

.-Eskualde osoa eta bertan dauden altxor guztiak ezagutzen al dituzue?

Bilar ezagutzen dugu, baita hango trikuharria ere. Guardia, eta hango Erregeen Andre Mariaren eliza; olio errotak ere ezagutzen ditugu… Eta baita San Vicente de la Sonsierra eta Viana ere. Behin izan gara han.

SORGINAREN Txabolako trikuharria, Bilarren, 1936an J.M. Barandiaranek esploratu zuena.

.- Norbaitek esan al dizue hautagaitza bat dagoela martxan, UNESCOk Munduko Ondare izendatzeko Arabako Errioxa eta Errioxa?

Ez nekien, baina zalantzarik gabe, benetan garrantzitsua da hori! Irakurri dudana da abiadura handiko tren bat egin nahi dutela mahasti ingurune honetan… Eta zuri zer iruditzen zaizu Arabako Errioxa?, galdetu dit Davidek bat-batean.

Arabako Errioxak historia eta historiaurrea ditu. Nekazari eta ardogileen hainbat eta hainbat belaunaldik lur pribilegiatu baten ikuspegia aldatu dute, mahastiak eta milaka urteko olibondoak landatzeko (horiek hain ezagunak ez izanagatik). Ardoaren aberastasunari esker, 25 urtean izugarrizko jauzia egin duen txokoa da. Hainbestekoa izan da jauzia, Atlantako iparramerikarrak ere badatozela bigarren etxebizitza bat bertan edukitzearekin amestera.

Davidek eta Jessicak barre egiten dute. Plazera izan da gazta, txorizoa eta limoi ura beraiekin partekatzea. Eta hain kutsakorra den barrea entzutea.

Hizketan jarraitu dute. Esan didate euren etxean izan dela Juanillo Berrueco, zinez ederrak diren olibondoak landatzen dituen uzta biltzailea.

VILLABUENAKO mahatsondoak, 45 upategi dituen herriaren inguruan.

.- Ardoa eta olioa. Besterik eska al liteke?, esan diet.

Elkarri begiratu diote, pozez.

.- Tira… maitasuna eta adiskidetasuna faltan ez izatea ere eska genezake.

“Yeah”, dio Davidek. “Guri iruditzen zaigu, gainera, eremu honek baduela bestelako bizimodu bat, eta oso bizia dela; izan ere, bada dioenik herriak hil egiten direla bertan gazterik bizi ez bada. Ez dakit norantz joko duen Villabuenak…”.

“Espainian eta –iruditzen zait– mundu osoan, herri asko ari dira geratzen bizilagunik gabe. Gazte jendeak nahiago baitu hirietan bizi. Alabaina, eskualdeko herri hauek aurrera egiteko moduko tokiak dira, non bestelako bizimodu baten aldeko apustua egin daitekeen. Zuek ikusi duzue hala dela. Gure gazteek ere ikus dezakete. Ea zer gertatzen den”.

Eta justu une horretantxe, “Ea zer gertatzen den” esatean, Villabuenako elizako dorreko kanpainak jo du, eguerdiko ordu bata dela adieraziz. Kasualitatea… badirudi aurreko paragrafoko azken lerroak desio on bat direla.

“Nire ustez –dio Davidek–, hemen bada negozio onak gurasoen eskuetatik seme-alaben eskuetara lekualdatzeko aukera.  Kalifornian, berriz, hori ez da posible. Hemen prezioak onak dira. Eta kalitateari/prezioari erreparatuta, Arabako Errioxako ardoa merkea da, zeinen ona den kontuan izanda”.

.- Erronka izango da Arabako Errioxako ardoak munduan saltzea, botila 20tik gora dolarrean edo gehiagoan.

Villabuenan gaude –jarraitu du Davidek–, non, proportzioan, biztanleak baino upategi gehiago dauden. Berrogeita bost upategi, alajaina! Ez al da zoragarria?

Estatu Batuetan espainiar ardoak ezagun egiten ari dira daukaten kalitateari eta prezioari esker –ziurtatu du Davidek–. Nire ustez, Arabako Errioxako ardo ondua edatean, altxorra daukagu kopan. Kaliforniako ardo bat eskatzen duzunean, aldiz… marketin ugari dago tartean. Gure ardoetan, Frantziakoetan edo Italiako batzuetan, ordea, kalitatea bermaturik dago.

GUARDIAKO arkupea, eskualdeko altxor ugarietako bat.

Jessicari begiratu diot, hark ere hitz egin dezakeela adierazteko, baina Davidek esan dit Jessicaren gaztelania ez dela oso ona. “Bitxia badirudi ere, nik baino gehiago ulertzen du, baina nik hobeto hitz egiten dut, gaztelania ikasi bainuen haurra nintzenean, Bostongo eskola batean”.

Eta Davidek esan digu Bostonen jaioa dela bera; Jessica, berriz, Rhod Islanden, AEBko estatu oso txiki batean. Atlantan ezagutu zuten elkar, unibertsitatean.

David pilotu egin zen. Jessicak, bestalde, eraikinen barne diseinua ikasi zuen.

.- Jessica, Villabuenako etxe berri honetan duzu erronka orain.

Bai. Oraintxe erakutsiko dizugu barrutik. Goazen!

David eta Jessica ezusteko atseginez jositako kaxa bat dira, zorte kaxa bat. Izan ere, Daviden abizenak horixe esan nahi du alemanez: “Zortea”. AEB kostatik kostara zeharkatu du bizikletaz (4.800 km), lagun batzuekin batera, minbiziaren aurkako borrokarako dirua biltzeko.

DAITEKEENA DA David eta Jessica Glucken etxeak “Etxezazpi” izena hartzea azkenerako…

Munduko 50etik gora herrialdetan izan dira. Eta bidaldi hori egin ondoren, gure lurraldea aukeratu dute. Kontxo! Antza, ez gabiltza gauzak hain gaizki egiten!

“Ardoa egingo dugu geuretzat. Ez daukat nekazaritzari edo enologiari buruzko ideia handirik, baina norbaitek lagunduko digu, Arabako Errioxan jakinduria handia daukazue eta”.

Eta hori guztia gutxi balitz bezala, bada azkeneko ezusteko atsegin bat. Galdetu dute ea nola esaten den euskaraz “casa” eta “siete”. Etxeari izena jarri nahi diotelako hasi dira hori galdetzen. Beraz, “Etxezazpi” edo antzeko zerbait izango da. AEBn zazpia baita zorte onaren zenbakia.

Zortea, bai Villabuenak bai Arabako Errioxak izan dutena, gai izan baitira ardo onen, janari gozoaren eta jende jatorraren zaleak diren bi iparramerikar munduaren beste muturretik honaino erakartzeko.

Iruzkina idatzi

Zure e-posta helbidea ez da inoren ikusgai izango. Bete beharreko eremuak  *
*
*